euskaraespañol

Gaurko irudia

UPV/EHUk Marie Curie zazpi ikertzaile gazte erakarri ditu 1,3 milioi euroko proiektuak garatzeko

Nazioarteko erakunde esanguratsuetan doktoratuak, Europako Batzordearen deialdi lehiakorrean hautatuak izan dira

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2023/02/16

Juan Francisco Ayala jada lanean ari da Zientzia eta Teknologia Fakultatean. Argazkia: Laura López. UPV/EHUko Komunikazio Bulegoa.

Sofia Ruiz Cruz, Bindu Antil, Lena Borise, Michele Vila, Fares Mzoughi, Emil Viñas eta Juan Francisco Ayala dira aste honetan atera diren Marie Skodowska-Curie Actions proiektuekin Euskal Herriko Unibertsitatean sartuko diren zazpi ikertzaile gazteak. UPV/EHU, emandako zazpi bekekin, Espainiako erakunde aintzatetsienetako bat da deialdi honetan. Europako Batzordeak finantzatuta, proiektu bakoitzak 200.000 euro inguru jasotzen ditu.

Laguntza horien bidez, Europako Batzordeak bikaintasuneko eta berrikuntzako ikerketa finantzatzen du, eta ikertzaileei laguntzen die beren ibilbidearen hasieran, bultzada bat emateko. Izan ere, ekintza horiei esker, doktoretza lortu ondorengo lehen 8 urteetan dauden ikertzaileak kontrata ditzakete Europako unibertsitate edo enpresek, oso baldintza interesgarriekin, bai soldatari dagokionez, bai beren ikerketa-proiektua gauzatzeko finantzaketari dagokionez. Era berean, deialdi oso lehiakorrak dira, eta edozein nazionalitateko ikertzaileak aurkezten dira horietara. Era berean, deialdi oso lehiakorrak dira, eta edozein nazionalitateko ikertzaileak aurkezten dira horietara. Guztira, 7.044 proposamen aurkeztu ziren azken deialdian, eta horietatik 1.235 aukeratu ziren, hau da, % 17k bakarrik lortu zuten finantzaketa. 

UPV/EHUko ikerketa arloko errektoreorde Inmaculada Arosteguik lorpen hori goraipatu nahi izan du: “Bikaintasun-zientziara bideratutako Horizon Europe programaren lehen zutabeko laguntza horiek goi-mailako ikertzaile gazteen presentzia sendotzea dakarte, Euskadin ikerketa bikaina eginez hainbat ezagutza-arlotan, gure ikerketa-taldeek beren proposamenen alde egindako apustu irmoari esker”. 

 

Zazpi bekadunak eta proiektuak:

 

Sofia Ruiz Cruz. Biokimikan eta Biologia Molekularrean doktorea, Madrilgo Complutense Unibertsitatean.

Proiektua garatuko duen UPV/EHUko ikertzailea: Itziar Alcorta. 

Proiektua: ICE coupling protein inhibitors.

«Antibiotikoen erresistentzia giza osasunerako mehatxu handienetako bat da. Antibiotikoen erabilera okerrak eta abusuak bakteria erresistenteak sortu ditu. Nire ikerketaren diziplina anitzeko ikuspegiak antibiotikoekiko erresistentziari aurre egiteko ‘armen’ katalogoa hobetu nahi du ».

 

Bindu Antil. Kimikan Doktorea Delhiko Unibertsitatean (India).

Proiektua garatuko duen UPV/EHUko ikertzailea: Pedro Luis Arias.

Proiektua: Innovative chemical reaction and photocatalyst design methods for sustainable CO2 reduction.

«PHOCAT proiektuak fotokatalisi-metodo berritzaileak garatu nahi ditu, eguzki-argia xurgatzeko eta molekula garrantzitsuak (CO2 eta ura) bioerregaien aitzindari bihurtzeko. Kimika organikoa, espektroskopia eta katalisia konbinatuz gero, C3N4 bezalako fotokatalizatzaileen egiturazko eta azaleko propietateek prozesuaren errendimenduan nola eragiten duten aztertuko da».

 

Lena Borise. Hizkuntzalaritzan doktorea Harvardeko Unibertsitatean (AEB).

Proiektua garatuko duen UPV/EHUko ikertzailea: Gorka Elordieta

Proiektua: The syntax and prosody of post-verbal constituents in Basque.

«Euskaraz, oinarrizko esaldietan aditza esaldi bukaeran agertzen da, adierazpeneko perpausetan gutxienez (adibidez, Jonek Mireni dirua eman dio). Hala ere, hitz ondoko osagaiak dituzten perpausak ere posible dira (Jonek Mireni eman dio dirua, Jonek dirua eman dio Mireni, Mireni eman dio dirua Jonek, etab.). Proiektu honen helburua zera da, aditza azken posizioan agertzen den hizkuntzetan hitz ondoko osagai sintaktikoak izateko aukera arautzen duten baldintzei buruzko ikerketan sakontzea. Gai honi buruzko lanak badaude ere, deskribatzeko eta aztertzeko informazio asko dago oraindik. Proiektu honetan, euskarazko hitz ondoko osagaien prosodiari (azentua duten ala ez) eta karga semantikoari (informazio ezaguna ala berria dakartzaten) erreparatuko zaio, euskalkien arteko desberdintasunei ere arreta berezia jarriz»

 

Michele Vila. Matematikan doktorea, Heriot-Watt Unibertsitatean eta Edinburgoko Unibertsitatean (Erresuma Batua).

