UPV/EHU teknologia berderako metalak aurkitzeko Europako proiektu batean elkarlanean ari da
Encarnación Roda-Roblesen taldea Iberiar Penintsulako harri mineralizatuen lokalizazio, laginketa eta analisian parte hartzen ari da
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2020/12/16
Teknologia ekologikoan –bateria elektrikoak barne– erabiltzen diren metalak miatzeko teknika berriak garatzea da Greenpeg proiektuaren helburua. Proiektuak Europar Batasunaren Horizon 2020 programako 8,3 milioi euroko dirulaguntza lortu du. Europako zortzi herrialdetako hamahiru kidek osatzen dute taldea; horien artean, unibertsitateak –esaterako Osloko Unibertsitatea, proiektuaren burua– eta ustiaketa eta meatzaritzako enpresak daude, besteak beste. Kide horietako bat Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Zientzia eta Teknologia Fakultateko Encarnación Roda-Robles doktoreak zuzentzen duen ikerketa taldea da.
Zehatzago, proiektuaren bidez, pegmatitak eta horiek dituzten lehengaiak bilatzeko erabili ahal izango diren miaketarako teknologia aurreratuak garatu nahi dira, lehengai horiek teknologia berdean aplikazio garrantzitsuak dauzkatelako. «Harri pegmatitikoek metal teknologiko asko izan ditzakete, baina maiz txikiak izaten direnez, horiek ohiko miaketa teknikekin aurkitzea zaila izaten da», azaldu du Roda-Robles doktoreak. Aipatutako metal teknologikoak energia berdeko gailuak ekoizteko erabiltzen dira (adibidez, energia gordetzeko gailuak, zelula fotovoltaikoetan edo haize turbinak eta kondentsadoreak ekoizteko).
Litioa-zesioa-tantalioa (LCT) eta niobioa-itrioa-fluorra (NYF) dituzten pegmatiten Europako biltegiak miatzeko tresna multzoak ere sortu nahi dira, proiektuaren bitartez. Entseguak meatzaritza tradizioa duten Austria, Irlanda eta Norvegiako eskualde banatan egingo dira, ikerketaren emaitzak berehala praktikan jarri ahal izateko. Substantziak modu jasangarrian miatuko dira, bai ingurumenari bai ekonomiari dagokienez. «Europak meatzaritza sektorean lehiakortasuna berreskuratu behar du, 2030 Agendan bildutako energia eta klima helburu handiak betetzeko. Europako lehengaien sektoreari eta bere negozio atxikiei produktu eta zerbitzu berriak integratzen, inbertsioak erakartzen eta Europako enpresen lehiakortasuna handitzen laguntzea da Greenpeg proiektuaren helburua. Gainera, proiektu horretan garatzen den meatzaritza miaketarako tresna munduko beste eskualde batzuetara esportatu ahal izango da», erantsi du ikertzaileak.
Taldeari buruz
Encarnación Roda-Roblesen taldea, gaur egun, Geologiako bost doktorek osatzen dute: Encarnación Roda-Robles bera, Alfonso Pesquera, Pedro Pablo Gil Crespo, Idoia Garate Olave eta Jon Errandonea Martínek. Haien lana Iberiar Penintsulako litio mineralizatua duten harrien laginketa eta analisia egitea da, litio mineralizatua duten dike pegmatitikoek harrietan utzitako aztarna kimikoaren hedadura eta zenbatekoa zehazteko. Horrela lortutako datuei esker, eta horrekin batera, erreketako lurzoru eta sedimentuen azterketari, teknika geofisikoei eta potentzialki mineralizatutako eremuen satelite bidezko irudien azterketari esker, biltegi horien miaketa kanpainak egin ahal izango dira. Harrietan zundaketarik edo zulaketarik egin behar ez denez, miaketarako tresna hori azkarragoa eta ekonomikoagoa izango da, ez hain inbasiboa, eta aztertuko diren eremuetan inpaktu minimoa izango du.