euskaraespañol

Eguneko irudia

Errektoreak Gobernu Kontseiluari aurkeztu dizkio, COVID-19 pandemia dela eta, UPV/EHUk abiarazitako neurriak

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2020/05/28

Nekane Balluerka Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak Gobernu Kontseiluari aurkeztu dizkio, COVID-19 pandemia dela eta, UPV/EHUk abiarazitako neurriak, ikasturtearen irakaskuntza bukatzeko, ebaluazioa garatzeko eta Itzultzeko Plana aurrera eramateko.

Alarma egoera adierazi aurretik, Unibertsitateak hainbat neurri hartuak zituen. Martxoaren 9an Arabako Campuseko aurrez aurreko jarduera akademikoa eten behar izan zen, eta martxoaren 12an hiru campusetan. Aldi berean, komunitate unibertsitarioari jarraibide eta hartutako neurriei buruzko informazioa eguneratua eskaini asmoz, data horretarako Unibertsitateak sortua zuen Koronabirusa edo COVID-19ren egoera atala web gune instituzionalean. Martxoaren 10ean onartu zen Euskal Herriko Unibertsitateko protokoloa COVID-19 (SARS-CoV-2) birusaren osasun alertarako. Jarraian, Unibertsitateak EHU edonondik estrategia jarri zuen abian irakaskuntza alternatibak aktibatzeko eta ikasleen prestakuntzaren jarraipen egokia ziurtatzeko. Irakaskuntza presentzialetik urrunekorako jauzia handia izan zen. Aurrez aurreko jarduna eten zen egun berean 600 irakaslek egin zuten klaseak bideokonferentziaz emateko ikastaroa. Hilabeteko epean, 31 ikastaro eman dira eta irakasleen 5.851 parte-hartze egon dira.

Irakasleek ikasgelaz kanpoko irakaskuntza baldintza onetan garatzeko ahalegin handia egin dute: EHU edonondik komunitatean 2.800 irakasle harpidetu dira eta egun gradu guztietan Blackboard Collaborate erabiltzen da. BBCko 50.032 saio sortu dira eGelan (saio bakoitza behin baino gehiago erabil daiteke) eta Bigarren lauhilabeteko graduko 2.790 irakasgaik erabili du BBC.

Ikusgarritasun gabeko lana bada ere, ezinbestekoa izan da prozesuan zehar eskaini den aholkularitza. Ildo horretan, klaseak amaitu diren egunera arte 2.177 kontsulta egin eta erantzun dira, 650 foroen bidez, 1000tik gora posta elektronikoz eta 527 Erabiltzailearentzako Arreta Zerbitzutik.

Bigarren lauhilabete honetan eskaini diren graduko irakasgaien % 92k eGela aktibatuta izan du. Horrek esan nahi du modu telematikoan lan egiteko bideak erabili direla eta komunitate unibertsitarioa egokitu egin dela egoera berrira. Urruneko irakaskuntza-ikaskuntza prozesurako gidalerroak zehaztu dira EHU edonondik estrategian, irakasle, ikasle eta arduradun akademikoei bideratutako hainbat aholku eta orientabide praktiko argitaratuz.

Irakaskuntza-ikaskuntza prozesua egokitzearekin batera, ebaluazioa ere moldatu da: Graduko 8.629 irakasgai ebaluazio ez-presentziala egiteko berrantolatu dira, master ofizialetako irakasgaiekin batera. Egokitzapenak onartu dira ere practicuma, curriculumetik kanpoko praktikak eta gradu amaierako lanak egiteko.

Guztira, 43.143 ikasle ikasteko egoera berrira egokitu behar izan dira: graduko 35.571, graduondoko 3.584 eta doktoregoko 3.987. Arazo ekonomikoen ondorioz etxean interneterako konexiorik ez duten ikasleentzako mailegu zerbitzua jarri da martxan. Mailegu zerbitzu honen bitartez 21 ordenagailu eta 20 konexio-txartel banatu dira.

Beste esparru bat geletatik kanpo egiten diren praktikena da. Ikasle gutxi batzuek bakarrik egin ahal izan dituzte modu telematikoan. Modu presentzialean egin gabe geratu diren kredituak konpentsatu ahal izateko, online ikastaro bereziak prestatu dira ikasleen enplegagarritasuna sustatzeko. Praktikak etxetik egin ahal izateko hainbat alternatiba telematiko jarri dira martxan ere. Hori guztia Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziaren (Unibasq) oniritziarekin egin delarik.

