euskaraespañol

Eguneko irudia

UPV/EHU igo da Shanghaiko rankingean, eta munduko 400 onenen artean kokatu da

Espezialitateen sailkapenean, UPV/EHU munduko 75 unibertsitate onenen artean kokatzen da Ingeniaritza Kimikoaren arloan, eta 150 onenen artean Nanozientzia eta Nanoteknologian, Kimikan eta Ingeniaritza Metalurgikoan

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2020/08/17

Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) orain zortzi urte sartu zen Shanghaiko rankingean (http://www.shanghairanking.com). Edizio berri honetan igo egin da 400 onenen artean kokatuz. Sailkapena Shanghaiko Jiao Tong Unibertsitateak osatzen du urtero, eta ebaluazio-irizpide guztiz errespetatua eta enblematikoa da gaur egun, unibertsitateen munduan. Bederatzi dira soilik lehen 400 erakundeen artean agertzen diren espainiar estatuko unibertsitateak.

“Eskailera maila bat igo izana, munduko 400 unibertsitate onenen artean kokatzeko, hain zorrotza den ranking batean, albiste bikaina da, oro har, euskal gizartearentzat eta, bereziki, Euskal Herriko Unibertsitatearentzat. Ranking horretan gora egitea gure lanaren berri emateko modu onenetako bat da. Uste dut, dena den, orain ez dugula konplazentzian erori behar; aitzitik, posizio horretara eraman gaituen eskakizun maila berari eutsi behar diogu. Gainera, gure unibertsitateko kide guzti-guztiak zoriondu nahi ditut, unibertsitatea proiektu kolektibo bat delako, eta haren lorpenak ere”, adierazi du UPV/EHUko errektore Nekane Balluerkak.

Rankingak, funtsean, unibertsitateen ikerketen eragina neurtzen du; baita haien nazioarteko prestigioa ere. Izen handiko ranking honetan 2012an egindako ebaluazioan agertu zen lehen aldiz Euskal Herriko Unibertsitatea.

Harvard, Stanford eta Cambridgeko Unibertsitatea dira, ordena honetan, rankingeko lehen hiru erakundeak. Lehen hamar postuetatik zortzi Estatu Batuetako unibertsitateek betetzen dituzte, eta bi (Cambridgekoaz gain, Oxfordekoa) Britainiar Handiko unibertsitateak dira.

UPV/EHU ex aequo kokatzen da 301 eta 400 postuen artean. Inguruabar hori azaltzeko, zerrendan emaitzak aurkezteko ezarritako sistema ulertu behar dugu. Hala, 1. postutik 100. postura handienetik txikienera bitarteko hurrenkera zorrotza ezartzen dute, puntuazioaren arabera. Ondoren, bloke bat osatzen da 50 unibertsitaterekin; beste bloke bat beste 50  unibertsitaterekin; eta hortik aurrera, 500. postura arte, 100 unibertsitateko hiru multzo bereizten dira. Bloke bakoitzaren barruan unibertsitateak ordena alfabetikoaren arabera agertzen dira. Sailkapen honek duen garrantzia zenbatekoa den konturatzeko, gogoratu behar da mundu osoan goi mailako 20.000 hezkuntza erakunde baino gehiago daudela.

Unibertsitateen bikaintasuna neurtzeko nazioarteko erreferentzia den zerrenda hau osatu ahal izateko, kontuan izan dira Nobel saria eta Matematiketako Fields dominak eskuratu dituzten irakasle edo ikasle ohiak dituzten unibertsitateak, ikertzaile oso aipatuak eta Nature edo Science aldizkarietan argitaratutako artikuluak. Guztira, 1.300 unibertsitate baino gehiago ebaluatzen dira, eta 500 argitaratu.

Espezialitateen araberako sailkapena

Espezialitateei dagokienez, Shangaiko rankingaren entrega honetan, UPV/EHU hainbat diziplinatan nabarmendu da. Zehazki, munduko unibertsitateen 51-75eko tartean kokatu da, Ingeniaritza Kimikoaren arloan, eta gainera Estatuko lehenengoa da diziplina horretan. Nabarmendu da ere Nanozientzia eta Nanoteknologian, Kimikan eta Ingeniaritza Metalurgikoan, hiru diziplina horietan munduko unibertsitateen 101-150eko tartean kokatzen baita. Energiaren Zientzian eta Ingeniaritzan eta Materialen Zientzian eta Energian, UPV/EHU munduko unibertsitateen 151-200eko tartean dago. Amaitzeko, Matematikan, Fisikan, Farmazian eta Farmazia-Zientzietan, Nekazaritzaren Zientzietan eta Komunikazioan 201-300 tartean kokatzen da mundu mailako rankingean.