UPV/EHUko errektorea aukeratzeko hauteskundeen bozketa egingo da
Guztira, 48.207 lagun daude deituta botoa ematera: irakasleak, ikasleak eta administrazio eta zerbitzuetako langileak
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2020/11/24
Osteguna, azaroak 26, UPV/EHUko kideek errektorea aukeratzeko hauteskundeetako bozketa egingo da. Hauteslekuak 9:00etatik 17:00etara egongo dira irekita. Irakasleek eta ikasleek kasuan kasuko ikastegian eman behar dute botoa, eta administrazio eta zerbitzuetako langileek dagokien campusean.
Behin-behineko emaitzak ostegunean bertan jakinaraziko dira, 20:00etatik aurrera Bizkaia Aretoan.
Errektorea sufragio unibertsal haztatuaren bidez hautatzen da. Unibertsitateko komunitatea osatzen duten 48.207 pertsonak bost taldetan banatzen dira: unibertsitatearekin lotura iraunkorra daukaten 2.114 irakasle doktore; unibertsitatearekin lotura iraunkorra daukaten 179 irakasle ez doktore; gainerako 3.199 irakasle eta ikertzaile; 40.819 ikasle eta administrazio eta zerbitzuetako 1.896 langile. Esan bezala, botoa haztatua da: irakasle doktore iraunkorrei % 56,25 dagokie; irakasle iraunkor ez-doktoreei, % 7,50; gainerako irakasle eta ikertzaileei, % 2,09; ikasleei % 22,08; eta, azkenik, administrazio eta zerbitzuetako langileei, % 12,08
Guztira 57 hauteskunde-mahai eratuko dira. Kide batzuek dagoeneko botoa eman dute, aldez aurretik, azaroaren 9tik 23ra bitartean botoa emanda.
Hautagai bakarra Eva Ferreira denez, aldeko botoa edo boto zuria besterik ezin izango da eman. Hautagai hori hautetsia izateko, nahikoa izango da emandako botoen herena lortzea, egin beharreko haztapenak eginda. Hauteskundeen behin betiko emaitza abenduaren 4an aldarrikatuko da, inpugnazioetarako epea behin amaitu ondoren.