euskaraespañol

Eguneko irudia

Euskal Herriko Unibertsitateak Palestinako poeta baten olerkia gehitu du bere Poesia Bidean

Mikel Laboa plazan jarri da, eta Issammh Abushammal Farmazia Fakultateko irakasleak Fadwa Tuqanen “Nire askatasuna” lana irakurri du aurkezpen ekitaldian

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2024/09/04

Ezkerretik eskuinera: Eva Ferreira, Issammh Abushammal, Barbara Ruiz, Kevin Lajas eta Gorka Moreno | Argazkia: Mitxi. UPV/EHU.

Bizkaiko Campuseko Poesiaren Bideak, Leioan, Fadwa Tuqan (Nablús. Palestina 1917-2003) poeta palestinarraren “Nire askatasuna” poema jasotzen duen plaka berri bat dauka gaurtik aurrera (irailak 4, asteazkena). Mikel Laboa plazan jarri da eta bertan egin dute aurkezpen ekitaldia. Ekitaldian izan dira: Eva Ferreira errektorea, Barbara Ruiz Euskadiko UNRWAko ordezkaria (Palestinako Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Agentzia, Ekialde Hurbilean), UPV/EHUko ikasleen zenbait ordezkari, eta Issammh Abushammal Farmazia Fakultateko irakasle palestinarra; azken honek irakurri du olerkia ekitaldian.

Ekimena ikasle talde batek abiatu zuen, haiek Bizkaiko Campuseko Errektoreordetzari proposatu zioten ekintza bat martxan jartzea herri palestinarra pairatzen ari den sufrimendua agerian uzteko. “Zenbait aukera planteatu genituen -azaldu du Gorka Moreno campuseko errektoreordeak- , baina ekintza puntual bat baino harago joan nahi genuen eta denboran iraungo zen zerbait egitea nahi genuen, hala nola poeta emakume palestinar bat Poesiaren Pasealekuan gehitzea”. Horretarako, unibertsitate publikoa UNRWA Euskadirekin harremanetan jarri zen, eta laguntza eskatu zion, hainbat proposamen eskaintzeko.

"Aukeraketa ez zen erraza izan -dio Morenok-; azkenean, Fadwa Tuqanen aukeratu genuen, bai bere ibilbide literarioagatik, bai poesia palestinarraren aitzindaria delako. Poesiak, gainera, ezin hobeto islatzen du Palestinako herriaren egungo egoera eta askatasun-gogoa ".

Bestalde, Eva Ferreira UPV/EHUko errektoreak Poesiaren Pasealekuaren eta 'baldosa poetiko' berriaren balioa azpimarratu du. “Kartografia literario bat dago hemen, Leioan, hizkuntzek, ideiek eta sentimenduek bat egiten duten mapa bat”. Halaber, honako hau nabarmendu zuen: “Fadwa Tuqanen poesia gehitzen zaio gaur egun. Bere bertsoek hemendik urrun ere oihartzun egiten jarrai dezaten, Palestinan, gerrak torturatutako lurraldean. Haren bertsoek bakea eta adiskidetzea lur horretara eramaten ere lagundu dezaten”.

Issammh Abushammala akademiko palestinarrak, Fadwa Tuqanen, poema arabieraz irakurtzeaz gain, bere familiak Euskal Herrian izan duen harrera bikainaz ere mintzatu da: “Ikaragarria izan da jaso dugun babesa iritsi ginenetik. Gerra bat bi armadaren artean gertatzen da eta hau ez da kasua. Gaza munduko lekurik jendetsuenetako bat da. Nahiago nuke hau guztia lehenbailehen amaitzea. Eta eskerrak ematen dizkiot Euskal Herriko Unibertsitateari herri palestinarrarekiko elkartasunean egiten ari den guztiagatik”.

Plaka Bizkaiko Campuseko Mikel Laboa plazan ikus daiteke, Leioan, Bertan dagoen xilofonoaren ondoan.

Poesiaren Bidea

Bizkaiko Campuseko (Leioa-Erandio eremua) espaloietatik igarotzen den ibilbidea da Poesiaren Bidea. 2012an inauguratuta, 41 lauza metalikoz osatuta dago, eta munduko leku askotako egileen poemak biltzen ditu, euskaraz, gaztelaniaz, katalanez, galegoz, frantsesez eta ingelesez. Orain, Palestinakoa ere bai.