euskaraespañol

UPV/EHU Egipton izan da antibiotikoekiko erresistentzia ikertzeko CAREME sarearen bileran

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2022/12/27

CAREME sareko kideak Lucia Gallegorekin.

Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileak CAREME sarearen (Control of Antibiotic Resistance in the Mediterranean Area: Global Solutions for a Global Threat) bigarren bileran izan dira berriki, Alexandrian, Egipton.

Sareak, UPV/EHUko Mikrobiologia Medikoko irakaslea Lucía Gallegok eta Bordeleko Unibertsitateko irakaslea Fatima M 'Zalik zuzenduta, 2021eko ekainean egin zuen lehen bilera, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean, Euskampus Fundazioak finantzatutako eta UPV/EHUk Bordeleko unibertsitatearekin duen aliantza estrategikoaren barruan kokatutako ekimen baten barruan. Bigarren bilera Alexandrian izan da, zehazki Arab Academy for Science, Technology & Maritime Transport erakundearen Abu Qir campusean. Erakunde horrekin lankidetza-hitzarmena sinatu du UPV/EHUk.

CAREME sareak nazioarteko partzuergo bat sortzeko topagunea izan nahi du, antibiotikoekiko erresistentziak Mediterraneoko herrialdeen osasunean eta ekonomian dituen ondorio suntsitzaileak arintzeko irtenbideak eraginkortasunez garatzeko. Gaur egun, antibiotikoekiko erresistentzia da osasun globalaren aurkako mehatxurik handienetako bat, eta medikuntza, ezagutzen dugun moduan, arriskuan jartzen ari da.

Aro postantibiotikoa errealitate bat da jada: porrot terapeutikoen eta morbimortalitatearen indize handia eragiten du. Konponbiderik aurkitzen ez bada, kalkulatzen da 2050erako minbiziak baino heriotza gehiago eragingo dituela, eta, gainera, arriskuan jarriko duela Garapen Iraunkorreko Helburuak lortzea. Egoera hori okertzeko, antibiotiko berrien eskuragarritasuna gero eta txikiagoa da, oso molekula gutxi garatu baitira 60ko hamarkadaz geroztik.

Ospitale-eremuan azaleratzen diren bakterio multierresistenteen barreiatze globala lehen mailako arazoa da, baina ez da espazio klinikora mugatzen; izan ere, azken urteetan argitalpen ugarik deskribatzen dituzte isolamendu erresistenteak beste eremu batzuetan ere, hala nola ingurumenean eta animalietan.

Sareko koordinatzailea den Lucía Gallego irakaslearen iritziz, CAREME sarearen ekarpen nagusia Mediterraneoko eremuan (mundu mailako eremu kritikoa) bakterio erresistenteen barreiadura kontrolatzeko estrategia eraginkorrak garatzea da. Lehentasunezko helburua eragiten dituzten infekzioak detektatzeko, identifikatzeko eta tratatzeko tresna erabilgarriak bilatzea da.

Sarea arlo horietan esperientzia duten herrialdeetako taldeek osatzen dute: teknika epidemiologiko eraginkorrak garatzea; erresistentziarekin lotutako mekanismoak aztertzea; antibiotiko eta alternatiba terapeutiko berriak garatzea; eta molekula oparoenen ebaluazioa esparru klinikoan. Gainera, diziplina anitzeko ikuspuntu batetik (Mikrobiologia Medikoa, Epidemiologia, Farmazia, Biokimika, Biologia Molekularra, etab.) ikertzaile gazteen prestakuntza proiektuaren eraginetako bat da. Proposamen honen ekarpen nagusia antibiotikoekiko erresistentziak herritarren osasunean eta ongizatean dituen ondorio larriak arintzea eta saihestea da, baita antibiotikoak jasaten dituzten herrialdeen gaineko eragin ekonomikoa ere.