Gobernu Kontseiluak, gaurko bileran, diru laguntzetarako deialdiak onartu ditu ikertaldeentzat, espezializaziorako kontratuak egiteko eta ikertzaileak prestatzeko.
UPV/EHUn 7,5 milioi euro gehiago ikerketaren alde
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2019/03/07
Gaurko bileran, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak lau deialdi onartu ditu, guztira, 7.440.000€, erakundean bertan egiten den ikerketa sendotzeko eta ikertaldeei laguntza emateko.
Lehenengo deialdiak (800.000€) helburu dauka ikertaldeen lana bultzatzea eta lan horien kalitatea hobetzea, eta xedea hori izanik, laguntzak emango dira oinarrizko funtzionamenduko gastuetarako (langileak kontratatzeko, oinarrizko azpiegitura zientifikorako, informatikako ekipamenduetarako, material suntsigarrirako…). Bigarren deialdiak (400.000€) bi helburu ditu: batetik, unibertsitateko irakasle-ikertzaileek berriz ere ikerketa lanari ekitea edo ikerketa lanean hastea; bestetik, ikertaldeen artean lankidetzan egindako proiektuak bultzatzea, horrela diziplinartekotasuna indartzeko.
Hirugarren deialdia ikertzaile doktoreak espezializatzeko da. Milioi bat euro ditu deialdiak, eta xede dauka ikertzaile doktoreen espezializazioa eta laneratzea sustatzea, horretarako, ikertzaile doktore horiek unibertsitateko ikertaldeetara atxikiz eta aldi baterako kontratatzeko neurriak ezarriz.
Azkenik, UPV/EHUn ikertzaileak prestatzeko kontratazio deialdia onartu da, guztira, 5.240.000 euro. Deialdi honek zenbait modalitate ditu, baina, guztietan, kontratazioak honako helburuak ditu: doktorego aurreko prestakuntza orokorra (50 kontratu); tesiak euskaraz egiteko doktorego aurreko prestakuntza (7 kontratu); eta ikertzaileak UPV/EHUn eta IDEX Bordeaux osatzen duten unibertsitateetan eta Paueko Unibertsitatean tutorekidetzan prestatzea.
UPV/EHUko Ikerketaren arloko errektoreordeak, José Luis Martínek, adierazi du ekimen hauek oso garrantzitsuak direla, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea Euskal Herriko ikergune nagusiena izanik, berea delako bikaintasunezko ikerketa bultzatzeko ardura. Errektoreordearen esanetan, ikerketa taldeei laguntza ematen zaie ikerketaren arloko erreferente izan daitezen, eta nazioartean lehian aritzeko gaitasuna izan dezaten. Bestalde, esan du jakintza arlo desberdinetako taldeen arteko lankidetza sustatuta areagotu egiten dela diziplinartekotasuna, eta, horrez gain, hedadura handiko proiektuak diseinatzeko gaitasuna lortzen dutela taldeek, eraginkortasunaren eta ikusgarritasunaren mesedetan. Era berean, adierazi du doktorego aurreko eta doktoregoko ikertzaileen prestakuntzarako kontratuak bultzatu nahi dituztela, kontratu horiek bide baitira unibertsitateko ikerketaren etorkizuna bermatzeko.