euskaraespañol

Eguneko irudia

UPV/EHU, Klimaren aldeko enbaxadorea

G-9rekin batera, Green Week ospatzen ari da, unibertsitateek planeta jasangarriagoa eraikitzeko duten konpromisoa gizarteari erakusteko

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2021/06/10

Foto: Tere Ormazabal. UPV/EHU.

Euskal Herriko Unibertsitatea Green Week ospatzen ari da asteon. Jarduera Ikertzaileen Gauaren aurrekaria da, eta horretan  UPV/EHUk G9 unibertsitate taldearekin parte hartzen du, 'Green 9 Night' izeneko proiektu batekin, jasangarritasuna eta ingurumena ardatz hartuta.

Atzo, Bizkaiko Campuseko Leioa-Erandio Eremuko Mikel Laboa plazan, kontzentrazioa egin zen, eta bertan 'Klimaren aldeko Enbaxadoreak' G-9ren manifestua irakarri zuten Zientzia eta Gizarte Garapenaren eta Transferentziaren arloko errektoreorde Guillermo Quindosek eta Bizkaiko Campuseko errektoreorde Gorka Morenok. Hauxe da manifestuaren testua:

"Gero eta argiago dugu: inoiz ez bezalako larrialdi klimatiko baten aurrean gaude. 2030 Agendak, Garapen Jasangarrirako Helburuek, Pariseko Akordioak, Europako Itun Berdeak, Klimaren Goi Bilerek eta bestelako ahaleginek erakusten dutenez, gizartea gero eta konprometituago dago klima aldaketaren aurka. Nolanahi ere, ematen du epe ertaineko eta luzeko mehatxu horretarako erantzuna izoztuta gelditu dela, premiazkoagoa den mehatxu bati aurre egiteko: koronabirusaren pandemiak eragindakoa.

Horregatik, G-9ko unibertsitate publikoek, ekainaren 5etik 12ra bitartean egingo den Aste Berdearen (Green Week) esparruan, bat egin dugu larrialdi klimatikoko egoerari buruzko goi mailako hezkuntzako ikastegien munduko ekimenarekin, eta gizarteak berotze globala geldiarazteko behar diren erabakiak bultzatzeko egin duen deiari erantzungo diogu.

G-9ko erakunde akademikoak atzeraezina den aldaketa baten ENBAXADORE bihur gaitezke, eta aldaketaren erreferente izan. G-9ko unibertsitateek, gure gazteen prestakuntzaren arduradun izanik, adierazten dugu prozesu horren buru izateko konpromisoa dugula, 13. Garapen Jasangarrirako Helburuaren (Klima babesteko ekintza) xede hauetan:

1. xedea: Ikerketak jakintza arlo guztietatik «erresilientzia eta klimarekin eta natura hondamendiekin lotutako arriskuetara egokitzeko gaitasuna indartzea» lortzeko oinarriak finkatzea erraztea.

Ezinbestekoa da sozialki arduratsua den ikerketa bat egitea, modu jarraitu eta bateratuan egin ere, diziplinarteko eta foku ugariko alderdietatik. Lortu arte ekingo diogu, unibertsitatearen funtsezko egitekoa herritarren bizitza hobetzea baita.

2. xedea: Gure unibertsitate politikak egokitzea, «klima aldaketari buruzko neurriak sartzeko politiketan, estrategietan eta planetan».

Unibertsitateak benetako jasangarritasun laborategiak gara, eta berotze globala saihesteko ekimenak egiten ari gara. Jardunbide egoki ugari daude, eta horien garrantzia nabarmendu behar da eta horiek ugaritu egin behar dira.

3. xedea: Gure irakaskuntza planak analizatu eta berrikusi egin behar dira «gizakien eta erakundeen hezkuntza, sentsibilizazioa eta gaitasuna hobetzeko arlo hauetan: klima aldaketa arintzea, horri egokitzea, horren ondorioak murriztea eta alerta goiztiarra».

Gure titulazioek aurkikuntza berriak jasoko dituzte eta berotze globalaren erronkari aurre egiteko behar diren portaerak identifikatuko dituzte. Helburua da arlo guztietako etorkizuneko profesionalak gaitzea teknologia eta gizartea ingurune oso zalantzazko eta aldagarrietara egokitzeko prozesuan.

Hori horrela izanik, Unibertsitateen G-9 taldeko unibertsitateek GREEN9NIGHT proiektu hau sustatu dugu, herritarrei ingurumenari eta jasangarritasunari buruz hausnartzeko aukera emango dieten jarduerekin. Horrela, gizartea kontzientziatzen lagundu nahi dugu, eta ezagutzaren bitartez erabakiak hartzea bultzatuko duen hazia izan nahi dugu."