euskaraespañol

Espainiako Kimikako Errege Elkarteak Ana Beloqui ikertzailea aintzatetsi du

Erakundearen Kimika Biologikoko Taldearen Ikertaldeetako Lider Gazteen IV. Saria lortu du

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2021/05/21

Ana Beloqui POLYMAT-UPV/EHUko ikertzaile nagusia. Argazkia: UPV/EHU

Ana Beloqui POLYMAT-UPV/EHUko ikertzaile nagusiak Espainiako Kimikako Errege Elkartearen Kimika Biologikoko Taldearen Ikertaldeetako Lider Gazteen IV. Saria lortu du. Sari hori eman diote bere lanak propietate biokatalitikoak dituzten material hibrido berrien diseinuan izandako inpaktuagatik (kimika biologikoaren eremuan aritzen da, materialen zientziaren mugan); hori dela eta, urte gutxitan, erreferente nazional bihurtu da.

Zera esan du ikertzaile sarituak: “Sari hau prestatzen eta lanean emandako urteak aintzatesten ditu. Urte hauetan guztietan, ikertzaile independente gisa finkatu naiz eta oso gustuko dudan proiektu pertsonal baten buru izan naiz. Nire esker ona adierazi nahi diot Espainiako Kimikako Errege Elkartearen Kimika Biologikoko talde espezializatuari sari hau emateagatik. Baita nire taldeko ikertzaileei ere, gogor egin baitute lan proiektuak aurrera eramateko, eta kolaboratzaileei ere bai. Eskertzekoa da, halaber, POLYMAT-UPV/EHUren azken urteetan Estatuko Ikerketa Agentziak eta Ikerbasque Fundazioak eman didaten erakunde babesa”.

Ana Beloqui Kimikan doktoratu zen Madrilgo Unibertsitate Autonomoan. Bere ibilbidean, tresna kimiko ezberdinak garatu ditu eta biokatalisiaren munduan aplikatu ditu: dela biokatalizatzaileak aurkitzea, hobetzea eta ezaugarritzea, dela polimeroen kimika aplikatua erabiltzea entzimei funtzionaltasun berriak sartzeko eta, horrela, (nano)material biokatalitiko egonkorrak sortzeko. Bere ibilbide zientifikoa diziplinartekoa eta diziplina anitzekoa da, beraz. Horrela, bere arloan atipikoak diren baina bere ikertzaile etapetan ikasi dituen metodologiak eta kontzeptuak aplikatzen ditu bere oraingo ikerketetan; izan ere, mugako ikerketan dihardu. Doktoratu ondoko hiru egonaldi egin ditu ikerketa institutu nazionaletan (CICbiomaGUNE eta CICnanoGUNE) eta nazioartekoetan (Karslruhe Institute of Technology). Horren ondoren, bere ikerketa ildo propioa ezarri du (PolyZymes Lab, PZL, https://anabeloqui1982.wixsite.com/polyzymes), bera izanik ikertzaile nagusia, POLYMAT-UPV/EHUn, Ramón y Cajal kontratu bati eta Ikerbasque Fundazioari esker.