Proiektua garatuko duen UPV/EHUko ikertzailea: Mihalis Mourgoglou.

Proiektua: Quantitative Rectifiability: from Vitushkin's conjecture to Manifold Learning.

«Irudika ditzagun hiru puntu orrialde batean. Gure burua oso ona da puntuak gutxi gorabehera lerrokatuta dauden edo, aitzitik, konektatzeko kurba uhindua behar dugun jakiteko. Egia esan, puntu horien "geometria" imajinatzen dugu. Demagun milioika puntu ditugula hiru dimentsioko espazioan flotatzen. Geometria asmatzea, bat-batean, ez da hain hutsala, eta ez gure adimenarentzat bakarrik. Dimentsio handiko espazioetan dauden puntuen (edo multzoen) geometria ulertzea matematika hutsean eta datu-zientzian eragina duten funtsezko gaien atzean dago. Gai horietan aurrera egiteko paradigma bateratzaile bat proposatzen dugu, bere muinean artezketa kuantitatiborako tresnak eta metodoak dituena»

 

Fares Mzoughi. Kontrol, Automatizazio eta Robotikako Ingeniaritzan doktorea UPV/EHUn.

Proiektua garatuko duen UPV/EHUko ikertzailea: Aitor Garrido.

Proiektua: Performance Optimization of a Hybrid Offshore Wind-Wave Energy Platform.

«Haize-energia flotatzaileak aurrerapen bat da energia-iturri berrien bilaketan. Bilboko Ingeniaritza Eskolako Kontrol Automatikoko Ikertaldeak Mutrikuko plantan olatu-energian lortutako esperientzia zabala aprobetxatu du haize-energiaren transferentzian aurrera egiteko. Haize-plataforma flotatzaileek, mugimendu bakarreko energia-sorgailuen laguntzarekin, instalazio-kostuak murriztea, energia-ekoizpenaren eraginkortasuna handitzea eta adimen artifizialari esker mantentze-lan prediktiboak egitea ahalbidetzen dute. Berrikuntza hori gizarte modernoan dagoen arazo larrienetako baten konponbideetako bat da: energia garbi eta seguruko iturri egonkorrak lortzea».

 

Emil Viñas. Fisikan Doktorea Lundeko Unibertsitatean (Suedia).

Proiektua garatuko duen UPV/EHUko ikertzailea: Ángel Rubio.

Proiektua: Cavity quantum electrodynamics control of magnetic phases in twisted van der Waals heterostructures.

«Gailu teknologikoen errendimendua handitzeko eta energia-kontsumoa murrizteko, mekanika kuantikoaren fenomenoak aztertuko dituen paradigma berriari heldu behar zaio. Paradigma horretan sartzeko bide erakargarri bat gailu optomagnetikoak deiturikoetan argiaren eta kitzikapen magnetikoen arteko akoplua erabiltzea da, etorkizuneko memoria-gailuentzat, spintronikoentzat eta konputazio kuantikoarentzat etorkizun handia baitute, eta, aldi berean, elektronikarekin aldera daitezkeen prozesamendu-maiztasunak bermatzen baitituzte. Hala ere, horrek eskatzen du argiarekin gogor akoplatutako materiak sakonago ulertzea. Horretarako, dentsitate elektrodinamiko kuantikoaren teoria funtzionalean (QED-DFT) oinarritutako azken belaunaldiko tresna konputazionalak garatuko ditugu. Metodo hauek sistema bidimentsionalaren egoera magnetikoa kontrolatzeko erabiliko dira, barrunbe elektrodinamika kuantikoaren eta ingeniaritzaren bidez».

 

Juan Francisco Ayala. Kimikan eta Ingurumenean doktorea Bartzelonako Unibertsitatean

Proiektua garatuko duen UPV/EHUko ikertzailea: Nestor Etxebarria.

Proiektua: Application of gas-phase atmospheric pressure ionization sources to assess the wide-scope determination of PFAS in environmental and biological samples.

«Substantzia per- eta polifluoroalokatuak (Itsaskortasunaren aurkako zartaginetan – Teflon izenez ezagutzen dena – edo waterproof arropa bezalako produktuetan oro har erabiltzen diren elementu batzuk), zalantzarik gabe, mehatxu bat dira mundu mailan, iraunkortasun handia eta ingurumenean banaketa zabala duelako, biometaketa egiteko gaitasuna duelako eta esposizio kronikoaren ondorioz giza osasunean eragin toxikoa duelako. Gure proiektuaren helburua da errendimendu handiko abangoardiako metodologiak proposatzea, masa-espektrometrian oinarrituta, PFASen familia zabalen analisiaren konplexutasuna ebazteko».

 


Honen harira