euskaraespañol

Eguneko irudia

UPV/EHUk bat egin du Giza Eskubideen Adierazpenaren 70. Urteurreneko ospakizunekin

Unibertsitate pabiloiko erakusketa aretoak diseinu grafikoaren erakusketa bat hartuko du, 30 eskubideetako bakoitzari bana kartel eskainiz

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/02/26

Argazkia:Nuria Gonzalez. UPV/EHU

Eusko Jaurlaritzaren Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiarekin batera, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak bat egiten du 1948an, Parisen, Nazio Batuen Batzar Nagusiak aldarrikatutako Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren hirurogeita hamargarren urteurrenaren oroitzapenarekin. Adierazpen hori erreferente etiko bihurtu da, eta horren bitartez, pertsonek, erakunde pribatuek eta erakunde publikoek bat egin beharko lukete askatasuna, berdintasuna, justizia, asiloa, jabetza, lana, atsedena eta hezkuntza bezalako funtsezko alderdien inguruan.

UPV/EHUk hainbat ekimen plazaratu du, urte osoan zehar garatuko direnak. Horien artean, Arabako campuseko unibertsitate pabiloiko erakusketa aretoan egingo den kartel erakusketa hau, ‘Giza Eskubideei Begira’ izena duena.

Erakusketa Leire Fernández Iñurritegui eta Eduardo Herrera irakasleek komisariatu dute, EIDE Euskadiko diseinatzaileen elkartearen laguntzaz. Hogeita hamar diseinatzaile profesional bildu dituzte giza eskubideei “begiratzeko” proiektu kolektiboa osatzeko. Hogeita hamar begirada, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalak ezartzen dituen hogeita hamar giza eskubideetako bakoitza interpretatu eta karteletan adierazi dituztenak.

Oroitzapenezko lehenengo ekimen honen bitartez, UPV/EHUk konpromiso eta erantzukizun soziala hartzen du bere gain sormeneko ekintza bat diseinu grafikotik zehaztuz, diseinu grafikoa bai eta Arte Ederren Fakultatearen barruan gaur egun irakasten den jakintzaren adarretako bat. “Erakusketa hau gure ingurune hurbilenean dauden diseinatzaileei zuzendutako deontologia profesionalerako dei bat da, haiei giza garapenaren alde duten betekizun sozial aktibista saihestezina adierazteko aukera ematen baitzaie", adierazi dute erakusketaren komisarioek.

Erakusketa otsailaren 26tik martxoaren 23ra bitartean bisitatu ahal izango da, arabar campuseko unibertsitate pabiloian (Apraiztarrak 1, 01006 Gasteiz). Irekiera ordutegia 08.30etan hasi eta 20.30etan amaitzen da, etenik gabe, astelehenetik ostirala bitartean eta sarrera libre.