euskaraespañol

Eguneko irudia

UPV/EHUk eta Hezkuntza Sailak Antonio Beristain Sariaren bederatzigarren deialdia egin dute

Biktimologiaren arloko ikerkuntza sustatzeko eta bultzatzeko xedea du sariak

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/03/14

Euskal Herriko Unibertsitatearen Kriminologiaren Euskal Institutuaren “Antonio Beristain" katedrak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak biktimologiako ikerketen Antonio Beristain Sariaren IX. deialdia egin dute. Diziplina horri lotutako ezagutzak ulertzen eta hobetzen lagunduko duen lan zientifiko onena sarituko dute, biktimologiari buruzko ikerketak sustatzeari eta bultzatzeari begira.

Saria 2.400 eurokoa da. Ikerketa-jarduera biktimologikoaren arloan egin nahi duten 35 urte bitarteko ikertzaileentzat da saria, eta arreta berezia jarriko zaio terrorismoaren biktimen gaiari. Halaber, sari honetara aurkeztu daitezke ere zientzia biktimologikoaren arloan (bereziki, terrorismoaren biktimen arloan) egin diren eta, gutxienez bikain lortu duten, master edo gradu amaierako lanek (adin mugarik gabe). Saria Kriminologiaren Euskal Institutuaren ikasturte hasierako ekitaldian emango da.

Deialdi honetan 2019ko urriaren 15a baino lehen jasotzen diren lanek bakarrik parte hartu ahal izango dute.

Oinarriak eta argibideak: 943 017 484 / ivac-krei@ehu.eus

Antonio Beristain Ipiña (1924-2009), Kriminologiaren Euskal Institutuaren (KREI) sortzailea eta ohorezko zuzendaria –bertako zuzendaria 2000. urtera arte-, Delinkuentziari, Bazterkeriari eta Gizarte Harremanei buruzko Nazioarteko Ikerkuntza Zentroaren presidentea (DMS International Research Center) -berak sortutakoa Kriminologiako Nazioarteko Elkartearekin batera- eta Zuzenbide Penaleko Katedradun emeritua izan zen. Europako eta Amerikako hainbat unibertsitatetan egin zuen lana, eta gai jakinetan espezializatu zen, hala nola biktimologia, kriminologia eta presondegiak.

Antonio Beristainek, bere ibilbide akademikoan, goi-mailako hainbat aitortza jaso zituen nazioartean, non erakunde zientifiko garrantzitsuetan parte hartu zuen.  Honoris Causa Doktore izendatu zuten, Paue eta Adur Herrialdeetako Unibertsitatean (Frantzia) eta Buenos Airesko Lomas de Zamora Unibertsitate Nazionalean (Argentina), eta ezin konta ahala sari jaso zituen. Era berean, laurehun artikulu baino gehiago argitaratu zituen estatuko eta nazioarteko aldizkarietan, ehun bat hitzaldi eman zituen, eta lankidetzan jardun zuen Ministerioko Batzordean, Espainiako Presondegietako Lege Orokorra prestatzen. Nolanahi ere, Beristainen lan zientifikoaren ezaugarri nagusia zen zientzia juridikoen, axiologikoen eta espiritualen arteko harremanak zuzenean eta beldurrik gabe aztertzea, eta baita Zuzenbide Penalaren, Kriminologiaren eta Biktimologiaren oinarrizko gaiak ere. Egoera bidegabeei aurre eginez eta giza eskubideen aldeko lanean konpromiso handia erakutsi zuen, eta unibertsitatean igarotako azken urteotan lan handia egin zuen biktimen alde.