euskaraespañol

Eguneko irudia

Urtarrilaren 30era arte luzatu da Agustí Centelles fotokazetaritzaren aitzindariaren erakusketa

Bizkaia Aretoak 1934 eta 1939 bitartean atera zituen 105 argazki biltzen ditu, baita prentsako 81 dokumentu eta beste objektu pertsonal batzuk ere

Lehenengo argitaratze data: 2015/01/13

UPV/EHUk eta Pablo Iglesias Fundazioak antolatutako "Todo CENTELLES" erakusketaurtarrilaren 30era arte luzatuko da izan duen arrakasta eta erantzun ona dela-eta. Esposizioa astelehenetik ostiralera egongo da ikusgai,  9:00etatik 19.30era arte. Sarrera doakoa da.

"Todo CENTELLES" erakusketak kronologikoki dokumentatutako 105 argazki biltzen ditu.Agustí Centellesek 1934 eta 1939 bitartean atera zituen irudi horiekin batera, prentsako 81 dokumentu eta objektu pertsonal egongo dira ikusgai, besteak beste, Centellesen Leica argazki-kamara. Erakusketa honi esker, Bilbon, lehenengo aldiz ikusi ahal izan  da Centellesen lan originala, hala nola 1934 eta 1938 bitartean Australiako egunkarietan argitaratu ziren bere argazkien 33 erreferentzia.

Erakusketa iragan  abenduaren 10ean inauguratu zen eta ekitaldian izan ziren Iñaki Goirizelaia errektorea, Pablo Iglesias Fundazioko presidente Alfonso Guerra eta Octavi Centelles Martí argazkilariaren semea.

Erakusketatik haraindian, UPV/EHUk bere fondoetarako jaso zituen Pablo Iglesias Fundazioak eta Centelles familiak dohaintzan emandako bederatzi argazki, irakaskuntzan eta ikerketan erabili ahal izateko. Agustí Centellesek egin zituen irudi horiek Gerra Zibilean. Agirre lehendakariak eta Indalecio Prietok 1937an eta 1938an Bartzelonan egindako egonaldiaren hainbat une biltzen dira. Dohaintza osatzen dute Última Horaren bi erreprodukzio, egunkari horretan argitaratu baitzen Agirreren Bartzelonan egon zeneko erreportajearen zati bat.

Agustí Centellesí buruz

Agustí Centelles (1909-1985) fotokazetaritzaren aitzindarietako bat izan zen. Errealitateari -bai errealitate ederrari, bai gordinari- erretratua egin nahi izan zion, soiltasuna bilatuz eta egongelako argazkiei bizkar emanez. Cornell Capak parekatu zituen Leika argazki-makinaz hartutako irudi horiek Robertek, bere anaiak, egindakoekin. Centellesen argazkien balorea 1984ko Argazki Sari Nazionalak berretsi zuen.

1934ko uztailean, Centellesek, 25 urterekin, ibilbide profesionala hasi zuen argazkilari independente bezala, eta ehun egunean lortu zuen garaiko prentsa-goiburu nagusietan agertzea. Errepublika, Guda Zibila eta Frantziako errefuxiatuen eremuetako bizitza fotografiatu zituen. Gero, 1939an erbesteratu zen eta 35mm-ko 4.000 negatiboz betetako maleta bat eraman zuen. Erresistentziak 1944an Andorrara eraman zuenean, material hori  Carcasonneko bikote lagun baten esku utzi zuen, argazkietan agertzen ziren pertsonen identitatea gordetzeko. Artxiboa Espainiara ezin izan zuen 1976ra arte ekarri eta, urte hartan, bere seme Octavirekin erakusketa eratzen duten negatiboak positibatzen hasi zen.