euskaraespañol

Eguneko irudia

Gidari gazteen adimen emozionala neurtzeko EMOVIAL testa garatu eta baliozkotu dute

Galdera-sorta bat sortu dute UPV/EHUn, gazteak gidatzen ari direnean emozioak ulertzeko eta kudeatzeko zer gaitasun duten neurtzeko

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2020/08/26

Goretti Soroa eta Aitor Artitzeta. Argazkia: UPV/EHU.

Gazteen errepide-istripuetan giza faktoreak duen garrantziari erreparatuz, EMOVIAL testa prestatu dute Qualiker ikerketa-taldeko ikertzaileek, adimen emozionalak istripuetan zenbaterainoko eragina izan dezakeen jakiteko. Gidariak emozioei arreta jartzeko, emozioak ulertzeko eta emozioak kudeatzeko zer gaitasun duen neurtzeko eskala bat sortu dute, eta bide-segurtasuna hobetzeko nola erabil daitekeen zehaztu dute. Testa ingelesera eta frantsesera egokitzeko baimena eskatu diete dagoeneko.

Gazteei eragiten dieten errepide-istripuak mundu mailako osasun-arazo bihurtu dira. 18-25 urte bitarteko mutil gazteen artean lehenengo heriotza-kausa dira auto-istripuak. Jakina da giza faktoreek eragin handia dutela errepide-istripuetako heriotzetan —10 istriputatik 9 jokabide desegokiek edo arreta galtzeak eragiten dituzte—, baina orain arte ikerketa gutxi egin dira jakiteko gaitasun emozionalek zenbateraino eragin dezaketen zirkulazio-istripuetan. Hori dela eta, gidatu bitartean pertsonek duten adimen emozionala neurtzeko eskala bat garatu eta baliozkotu dute UPV/EHUko Qualiker ikerketa-taldeko zenbait kidek, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzaren laguntzarekin.

EMOVIAL testak hiru dimentsiotan neurtzen du gazteen adimen emozionala: gidatu bitartean zenbaterainoko arreta jartzen zaien emozioei, gidatu bitartean sentitzen diren emozioak zenbateraino ulertzen diren eta gidatu bitartean zenbateraino erregulatzen diren emozioak, kaltegarri izatera irits ez daitezen. Aitor Aritzeta Galan UPV/EHUko psikologia-doktoreak azaldu duenez, “garrantzitsua da jakitea gazteek gidatzen duten bitartean zenbaterainoko gaitasuna duten sentitzen duten agresibitatea, beldurra, haserrea edo estresa erregulatzeko, baita drogek eta autoan doazen lagunek eragiten dituzten emozioak ulertzeko eta erregulatzeko ere, beren gidatzeko jokabideetan eragina izan ez dezaten; izan ere, hortik, istripu asko gertatzen dira”.

Prebentzioa eta ikerketa

Adimen emozionala neurtu izan da, oro har, “baina guk gidatze-portaeran jarri dugu arreta”, dio Aritzetak. Hala, testa garatu ondoren, 600 bat gazterekin baliozkotu dute, eta testaren propietate psikometrikoen analisiak (analisi estatistiko batzuk bideratzen direnak ikustera ea eskalak modu egonkorrean neurtzen dituen aldagaiak) frogatu du testa baliagarria eta fidagarria dela. Horrenbestez, ikertzailea pozik dago “komunitate zientifikoaren eta arlo aplikatuan dauden administrazio publikoen, autoeskolen… esku jarri dugulako emozioek istripuetan zer eragin izan dezaketen zorrotz neurtzeko tresna, arrisku-prebentzioan lagungarri izan daitekeena. Administrazio publikoan prebentzio-planak lantzeko eta istripuak gutxitzeko aukera eskaintzen du”. EMOVIALek norbanakoaren adimen emozionala neurtzeko eta talde-mailako ondorioak ateratzeko balio du.

Ikerketatik ateratako ondorioek agerian utzi dute adimen emozional altuko pertsonek arrisku gutxiago hartzen dutela bizitzan, orokorrean. Gainera, “EMOVIAL testean puntuazio altua lortu zuten pertsonek enpatia gehiago erakusten zuten oinezkoekiko eta txirrindulariekiko, adibidez”, adierazi du Aritzetak. Genero-ikuspegitik, “frogatu genuen adin-tarte honetan emakumeek adimen emozional altuagoa dutela gizonezkoek baino. Eta horrek badu ekarpen interesgarri bat, zeren gizonezkoetan bakarrik aurkitu da lehenengo heriotza-kausa istripuena izatea, baina emakumeetan ez. Emakumeek batez beste ardura-jokabide askoz altuagoa erakusten dute, bai eta EMOVIALen adimen emozionaleko puntuazio altuagoa ere”, erantsi du.

Ikerketa honek aukerak zabaldu ditu arlo honetan ikertzen jarraitzeko; izan ere, “aukera emango digu emozioaren eragina beste aldagai askorekin neurtzeko eta ikusteko nolako lotura duen EMOVIALen neurtzen dena beste aldagai batzuekin”, dio. Esate baterako, adimen emozionalak lotura zuzena dauka arriskuaren pertzepzioarekin, “zauritu ezina zarela pentsatuz edo droga kontsumituta edo mugikorra erabiliz gidatzea, alegia, arriskuei kasurik egin gabe gidatzea, jokabide arriskutsua da”.

Halako testak herrialde bakoitzari egokitzen zaizkio, kontuan hartzen baitituzte tokiko kultura eta hizkuntza. “Iruditzen zaigu galdera-sorta honek potentzialitate handia daukala beste hizkuntza askotara egokitzeko, laburra eta betetzeko erraza baita”, adierazi du. Ildo horretan, testa ingelesera eta frantsesera egokitzeko bi eskaera jaso dituzte ikertzaileek dagoeneko. Beraz, ikertzailearen iritziz, “galdera-sortak bide luzea izan dezake”. Bestalde, “pertsona adinduek gidatzean duten adimen emozionala neurtzeko eta horrek haien jokabideei nola eragiten dien jakiteko ikertzen” ari dira orain.

Erreferentzia bibliografikoa