euskaraespañol

Gaurko irudia

UPV/EHUk diziplina prozedura abiarazi du Zientzia eta Teknologia Fakultatean kalteak eragin zituen ikaslearen aurka

Prozedura abiarazteak berekin dakar berehalako behin-behineko neurriak hartzea

Lehenengo argitaratze data: 2021/10/20

Urriaren 13an, pertsona batek tiro ugari egin zituen arma batekin Zientzia eta Teknologia Fakultatean. Gertaera larri horiek direla eta, UPV/EHUk erabaki du diziplina espediente bat irekitzea, errektorearen erabaki bidez.

Gertakizun horiek delitu izan daitezkeenez, eta erakunde judizialek ezar ditzaketen zigorrak gorabehera, unibertsitate araudiak beste zehapen batzuk ere ezar litzake. Hori horrela, unibertsitateak diziplina prozedura bat abiarazi du. Prozeduraren emaitza aurretik zehazteko asmorik gabe, ikusirik gertakizunen larritasuna, UPV/EHUk behin behineko neurri batzuk hartu ditu aipatutako erabakian: pertsona horri ikasle gisa dagozkion eskubideak etetea eta unibertsitateko edozein ikastegi edo instalaziotan sartzea debekatzea.

Hala eta guztiz ere, bere ikasgelara sartzea debekatzeko behin-behineko neurriak ez dio eragotziko ikasgelan fisikoki egotea eskatzen ez duten eskubideak erabiltzea; hala nola urrutiko ebaluazio probak edo azterketak egitea, espedientearen instruktoreak Zientzia eta Teknologia Fakultateko Dekanotzarekin koordinatuta ezarriko dituen neurrien bidez.

Behin-behineko neurriak urtebetez egongo dira indarrean, erabakiaren datatik kontatzen hasita, nahiz eta kendu edo aldatu ahal izango diren, prozeduraren tramitazioan, ofizioz edo alde batek eskatuta, espedientearen bilakaeraren arabera.

Unibertsitatea bera arduratuko da erabakian ezarritako behin-behineko neurriak beteko direla ziurtatzeaz, Segurtasun Zuzendaritzaren bitartez, zeinak eskura izango baititu dagozkion protokolo, baliabide eta gailuak. 


Honen harira