Bizkaiko Golkoko flora eta fauna, xehetasun osoz
Plentziako Itsas Estazioak antolatzen duen Ilustrazio Zientifikoko Lehiaketan aurkeztutako lanak lehen aldiz erakusten dira Bizkaia Aretoan
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2022/05/12
Duela bost urte, Euskal Herriko Unibertsitatea aitzindaria izan zen Ilustrazio Zientifikoko graduondoko bat ezartzen, eta oraindik ere Estatuan ematen den bakarra da. Titulu horrek zientzia irudi eraginkor eta zorrotzen bidez komunikatzeko gai diren profesionalak prestatzea du helburu. Baina prestakuntzaz gain --lehen lau edizioetan 59 ilustratzaile trebatu ditu eta beste 16 egiten ari dira aurten--, titulazioaren beste helburuetako bat da herritarrei irekitako jarduerak sustatzea, ilustrazio zientifikoaren garrantzia nabarmentzeko. Adibidez, maiatzaren 16tik 26ra Bizkaia Aretoan ikusgai egongo den erakusketa.
‘Itsaspeko fauna eta flora’ erakusketak Plentziako Itsas Estazioak antolatutako lehiaketaren bi edizioetan aurkeztu diren lanak biltzen ditu. Ilustrazio Zientifikoko ikasle eta titulatuek har dezakete parte, eta gaia da Bizkaiko Golkoko animaliak eta landareak. Adibidez, maiatzaren 16tik 26ra Bizkaia Aretoan ikusgai egongo den erakusketa. Guztira, 26 irudi dira, eta gure itsasoan eta kostaldean bizi diren izaki-kopuru handi bat xehetasunez ezagutzeko aukera ematen dute: itsas zaldiak, izarrak, mota guztietako hegaztiak edo moluskuak... “Prestakuntza-prozesuan, natur zientzien dibulgazioa nabarmentzen da. Horiek publiko zabalago batera iristen dira, hainbat kanalen bidez, eta, horrela, gure ikasleek gure titulaziotik egiten duten bidea aberasten dute”, azaldu du Maren Ortiz Zarragoitia masterraren arduradunak.
Leku berezi batean, Nuria González Santiagoren bigarren edizioaren irudi irabazlea dago ikusgai. Konposizioaren hondoa flysch-a da. “Hain paisaia hieratiko eta dotorea iruditzen zait, ezen edozein izaki bizidun irudikatzeko oinarri ideala baitzen”, azaldu du autoreak. Eta hondo horren gainean, “denetarik” erakusten du, gure kostaldean bizi den espezie-aniztasun izugarria islatuz: ubarroi mottoduna (Phalacrocorax aristotelis), itsas izarra (Asterina gibbosa) eta itsas plantaina (Plantago maritima). “Espezie horiek aukeratu nituen, ekosistema horien oso berezkoak izan arren, ez direlako liburu edo postalen argazkietan edo irudietan gehien agertzen direnak, eta merezi zutelako obra honetan leku berezi bat izatea”, erantsi du ilustratzaile horrek, 2020-2021 ikasturtean Ilustrazio Zientifikoaren graduondokoa egindakoan biologoaren ibilbidea aldatu baitzuen.
‘Itsaspeko fauna eta flora’ erakusketari buruzko informazioa
Bizkaia Aretoa, beheko solairua (Abandoibarra 3, Bilbo)
Maiatzak 16-26, astelehenetik ostiralera, 8:00etatik 20:00etara
Sarrera librea
Ilustrazio Zientifikoa berezko masterra
Maiatzaren 23an irekiko da Ilustrazio Zientifikoa berezko masterrean eta gainontzeko berezko master eta graduondokoetan izena emateko epea.