Medikuntzako eta Erizaintzako graduetako azken urteetako ikasleek praktika klinikoen ikastaro telematikoak egin dituzte eta Osakidetzan eta Foru Aldundietan kontratatuta aritzeko izan dute aukera. Jarduera hauei esker alarma egoeragatik bertan behera gelditu ziren praktika klinikoak baliozkotu ahal izan dituzte. Horrez gain, desgaitasunen bat edo ikasteko premia bereziak dituzten ikasleei begira, online ingurune birtualean egokitzapenak egin dira.

Nazioartekotzearen arloa bete betean jo du pandemiak. Urtarrilaren bukaeratik, une oro harreman estua izan da ikasleekin, bai atzerrian daudenekin (800 ikasle baino gehiago), bai bisitariekin (500 ikasle baino gehiago), eta informazio eguneratua helarazi zaie.

Martxoaren 16tik aurrera, telelanaren modalitatea baimendu zitzaien unibertsitateko langile guztiei, funtsezkotzat jotzen ez ziren zerbitzuak eskaini ahal izateko.

Koronabirusaren krisia hasi zenetik, UPV/EHUk etengabeko harremana izan du osasun-agintariekin. Haien esku jarri ditu baliabide materialak: 9.500 maskara, 120.000 eskularru, 1.500 txabusina, 210 babes-betaurreko eta norbera babesteko 2.000 ekipamendu. Aldi berean, zehatz-mehatz aztertu da unibertsitateko instalazioetan PCR (polimerasaren kate-erreakzioa) aparailuen egoera, SARS-CoV-2 koronabirusaren diagnostiko-analisietan laguntzeko dugun gaitasuna ezagutzeko. Gainera, teknika birologikoetan eta PCRn oinarritutako teknika diagnostikoetan eskarmentua duten UPV/EHUko langileen zerrenda osasun-agintarien esku jarri zen.

C2 segurtasuneko lau kabina erabiltzen utzi zaie osasun-sistema publikoko ospitaleei eta ikertzaile talde batek protokolo berri bat jarri du martxan COVID-19ren detekziorako RT-PCR probak egiteko. Halaber, Osakidetzarekin hitzarmen bat sinatu da, protokolo hori Euskal Autonomi Erkidegokoko biztanleen artean infekzioaren bilakaera modu dinamikoan monitorizatu nahi duen ikerketa batean erabiltzeko.

Itzulera Plana

Apirilaren 27an aurrez aurreko jarduerara itzultzeko plana argitaratu zen. Planaren xedea aurrez aurreko jarduerarako itzulera antolatzea da, pertsonen segurtasun- eta osasun-baldintzak bermatuz. Planean antolaketari eta higieneari dagozkion neurriak zerrendatzen dira eta une oro eguneratzen da, osasun-, lan- eta hezkuntza-agintariek ezarritako jarraibideen arabera. Gainera, irakaskuntzako eta irakaskuntzaz kanpoko ikastetxeetako itzulera-planak egin dira.

Nekane Balluerka errektorearen iritziz, esperientzia honek unibertsitate osoa proban jarri du. "Eta esan behar dut erantzuna apartekoa izan dela. Neurriak oso azkar hartu genituela uste dut, baina garrantzitsuena ez dira izan proposatutako ereduak, ezpada irakasleen, ikasleen eta administrazio eta zerbitzuetako langileen erantzuna. Haiei guztiei esker bukatu ahal izango dugu 2019-2020 ikasturteko irakaskuntza jarduera ahalik eta baldintza onenetan, eta orain ebaluazioa berme osoz ari da garatzen. Egon dira egon arazo jakin batzuk, bai: milaka ikasle, milaka irakasle, milaka irakasgai, eta ehunka gradu, graduondoko eta doktorego programa, baina ahalegin eskerga horren azken saldoa positiboa izan da. Esan bezala, pandemiak proban jarri gaitu, eta proba horri gure armarik onenekin erantzuten jakin dugu, hau da, kalitatezko hezkuntza publikoarekin eta unibertsitateko kide arduratsu eta konprometituekin "