euskaraespañol

Amaren obesitateak fetuaren garapenari eragin diezaioke

UPV/EHUren ikerketa baten arabera, amaren obesitateak eragindako alterazioek osasun-ondorio kaltegarriak izan ditzakete haurtzaroan

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2023/03/01

Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle José Ramón Bilbao Catalá eta Nora Fernández Jiménez
Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle José Ramón Bilbao Catalá eta Nora Fernández Jiménez | Argazkia: Laura López. Komunikazio Bulegoa. UPV/EHU.

UPV/EHUko eta Biocruces Bizkaia Ikerketa Institutuko ikertzaileek aztertu dute nola eragiten duen amak haurdunaldiaren hasieran duen gorputz-masaren indizeak plazentaren eredu molekularretan, eta ea horrek eraginik izan dezakeen fetuaren garapenean eta haurren osasunean gero.

Jende gehienak uste du ezen, fetua amaren barnean hazten denez, ama izango dela haurraren etorkizuneko osasunari eragingo dion faktore garrantzitsuena, eta hori nagusituko dela, zalantzarik gabe, gainerako faktore posible guztien gainetik. Uste hori oso zabalduta dago gizartean, eta ikerketa asko amak haurdunaldian zehar dituen ezaugarri eta portaeretan oinarritzen dira.

Kasu horietako bat ‘Communications Biology’ aldizkarian argitaratu da berriki. Lan horrek aztertu du “nolako eragina duen amak haurdunaldiaren hasieran duen gorputz-masaren indizeak plazentaren profil molekularretan, eta, zehazkiago, plazentako DNAren metilazioan (karbono batez eta hiru hidrogenoz osatutako talde baten adizioa DNA molekularen posizio jakin batean)”, Nora Fernández Jiménez EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakasleak eta Genetika, Antropologia Fisiko eta Fisiologia saileko ikertzaileak azaldu duenez. “Plazentako DNAren metilazioari buruz gaur arte egin den azterketarik handiena da, Europako, Ipar Amerikako eta Australiako amez eta seme-alabez osatutako 2.631 bikoterekin egina”, erantsi du Fernández Jiménezek.

Mutazio ezagunenekin gertatzen ez den bezala —nukleotido bat beste batekin ordezkatzea DNAren sekuentzian—, sekuentzia aldatu gabe gene-adierazpena erregulatzen duen DNAren aldaketa bat da metilazioa. “Berriki egindako ikerketen arabera, metilazioa umetokiaren barneko giroaren eta fetuaren genomaren arteko zubia da. Adibidez, ingurunearen eraginez, gerta daiteke genomaren eskualde batean metilazio-mailak gora egitea. Gorakada horrek, oro har, berekin dakar DNA trinkotzea; ondorioz, transkripzio-makineria ezin izaten da eskualde horietara iritsi, eta zenbait gene isildu egiten dira. Aurkakoa ere gerta liteke, hau da, ingurunearen ondorioz, genomaren zenbait eskualdetan metilazio-mailak behera egitea. Halakoetan, DNAk konformazio ireki bat lortzen du, transkripzio-makineriak hobeto iristen dira hara eta, ondorioz, gora egingo luke gene-adierazpenak. Bi kasuetan, sekuentzia ez da aldatzen, baina genomak modu batean edo bestean jokatzen du”, azaldu du EHUko ikertzaileak.

“Lan honetan, DNAren metilazioan aldaketak hautematen diren 27 leku identifikatu ditugu, guztiak ere plazentaren espezifikoak diruditenak”, adierazi du Fernándezek. Komeni da gogoan izatea plazenta ezinbesteko organoa dela fetuaren hazkunde eta garapenerako, ama fetuarekin konektatzen duen organoa delako eta haren bidez elikatzen delako fetua. “Identifikatutako leku horietako asko obesitatearekin lotutako geneetatik hurbil daude, eta minbiziaren eta oxidazio-estresaren bide metabolikoz aberastuta daude. Horrek ez du esan nahi obesitate-arazoak dituzten amengandik jaiotako haurrek minbizia izango dutenik, baina egia da plazentak tumore baten antzeko jokabidea duela, oso bizkor hazten baita, eta horrek pentsarazten digu obesitateak baduela eraginik plazentaren funtzionamenduan eta fetuaren hazkundean”, erantsi du Nora Fernándezek.

Emaitza horiek guztiek iradokitzen dute plazentako DNAren metilazioa izan litekeela amaren obesitatea eta haurtzaroko osasun metabolikoaren arazoak lotzen dituen mekanismoetako bat, nahiz eta Fernándezek ohartarazi duen ikerketa gehiago egin beharko direla aurkikuntza horiek berresteko. Gainera, Fernándezek azpimarratu duenez, “gure ikerketaren emaitzak zilegiak izan arren, ez lirateke erabili behar amaren erruaren mantra justifikatzeko; izan ere, oso zaila da kuantifikatzea zenbaterainoko eragina duten amek eta haien ezaugarri eta portaerek fetuaren eta jaioberriaren inguruko beste faktore batzuen aldean (hala nola amen gurasoak edo bikotekideak, familiak, gizartea bera eta ingurumena), faktore horiek inoiz ez baitira hain sakonki ikertu”.

Informazio osagarria

Nora Fernández Jiménez doktorea Genetika Medikoko irakasle atxikia da, Medikuntzako Graduko hirugarren mailan. Haurdunaldiaren eta Haurtzaroaren Epigenetika - PACE (Pregnancy And Childhood Epigenetics) partzuergoan egin den nazioarteko ikerketa honen buru izan dira UPV/EHUko eta Biocruces-Bizkaia Ikerketa Institutuko Nora Fernández Jiménez, Ariadna Cilleros Portet eta José Ramón Bilbao Catalá, Harvard Unibertsitateko Marie-France Hivert doktorearen taldeko ikertzaileekin batera.

Erreferentzia bibliografikoa