Espezie desberdinetako zuhaitzek lehia gutxiago izaten dute euren artean basoetako baliabideak erabiltzean. Horregatik, basoetako dibertsitateak eragin onuragarria izan dezake haien produktibitatearen egonkortasunean, klima aldaketak gertatzen direnean. Hala ere, irtenbide horrek beti funtzionatzen al du? Madrilgo Unibertsitate Konplutentsea buru duen eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko partaideak izan dituen ikerketa talde batek produktibitatean eragin onuragarria duela berretsi du, baina muturreko gertaera klimatikoetan, hala nola lehorte handietan, ez da hobekuntzarik nabari.
Basoetan dibertsitatea handitzea ez da nahikoa muturreko lehorteen aurka
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2021/02/10
Basoetako zuhaitz dibertsitatea handitzeak produktibitatea hobetzen du, klima aldaketen aurrean. Baina, muturreko gertakariak badaude, hala nola lehorte larriak, ez da erresilientzia handitzen, Madrilgo Unibertsitate Konplutentsearen, Euskal Herriko Unibertsitatearen, Madrilgo Unibertsitate Autonomoaren eta Alcaláko Unibertsitatearen ikerketa baten arabera.
‘Forest Ecology and Management’ aldizkarian argitaratutako emaitzek ohartarazten dutenez, muturreko gertaeren lehortasuna eta maiztasuna areagotzen baldin badira, baliteke egokitzapen neurriak, hala nola dibertsitatea handitzea, nahikoa ez izatea klima aldaketaren ondorioak arintzeko.
Zuhaitz espezie ezberdinetako banakoek, baliabideak modu ezberdinean erabiltzen dituztenez, ez dira espezie berekoak bezainbeste lehiatzen euren artean. Horregatik, basoetako dibertsitatea handitzeak haien produktibitatea hobetuko luke, ingurumen gorabeherekiko hazkunde egonkorrago bati esker. Dena den, ez genekien espezie ezberdinen nahasketa ere hain onuragarria ote zen muga hidrikoak zituzten basoetan, baso mediterraneoetan adibidez, eta muturreko gertaerei erantzuteko.
“Gure ikerketak erakusten du baso ekosistema mediterraneoetako biodibertsitatearen eta produktibitatearen arteko erlazioa hazkundearen egonkortasuna handitzearekin lotuta dagoela, baina muturreko gertaerei erantzuterakoan, badirudi dibertsitatearen efektu positiboa desagertu egiten dela espezieek estres hidrikoarekiko eta lehiakideekiko duten sentsibilitateak berak eraginda”, azaldu du Enrique Andivia Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Biodibertsitate, Ekologia eta Eboluzio Saileko ikertzaileak.
Madrilgo mendilerroko pinuak eta haritzak, aztergai
Ikerketa egiteko, ikertzaileek pinuak eta haritzak aztertu dituzte, bai bi espezieen masa mistoetan, bai nahasi gabeko masetan, Guadarrama mendilerroan (Madril). Horrela arrazoitzen du Andiviak hautaketa: “Mendilerro hau kasu bikaina da; izan ere, mendi eremu mediterraneoak puntu beroak dira klima aldaketak landare komunitateen dinamikan dituen ondorioak aztertzeko”.
Teknika dedrokronologikoak aplikatuz (zuhaitzetako eraztunen azterketa), 120 zuhaitzek bizitzan zehar izan duten hazkuntza berreraiki da, batez ere azken 60 urteetan, urte horietan hazkuntzak muturreko lehorte gertaerei emandako erantzuna kuantifikatu baita.
Horrela, adituek espezieen arteko harreman positiboen eta lehiakorren konplexutasuna frogatu dute, aldatu egin baitaitezke klimaren gorabeheren arabera. “Emaitza horiek ondorio garrantzitsuak dituzte baso kudeaketan, zehazki, gure basoak klima aldaketara egokitzeko”, ondorioztatu du Asier Herrero ikertzaileak, Euskal Herriko Unibertsitateko Landareen Biologia eta Ekologia Saileko kideak.
Ikerketa hau ADAPTAMIX proiektuaren barruan garatu da, Enrique Andiviaren gidaritzapean eta Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioak finantzatuta.
Erreferentzia bibliografikoa
- Are pine-oak mixed stands in Mediterranean mountains more resilient to drought than their monospecific counterparts?
- Forest Ecology and Management Vol. 484. Marzo 2021
- DOI: 10.1016/j.foreco.2021.118955