euskaraespañol

Eguneko irudia

Gizartean inpaktu zuzena duten gai sozial eta politikoak jorratuko dituen ‘InpAkta’ aldizkari zientifikoa aurkeztu dute Durangoko Azokan

Euskaraz eta ingelesez, diziplina desberdinetako inpaktu sozialeko gaiak jorratuko ditu argitalpenak. Urtean bi zenbaki kaleratuko ditu, 2025tik aurrera

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2023/12/12

Durangoko Azokan abenduaren 10ean egindako ekitaldia batean aurkeztu da InpAkta: Inpaktu Sozialerako Ikerlanen Akta – Journal of Research for Social Impact aldizkariaren zero zenbakia. Talaia gunean egindako aurkezpenean, parte hartu dute InpAkta aldizkariko lau erredaktore buru: Ugo Mayor UPV/EHUko Ikerbasque ikertzailea, Miren Estensoro Deustuko Orkestrako ikertzaile seniorrak, Arantza del Pozo Vicomtech-eko Ahotsaren eta Lengoaia Naturalaren Prozesamendurako Teknologien Zuzendariak eta Urtzi Etxebarri Iker taldeko ikertzaileak, UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuko zuzendari Elixabete Alberdik lagunduta.

Inpaktu soziala duten gaiak aztergai

Durangoko Azokako aurkezpenean azaldu dituzte aldizkariaren jatorria, helburuak eta argitalpenaren ezaugarri nagusiak. InpAkta: Inpaktu Sozialerako Ikerlanen Akta – Journal of Research for Social Impact aldizkariak pandemia ondoren egindako hausnarketan du jatorria, orduan azaleratu baitziren argi inpaktu sozial handia duten gaiak modu zientifikoan jorratzeko beharra eta gizartearen interesa ikerketa eta zientzian, eragiten dizkiguten gaiak lantzen dituztenean ikerlan hauek. Gizartea eta ikerketaren munduaren arteko zubi lan hau egiteko, ebidentzian oinarritutako diziplina orotako ikerketa lanak jasoko dituen aldizkari zientifikoa aurkeztu dute. Bost arlo nagusi jorratuko ditu aldizkariak: Natur Zientziak, Osasun Zientziak, Gizarte eta Giza Zientziak, Lurralde Antolaketa eta Teknologia. Arlo nagusi hauen barneko arlo espezifiko ezberdinetako ikerlanak jasoko ditu aldizkariak, beti ere gure lurralde edota gizartean inpaktu soziala izan badezakete.

Sustatzaileen ustetan, inpaktu soziala bi unetan eman liteke: Ikerketa prozesuan bertan edo ikerketa prozesuaren ondoren. Eta maila ezberdinetan sor daiteke inpaktu hori: gizartearen partaide garen herritarrengan edota instituzioengan, adibidez hezkuntza, zaintza, garraio, kultura, osasuna edota politika publiko ezberdinak erabakitzen dituzten erabakigune ezberdinetan, publiko zein pribatu.

Urtean birritan, euskaraz eta ingelesez

Urtean bi zenbaki kaleratuko ditu InpAkta aldizkariak, 2025 urtetik aurrera. Ohikoa den bezala, ikerlanaren arlo espezifikoan adituak diren gutxienez bi ikertzaileengana joko da artikulu bakoitzaren errebisioa egiteko. Dagoeneko, prozesu hori gidatuko duen 50 profesional osaturiko erredakzio batzordea du aldizkariak. Open Access izango da InpAkta aldizkaria: Internetez sarbidea librea eta doanekoa izango da argitaratutako edukietara. Ikerketa lanak (research edo review) euskaraz edo ingelesez ahalko dira aurkeztu. Eta artikulu zientifikoez gain, ikerlan bakoitzaren laburpen dibulgatiboago bat ere prestatuko da, Elhuyar fundazioarekin batera landuta, publiko zabalagoari edo akademiatik kanpoko agenteei zuzenduta, gure lurraldeko hiru hizkuntza ofizialetan eskuragarri egongo dena.

Aurkeztutako zero zenbakiak 20 artikulu bildu ditu, horietatik 17 ingelesez eta 3 euskaraz, aldizkariak jasoko dituen ikerketa lanen erakusgarri. Sustatzaileen asmoa da, finantziazio nahikoa lortuz gero, artikulu guztiak ingelesez eta euskaraz argitaratzea zenbak bakoitzean, euskal ikertzaileei ikerketa euskaraz egiteko aukera eskainiz, ingelesaren irismenik galdu gabe. Lehengo zenbakirako deialdia 2024ko martxoaren 1ean zabalduko da.

22 erakunderen elkarlana

Antolaketa prozesu luzea izan du InpAktak. Pozik daude bultzatzaileak izandako harrerarekin, izan ere, lortu dute aldizkariaren bueltan elkartzea mugaz bi aldeetako eta haratagoko instituzio akademiko nagusiak, baita jakintza arlo ezberdinetako erakunde eta ikertzaileen babesa. Ondorengo 22 erakundek sustatzen dute InpAkta proiektua:

  • Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU)
  • Mondragon Unibertsitatea
  • Université de Pau et des Pays de l’Adour
  • Universidad de Navarra
  • Nafarroako Unibertsitate Publikoa (UPNA)
  • Deustuko Unibertsitatea
  • CNRS IKER-UMR 5478
  • Agirre Lehendakari Centre
  • Arantzazulab
  • Telesforo Monzon eLab
  • Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutua
  • Université de Bordeaux
  • Université Bordeaux Montaigne
  • Basque Research and Technology Alliance
  • Aditech
  • Elhuyar Fundazioa
  • Eusko Ikaskuntza
  • Centre for Basque Studies - Reno
  • Boise State University Basque Studies
  • Udako Euskal Unibertsitatea (UEU)
  • Cenarrusa Foundation for Basque Culture
  • Soziolinguistika Klusterra

Aurkezpen ofizialak Iruñean, Bilbon eta Baionan

Hiru aurkezpen instituzional egingo ditu, 2024ko otsailean, InpAkta aldizkariak. Lehena, otsailaren 5ean, Iruñean izango da; bertan egongo dira Ramón Gonzalo García UPNA - Nafarroako Unibertsitate Publikoaren errektorea, María J. Iraburu Nafarroako Unibertsitatearen errektorea eta Diego Garrido, Nafarroako I+G+i sarearen koordinatzailea den Aditech fundazioaren Zuzendaria. Otsailaren 7an, Baionan, Bordeleko, Pau et des Pays de l’Adour eta Bordele-Montaigne Unibertsitateko ordezkariek (oraindik konfirmatzear nork), Urtzi Etxeberria IKER ikerketa zentroko Zuzendariarekin batera hartuko dute parte aldizkariaren aurkezpenean. Azkenik, otsailaren 8an, Eva Ferreira EHU-UPVko errektoreak, Juan Jose Etxeberria Deustuko Unibertsitateko errektoreak eta Vicente Atxa Mondragon Unibertsitateko errektoreak hartuko dute parte Bilboko Bizkaia Aretoan egingo den ekitaldian.

Informazio gehiago: www.inpakta.eus
Kontsultak egiteko idatzi: prentsa@inpakta.eus