euskaraespañol

Gaurko irudia

'Guía práctica de alimentación para personas mayores' liburua

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/04/09

Gidaren egileak
Gidaren egileak. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzuak ‘Guía práctica de alimentación para personas mayores’ liburua argitaratu du. Liburu horrek nutrizioaren arloko gomendioak biltzen ditu adinekoentzat. Liburuan parte hartu dutenak honako hauek dira: Virginia Andia, Gasteizko Udaleko ‘San Prudentzio’ Adinekoentzako Zentro Integraleko dietista-nutrizionista, eta UPV/EHUko honako irakasle hauek: Carlos Abecia Inchaurregui, Osasun Publikoko Sailekoa, Enrique Echevarría Orella, Fisiologia Sailekoa, eta Alfredo Fernández Quintela, Iñaki Milton Laskibar eta María Puy Portillo Baquedano, Farmazia eta Elikagaeien Zientziak Saileko Nutrizioa eta Obesitatea taldekoak eta Obesitatearen eta Nutrizioaren Fisiopatologiako CIBERko kideak (Carlos III Osasun Institutua).

Zahartzea prozesu konplexua, atzeraezina, progresiboa eta naturala da. Organismoa ingurunera egokitzeko gaitasuna mugatzen duten aldaketa morfologikoak, psikologikoak, funtzionalak eta biokimikoak dakartza. Zahartze prozesuari lotutako aldaketek eragina dute adinekoaren nutrizioan eta elikaduran. Hori dela eta, adin horretan mantenugaien premia espezifiko bat dago, eta horregatik dira kalteberak adinekoak nutrizioaren ikuspuntutik, ikuspuntu sozioekonomikotik eta osasunaren ikuspuntutik.

Adinekoek, beraz, arreta soziosanitario handia eskatzen dute hainbat eremutan, eta eremu horietako bat nutrizio arreta da. Nutrizio arreta ezinbestekoa da prebentziorako eta ahalik eta nutrizio egoerarik onena lortzeko, eta kontuan hartu behar da osasunaren ikuspuntutik eta ikuspuntu psikologiko eta sozialetik bizi kalitate egokiarekin zahartzeko prozesuaren faktore nagusietako bat izango dela hori.

Zahartze tasak igoera handia izan du azken urteetan, bizi itxaropenaren gorakadaren eta arreta soziosanitarioaren hobekuntzaren ondorioz. Mundu osoan, Espainia bosgarren lekuan dago 80 urteko edo hortik gorako biztanle gehien dituzten herrialdeen artean. Euskal Autonomia Erkidegoan, Euskal Estatistika Erakundearen (EUSTAT) datuen arabera, 1981etik 2013ra bitarte 65 urteko edo hortik gorako biztanleen proportzioa bikoiztu egin zen (% 9,2tik % 20,2ra). Halaber, 2014. urtean, emakumeen bizi itxaropena 85,4 urte zen, eta gizonena, berriz, 78,9 urte. 2025. urterako aurreikuspenen arabera, emakumeen bizi itxaropena 88,4 urtera iritsiko da, eta gizonena, berriz, 82,6 urtera.

UPV/EHUren Argitalpen Zerbitzuak argitaratutako gidaliburuaren helburua adinekoen elikadura egokia izatea lortzeko jarraibideak ezartzea da. Espezialistek azaldu dutenez, “jarraibide horiek ematean, bizitzaren etapa horretako elikaduran eragina duten faktore ugari hartzen dira kontuan. Adibidez, adineko pertsonek zentzumenetan zein funtzio fisiologikoetan jasaten duten funtzionaltasun murrizketaren ondorioz egin beharreko egokitzeak ezartzen dira. Halaber, pertsona horiek jarraitzen duten tratamendu farmakologikoaren arabera hartu behar diren neurriak azaltzen dira. Hori oso garrantzitsua da; izan ere, botiken eta elikagaien arteko interakzioak ugariak dira, eta adineko pertsona askok botika asko hartzen dituzte”. Gidaliburuak ebidentzia zientifikoan eta, jakina, Espainiako Geriatria eta Gerontologia Elkartearen (SEGG) eta Nutrizio Parenteral eta Enteralaren Espainiako Elkartearen (SENPE) Adostasun Dokumentuan oinarritutako gomendio batzuk ematen ditu.

Gidaliburuaren kapituluetan zehar, zahartzeari lotutako aldaketa fisiologikoak, adinekoen patologiarik ohikoenak eta haientzat gomendatutako nutrizio premiak eta ahorakinak ezagutu ahal izango ditugu. Gainera, beste kapitulu batzuetan, alderdi dietetiko orokorrak azaltzen, botikek mantenugaien erabileran dituzten okerreko ondorioak aipatzen eta dauden laguntza zerbitzuak deskribatzen dira. Gidaliburuak, halaber, adinekoen elikadura aztertzeko eranskin batzuk eskaintzen ditu.

Egileek adierazi dutenez, argitalpena “biztanleria orokorrari zuzenduta dago lehenik eta behin, eta, zehazkiago, oraindik autonomoak diren, bakarrik bizi diren eta, beraz, beren elikaduraz arduratzen diren adinekoei. Eta, halaber, adinekoak kargura dituzten pertsona gazteagoei. Bestalde, ez da ahaztu behar adinekoen ehuneko handi bat egoitzetan bizi dela. Horregatik, gidaliburu hau erakunde horientzat eta adinekoei janaria ematen dieten beste geriatria zentro batzuentzat ere bada. Azkenik, egoitza batzuetan janaria catering enpresek ekartzen dutenez gero, gidaliburu hau haientzat era baliagarria izan daiteke”.