euskaraespañol

Eguneko irudia

UPV/EHUk COVID-19aren arduradun izendatu du Miren Basaras mikrobiologoa

COVID-19 Zaintza Batzordearen kudeaketa bere gain hartuko du. UPV/EHUko batzorde horrek koronabirusak Unibertsitatean sor ditzakeen ondorioak kontrolatuko ditu

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2020/09/24

Miren Basaras, UPV/EHUk COVID-19aren arduraduna. Argazkia: Jorge Navarro. UPV/EHU

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak ontzat eman du COVID-19aren arduradunaren kargua sortzea, eta Miren Basaras irakasleak hartuko du ardura hori. Izendapen horrekin, Mikrobiologiako doktoreak bere gain hartuko du COVID-19 Zaintza Batzordearen kudeaketa. Erakunde hori UPV/EHUren parte izango da eta koronabirusak Unibertsitatearen eguneroko bizitzan sor ditzakeen efektuekin lotutako koordinazio, aholkularitza, informazio, jarraipen eta kontrol lanez arduratuko da.

Unibertsitateko kolektibo guztietako ordezkariek hartuko dute parte COVID-19 Zaintza Batzordean (ikasleak, irakasle eta ikertzaileak, administrazio eta zerbitzuetako langileak, campusetako errektoreordeak, Irakats Plangintza eta Ikaskuntzaren Jarraipen Batzordeko burua, Campus Arteko Segurtasun eta Osasun Batzordeko Burua eta Lan Arriskuen Prebentzio Zerbitzuko burua).

Horrez gain, UPV/EHUk zaintza batzordeak jarri ditu martxan fakultate, eskola, ikerketa zentro eta campusetako gainerako eraikin guztietan, baita Miguel de Unamuno Ikastetxe Nagusian ere. Batzorde horiek guztiak koordinatuta egongo dira COVID-19 Zaintza Batzordearekin.

Esan bezala, UPV/EHUk Basaras doktorea COVID-19aren arduradun izendatu du eta hainbat batzorde sortu ditu; hala, erantzuna ematen die Unibertsitate Ministerioak abuztuaren 31n unibertsitate komunitateari eginiko gomendioei, zeinen helburua baita 2020-2021 ikasturtea presentzialtasun egokitu batera moldatzea.

Miren Basarasek esperientzia handia du COVID-19aren aurkako borrokan. Biologia Zientzietan lizentziatu zen UPV/EHUn eta doktoregoa ere bertan egin zuen. Orain, Mikrobiologiako irakasle titularra da eta eskolak ematen ditu Medikuntzako Graduan, Mikrobiologia eta Osasuna Masterrean eta Mikrobiologia Doktoregoaren programan. UPV/EHUko Agente Biologikoen eta Genetikoki Eraldatutako Organismoen Ikerketetarako Etika Batzordeko buru eta kide izan zen, eta gaur egun Mikrobiologia eta Osasuna elkarteko idazkaria da. Horrez gain, Espainiako Gaixotasun Infekziosoen eta Mikrobiologia Klinikoaren Sozietateko Txertoen Ikerketa Taldeko kide da (lehenago bertako presidentea ere izan zen). Bere ikerketa lerroaren ardatza giza infekzioa da, hauekin guztiekin erlazionatuta: sexu transmisioko infekzioak, antimikrobianoekiko erresistentzia, birologia klinikoa eta txertoak.

M. Basaras: «(...)Unibertsitate komunitatearen barruan pandemiarekin lotuta sor daitezkeen zalantza guztiak erantzuten saiatuko naiz»

Miren Basaras irakasleak ilusioz eta arduraz heldu dio kargu berriari. Bere hitzetan, “hiru campus eta ikastegi, atal eta eraikin ugari daude UPV/EHUn, eta, hortaz, erronka handia da bertako egoera epidemiologikoa ezagutzea eta koronabirusa eraginkortasunez eta azkar kontrolatzea. Funtsezkoa da edozein agerraldiren aurrean erabakiak azkar hartzea, birusa unibertsitate ingurunean ahalik eta gutxien transmititu dadin. Horretarako, osasun agintaritza eta zerbitzuekin koordinatuta egongo gara une oro. Horrez gain, ikastegi eta ataletako zuzendariei edo eraikinetako arduradunei aholkularitza ematen saiatuko naiz, bizi dugun osasun larrialdiko egoera honetan hartu beharreko neurriei dagokienez.

Mikrobiologoa horren iritziz, “Unibertsitatea gizartearen parte da. Jende asko bertaratzen da unibertsitatera, hasi langileengandik eta ikasleengana arte, eta askotariko adin tarte eta egoeretan daude; horrenbestez, gure inguruan hainbat kasuistika dituzten infektatuak eta gaixoak izango ditugu: batzuek ez dute sintomarik izango eta beste batzuk, berriz, larriago egongo dira. Gainera, pertsona kalteberak ere badaude, eta horiek babestu egin behar ditugu, gaixotzeko arrisku handiagoa baitute”.

Bestetik, Basarasek azpimarratzen du: “unibertsitate publikoa garen heinean, funtsezkoa da etxean isolatuta edo koarentenan dauden ikasleek ikasten jarraitu ahal izatea, modu ez-presentzialean. Ahal den neurrian, unibertsitate komunitatearen barruan pandemiarekin lotuta sor daitezkeen zalantza guztiak erantzuten saiatuko naiz".

"Horretarako, azaltzen du, COVID-19aren arduradunak egongo dira ikastegi, atal eta eraikin guzti-guztietan, eta denon artean ahalegina egingo dugu biltzen ditugun datuak ahalik eta zehatzenak izan daitezen”.