euskaraespañol

César San Juan Guillén

Familia barneko indarkeria: birusaren beste albo ondorioetako bat

Irakaslea Gizarte Psikologia eta Portaera Zientzien Metodologiako Sailean

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2020/03/21

César San Juan Guillén
César San Juan Guillén. Argazkia: Nagore Iraola. UPV/EHU.
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Gure hirietako kaleak hustu dituen alerta egoerak ezusteko inpaktu kriminologiko bat izango du. Badaude aurrekari batzuk, adibidez, Washingtonen 1965eko abuztuaren 15ean izan zen delinkuentziaren beherakada nabarmena, bat etorriz The Beatles-en Shea Stadiumeko kontzertuarekin. Inork ez zuen galdu nahi izan. Ezta delitugileek beraiek ere. Baina zer gertatuko da etxeetan?

Iritzi publikoak edota erreferentzia zientifiko espezializatuek kontzeptuen katalogo zabal bat sortu dute izendatzeko familiaren barruan edo afektuzko harremanetan gertatzen diren indarkeriazko ekintzak. Genero indarkeria, etxeko indarkeria edo bikotekidearekiko indarkeria erabiltzen dira, etiketa bakoitzaren xehetasun semantikoak aintzat hartuz, harremanetako asimetria, jokabide-eszena edo kriminaltasunaren rol maskulinoa izendatzeko.

 

Etxe berean bizi diren taldeen arteko indarkeria

Familia barneko indarkeria terminoaren erabilera ere ohikoa da, “familia” gisa hartzen den egoeretan ematen baitira aipatutako jokabide desegokiak, “familiaren” definizioa edozein dela ere. Aitzitik, artikulu honetan jorratu nahi ditugu, zehazki, etxe berean bizi diren banakoen taldeko inguru sozialean gertatzen diren jokabide arduragabeak, botere abusua edo indarkeriazko jarrerak (psikologikoa, fisikoa edo sexuala).

Ildo horretan, bizikidetza unitate batzuetan indarkeriazko dinamika kroniko edo multilineala ezartzen den arren, guk arreta jarriko dugu, emakumeetan ez ezik, biktima zaurgarrienetan, hau da, adingabeetan eta mendeko adinekoetan.

 

Ikusezintasunaren arriskua

Bi kolektibo horien aurkako indarkeriari dagokionez, nahitaez salatu beharreko alderdi bat aurkitu dugu: ikusezintasuna. Emakumeen aurkako indarkeriaren kasuan zifra beltz onartezin bat dagoen arren, agerikoa da fenomeno horren alde bozgorailu lanak egiten dituela mugimendu feministak, zorionez. Adingabeek eta mendeko adinekoek, aitzitik, ez daukate bozeramailerik, ez gizonezkoak ez emakumezkoak, biktima horietako asko neskatoak eta adineko emakumeak izan arren.

Adingabeei dagokienez, beldurrak, erru sentsazioak eta adinak inpaktua du ikusgaitasun faltan. Adinekoen kasuan, fenomenoa ia ikusezina da ez dagoelako tratu txarren benetako dimentsioaren gaineko erregistrorik edo estimaziorik, ez eta salaketa askorik ere, biktimen beren kabuz mugitzeko ezgaitasunagatik eta sinesgarritasun txikia eman zaielako.

 

Adinekoekiko tratu txarrak

Adineko pertsonekiko tratu txarren faktoreetako batek gure kulturarekin du zerikusia. Izan ere, gizarteak irudikatu ditu ezertarako balio ez duten edo balia ezin diren pertsona moduan. Kargatzat ikusten ditugu; beraz, ez da harritzekoa tratu txar ohikoena abandonua eta zainketa falta izatea. Pentsaera horren adibide bat une hauetan ikus dezakegu: zenbait hedabidek baikorrak izatera eta lasai egotera animatzen gaituzte adinekoak direlako koronabirusaren biktima nagusiak.

Asko aztertu ez den beste arrisku faktoreen bloke batek lotura du testuinguruarekin eta espazio fisikoarekin. Etxearen okupazio dentsitate handiak estresa eragiten du eta eguneroko elkarreraginetan tentsioa agertzea errazten du. Hala, Espainian deklaratu duten alerta egoeraren ondoriozko konfinamendua gehiago luzatuz gero, egoera asko okertuko da etxebizitzan baldintza desegokietan bizi diren pertsonentzat (adibidez, espazio erabilgarria, pribatutasuna, kutsadura akustikoa edo muturreko tenperaturak).

 

Alkohola, baimenik gabeko sexua, abusuak...

Egoera askoz okerragoa izango da etxe horietan, gainera, abusuak, mehatxuak, baimenik gabeko sexua edo gehiegizko alkohol kontsumoa badago. Ondo legoke alerta aldi honetan, runnerak salatu ordez, familia barruko indarkeria gertakari posibleak identifikatzen laguntzea.

Zoritxarrez, emergentzia sanitarioak iraun bitartean horren intzidentzia handitzea espero da.