Nerea Jaureguizar, Leire Urien, Teresa Morera Herreras
Ahoaren eta osasun mentalaren arteko harreman ezezaguna
Farmakologia Saileko ikertzaileak
- Cathedra
Lehenengo argitaratze data: 2023/06/07
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.
Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) aho-hortzen osasunaren munduko egoerari buruzko azken txostenaren arabera, munduko biztanleen % 45ek ahoko gaixotasunen bat dute. Argi dago, bada, aldizka dentistarengana joan behar dugula.
Dela azterketa edo garbiketa bat egiteko, dela txantxar eta ortodontzien ondorioz, ondo egiten dugu gure aho osasunaz kezkatzen garenean, gure osasun orokorraren isla baita. Eta alderantziz: gure hortzen, hortzoien eta ahoaren egoerak organismoko beste sistema batzuei eragiten die. Osasunaren arloko profesionalak noranzko biko konexio hori aztertzen ari dira espezialitate desberdinetan, baita osasun mentalaren esparruan ere.
Estresak, depresioak eta autismoak eragina izan dezakete ahoko osasunean
Oro har, gaixotasun mentalak dituzten pertsonek aho-hortzen osasun okerragoa dute: hortz gehiago galtzen dituzte, enpasteak behar izaten dituzte edo hortzoien gaixotasuna dute. Zeri erantzuten dio osasun mentalaren eta ahoaren arteko harremanak?
Zenbait faktore egon daitezke tartean. Batetik, estresaren eta antsietatearen ondorioz, hortzak estutzen ditugu. Bruxismoa dela eta, hortzak higatu eta mugitu egiten dira, eta ehunak gehiegi kargatzen dira.
Depresioaren kasuan, motibaziorik eza, gizarte isolamendua, autoestimu txikia edo nekea eta ohiko jarduerengatiko interes gabezia izan ohi ditugu. Sintomatologia horrek eragin negatiboa dakar aho osasunerako, ahoko higieneari eta autozaintzari arreta gutxiago jartzen zaiolako.
Elikadura portaeraren nahasmenduei, hala nola bulimiari edo anorexiari, dagokienez, modu berean, ahoan islatzen dira: dieta urriak edo gorakoen azidoek hortzetako esmaltea ahultzen dute, eta txantxar gehiago azaltzen dira.
Pertsona eskizofrenikoen ahoko patologiak (hortzoien gaixotasuna, hortz gehiago galtzea eta enpasteen behar handiagoa) honako hauekin lotzen dira: tabakoaz, alkoholaz eta drogez abusatzea, ahoko higienea ez zaintzea, portaera iheskorra eta azukre askoko dieta.
Autismoaren espektroko nahasmendua duten pertsonen kasuan, ahoaren zaintza toleratzeko zailtasuna dute, bai etxean, bai adituaren kontsultan; horrez gain, laguntza txikia edo komunikatzeko arazoak aho osasuna narriatzeko faktoreak izan daitezke.
Ahoa lehortzen duten sendagaiak
Gaixotasun mentaletarako tratamenduek aho osasunari eragiten diote? Erantzuna baiezkoa da. Gaixotasun mentalak tratatzeko erabiltzen ditugun sendagaiek, gaixoen bizi kalitatea nabarmenki hobetu arren, kontrako efektuak dituzte, eta horietako batzuek ahoari eragiten diote.
Ahoan nahi ez zen efektu ohikoenetako bat da listuaren ekoizpena aldatzea. Depresioa, antsietatea edo eskizofrenia tratatzeko sendagaiek listuaren jarioa murrizten dute (xerostomia). Ahoa lehortzeak eragina du elikagaiak hartzean eta hitz egitean, eta, gainera, errazago azaltzen dira infekzioak. Zorionez, nahiz eta sendagaiek ahoa lehortu, hori itzulgarria da, eta tratamendua amaitutakoan desagertzen da.
Gaixotasun mentalak tratatzeko erabiltzen diren sendagaien ondoriozko beste aho nahasmendu batzuk hauek dira: dastamenaren nahasmenduak, ahoaren eta mihiaren oharkabeko mugimenduak (aho diszinesiak), ultzerak eta hortzoien gaixotasuna eta/edo hortzoia handitzea.
Mens sana in corpore sano: has gaitezen ahotik
Orokorrean, barneratuta dugu hortzak indartsuak eta osasuntsuak mantendu behar ditugula. Hala, jan ondoren garbitzen ditugu, eta nolabaiteko erregulartasunez kontsulta odontologikora joaten gara. Ohitura on horiek, ahoaren barruan eta ahotik kanpo gaixotasunak saihesteaz gain, ahoaren osasun ona zaintzen dute eta, bide batez, egoera mental positiboa sustatzen da, autoestimua indartu eta gure ongizatea hobetzearekin batera.
Gainera, beldurrik gabe egin dezakegu irribarre.