euskaraespañol

Eguneko irudia

UPV/EHUk STEAM hezkuntza sustatzen du

Hurrengo ekimena Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskolan izango da, eta arte lanak egingo dira elkarlanean

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2021/08/13

‘Taller Cubos y Colores’ ekimen izenekoan, Bilboko Hezkuntza Fakultateko ikasleak. Argazkia: UPV/EHU.

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskolak eta Bilboko Hezkuntza Fakultateak UPV/EHUko WebLearner ikertaldearekin batera dihardute proiektu hauetan: ‘STEAM hezkuntza eskolan’ eta ‘Jakintza partekatuaren sorkuntza unibertsitatean: Maker espazioak STEAM hezkuntza sustatzeko’.

Ekimen horien bidez aztertzen da nola ezarri STEAM hezkuntza Maker mugimenduaren barruan. Horretarako, maila goreneko bi artelan aukeratu ziren, Sol Lewitt artista kontzeptualaren ‘Wall Drawing 413’ eta ‘Incomplete Open Cubes’, STEAM proiektu ideal gisa. Prozesuan identifikatzen dira Arteak, eta STEAM orokorrean, ikasgeletan txertatzeko dauden oztopo, irtenbide eta orientabide orokorrak.

Ideia horiek ezartzeko ikasgelak Maker Spaces bihurtzen dira, non ikasleak elkarlanean aritzen diren, ideiak sortzen dituzten, eta proiektuko tresnak zein materialak probatuz eta erratuz ikasten duten. Errenazimenduko tailerren antzekoak dira, maisuak eta ikastunak elkarrekin aritzen ziren toki haien antzekoak.

Lehenengo ekimenean, ‘Taller Cubos y Colores’ izenekoan, Bilboko Hezkuntza Fakultateko ikasleek hartu zuten parte, Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskolako Enpresen Mintegian.

Hurrengo tailerra

Wall Drawing 2021.Monaco’ Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskolan egin den lehenengo instalazio artistikoa da, eta UPV/EHUko WebLearner ikertalderen laguntzaz eraman da aurrera.

Proiektu hauek tokiko erakundeekiko lankidetza sustatzen dute (unibertsitateak, eskolak, museoak, liburutegiak, gizarte etxeak…), STEAM ekimena elkarlanean txertatzeko erakundeotan.

Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskolak proiektu horietan hartzen du parte eta espazioak uzten ditu (informatika gela, leihatea, panel urdinak, eskailera...) STEAM testuinguruan arte lanak sortu eta erakusteko. Hauek dira helburuak: STEAM sustatzea espazio horietan, ikusizko pertzepzioak sortzea eta horiekin esperimentatzea, ikusizko hizkuntza eta kultura sortzea, eta ikasleek elkarlanean egindako arte lanetan parte har dezaten sustatzea.

Hurrengo lanak 2021/2022 ikasturtearen hasieran egingo dira. Parte hartu nahi izanez gero, eskolaren webgunean dago informazioa.