euskaraespañol

Eguneko irudia

UPV/EHUn aurrez aurreko irakaskuntzaren etenaldia mantenduko da 2019-2020 ikasturtea bukatu arte

Gobernu Kontseiluaren Batzorde Iraunkorrean jakinarazi du errektoreak erabaki hori, eta irakastea ezarritako prozeduren bidez bermatuko da

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2020/04/08

Irudia: Tere Ormazabal eta Nuria González (UPV/EHU)

Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) eten du behin betiko aurrez aurreko irakaskuntza jarduera guztia (klaseak ematea) 2019-2020 ikasturtean. Erabaki hori Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailarekin eta Unibasq-ekin (Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentzia) koordinatuta hartu da, eta gaur jakinarazi du unibertsitateko errektore Nekane Balluerkak, azken egunotan arduradun akademikoekin (Gobernu Kontseilua, dekanotza taldeak eta sailetako zuzendaritzak) eta ikasleen ordezkariekin hainbat bilera egin ondoren. 

COVID-19k sortutako egoera eta eboluzioaren ondorioz, UPV/EHU hasi zen prebentziozko neurriak hartzen, martxoaren 14an alarma egoera deklaratu baino lehen. EHU edonondik ekimen eta plataforma birtualaren bidez, unibertsitateak irakaskuntzaren alternatibak aktibatu zituen, ikasleei prestakuntzaren jarraipen egokia ziurtatzeko. Geroztik, Estatuko Gobernuak birritan luzatu du alarma egoera, eta, horrekin batera, hiritarren konfinamendua. Egoera hori, momentuz, apirilaren 26ra arte luzatuko da. 

Osasun krisi honen eboluzioa oraindik zehazteke dago. Baldintza horietan, ez da posible UPV/EHUn aurrez aurreko jarduera akademikoa berriz hastea. Beraz, oraingo ikasturte honetan urruneko eta online modalitateak mantenduko dira.  

Hortaz, Gradu eta Graduondoko Ikasketen arloko Errektoreordetzak prestatu eta Gobernu Kontseiluaren Batzorde Iraunkorrari aurkeztuko dizkio beharrezkoak diren aldaketak eta moldaketak, ikasturte hau bukatu ahal izateko ikasleek beren ikasketen garapenean eskatzen dituzten segurtasun, gardentasun eta segurtasun berme guztiez. Moldaketa horrek eragin ahal die arlo batzuei: ebaluazio proben egutegia, irakaskuntza gidak, irakaskuntza eta ebaluazio sistemak, curriculumeko eta curriculumez kanpoko praktikak, eta baita moldatu behar diren edozein alderdi. 

Horrek esan nahi du UPV/EHUren ikasgelaz kanpoko irakaskuntzak jarraitu duela, EHU edonondik plataforman ezarritako jarraibideen arabera (plataforma horrek ezartzen ditu ikasgelaz kanpoko irakaskuntza garatzeko oinarriak eta jarraibideak) eta orain arte UPV/EHUko ikastegietan hartutako neurriekin bat etorriz. 

Erabaki horren aurrean, Unibertsitateko errektore Nekane Balluerkak 2019-2020 ikasturtearen bukaera zorroztasun akademiko osoz garatuko delako uste sendoa adierazi du: “Unibertsitateko kide guztiak –irakasle-ikertzaileak, administrazio eta zerbitzuetako pertsonala eta ikasleak- ikasgelaz kanpoko irakaskuntza baldintza onetan garatzeko ahalegin bikaina egiten ari dira. Publikoki eskertu nahi dut buru-belarri aritze eta konpromiso hori. Errektoretza taldearen ustez, ikasturtea bukatu arte irakaskuntza eredu hori luzatzea erabakirik zentzuzkoena zen, gauden egoera ikusita. Ziurgabetasun handiko egoeran bizi gara, gertaeren garapenari egokitu behar dizkiogu pausuak eta, momentu hauetan, horixe zen urratsik egokiena, 2019-2020 ikasturtearen bukaerarantz aurrera egiteko”.

 

Erreferentzia bibliografikoa