euskaraespañol

Helicobacter pylori bakterioak eragindako infekzioaren antibiotikoekiko erresistentzia aztertu dute

Europan Helicobacter pylori bakterioaren infekzioa desagerrarazteko tratamendu hobeak ikertzen ari da UPV/EHU

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2021/12/09

Luis Bujanda
Luis Bujanda. Argazkia: UPV/EHU.

<i>Helicobacter pylori (H. pylori)</i> bakterioak eragindako infekzioa tratatzeko erabili ohi diren antibiotikoekiko erresistentziak aztertzen ditu UPV/EHUko lan batek. Ikerketak erakutsi du erresistentziak oso handiak direla, eta iradoki du antibiotikoak gaizki erabiltzea dela bakterio horren erresistentzia handitzeko arrazoi nagusia.

Helicobacter pylori (H. pylori) munduko bakterio-infekziorik ohikoenetako bat da. Populazioaren % 40ri baino gehiagori eragiten dio, eta digestio-sintomen kausetako bat da, hala nola ondoeza epigastrikoa, pisutasuna edo urdaileko hantura, edo beste gaixotasun larriago batzuk, hala nola urdaileko ultzerak eta minbizi gastrikoak edo linfoma gastrikoak. Adibidez, urdaileko minbizia duen aita edo anaia bat izan duten pertsona osasuntsuetan bakterioa dagoen ikertu eta desagerrarazi egin behar da.

Antibiotikoekiko erresistentzia izan ohi da gaixotasun infekziosoen tratamenduetan porrotaren eragile nagusia, eta, zehazki, Helicobacter pylori (H. pylori) bakterioaren infekzioaren eragile nagusia. 2017an, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) patogenoen zerrenda bat argitaratu zuen, H. pylorik eragindako infekzioa zerrenda horretan ageri zen. Zerrenda horretan ohartarazi zuen alternatiba terapeutiko berriak ikertu eta sustatu behar zirela, bakterio horiek antibiotikoekiko duten erresistentzia dela eta eta aukera terapeutikorik ezaren ondorioz, osasun publikoan duten eraginagatik. Antibiotikoekiko bakterioek duten erresistentzia aldatu egiten da denborarekin, hainbat faktoreren arabera; beraz, funtsezkoa da sendagaien aurkako erresistentzia-ereduen joera ezagutzea, erresistentziaren garapena gutxitzeko eta tratamendua hobetzeko estrategiak diseinatzeko.

“Zoritxarrez —dio Luis Bujanda Fernández de Piérola UPV/EHUko Medikuntzako katedradunak—, badakigu azken urteotan H. pylori bakterioaren aurkako tratamenduen eraginkortasuna txikia dela, % 80tik beherakoa dela askotan, nahiz eta bi antibiotiko batera erabili 7-10 egunez. Horregatik, oso garrantzitsua da gaur egun gertatzen ari denaren ikuspegi edo argazki orokorra izatea, bakterio hori antibiotikoekiko erresistentea zergatik den ikertzeko”.

Hori dela eta, Luis Bujandaren esanean, “azterketa hau azken zortzi urteetan egin da, 2013-2020 aldian, Espainian eta Europako beste herrialde batzuetan, hala nola Italian, Frantzian edo Norvegian; helburua izan da aztertzea zer erresistentzia duen bakterio horrek infekzioa tratatzeko erabili ohi ditugun antibiotikoekiko, eta hala tratamendu eraginkor eta egoki bat diseinatzea”. Horretarako, “bakterio hori duten 4.000 pertsona inguru bildu ditugu; ez da lan erraza, bakterio hori isolatzeko biopsia baten bidez urdailetik ehuna atera behar baita, mikrobiologiako laborategietan aztertzeko. Biopsiarako lagina gastroskopia bati esker lortzen da”, azaldu du UPV/EHUko katedradunak.

“Klaritromizina, lebofloxazinoa eta metronidazola dira infekzioa tratatzeko erabili ohi diren hiru antibiotikoak. Halaber, aldi berean, ikusi dugu erresistentzia handiena sortzen dutenak direla. % 25eko, % 20ko eta % 30eko erresistentziak dituzte, hurrenez hurren, eta oso zifra altuak dira”, dio Luis Bujandak. Beraz, “funtsezkoa da tratamendu-estrategiak aldatzea. Ez da nahikoa infekzioa desagerrarazteko bi antibiotiko bakarrik erabiltzea, arrakasta-tasa % 80tik beherakoa baita; aitzitik, 10-14 egun bitarteko hiru antibiotiko erabili behar dira, antibiotiko gehiago erabiltzeak eragin ditzakeen albo-ondorioekin. H. pylori-ren infekzioarekin lortu nahi dugun helburua % 90etik gorako arrakasta lortzea da”, dio Luis Bujandak.

Bujandaren arabera, “erabili ohi ditugun antibiotikoekiko erresistentziak handiak izan arren, azterketa honek erakusten du beheranzko joera dagoela denboran zehar. Hau da, batetik, berri txarra dugu, baina, bestetik, berri ona, joera hori gutxiagora doalako”. “Seguruenik —dio—, antibiotikoak hobeto erabiltzeko kontuarekin herritarrak eta medikuak kontzientziatuta daudelako da; izan ere, bakterio horren aurkako erresistentziak oso lotuta daude antibiotikoen kontsumoarekin eta erabilera okerrarekin. Erresistentziak, kasu honetan, aurreko 10-15 urteetan beste infekzio batzuek eragindako antibiotiko horien kontsumoarekin zerikusia dute”.

Etorkizunean, Luis Bujandaren esanean, “antibiotiko horien aurkako erresistentziak % 15 jaistea nahi genuke, eta antibiotiko gutxiago erabilita tratamenduaren arrakasta % 90etik gorakoa izatea; hori guztia antibiotikoen erabilera arrazionalizatzean datza, erresistentziak areagotzen jarrai ez dezaten”.

Erreferentzia bibliografikoa