euskaraespañol

Konposatu bioaktiboei buruzko Euskampus mintegia

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2021/10/19

Irudia

‘Stilbenes, bioactive molecules with interest for health. New opportunities for nutraceutical and food industry’ izeneko mintegi birtuala antolatu zuen Euskal Herriko Unibertsitateko Farmazia Fakultateko Nutrizioa eta Obesitatea taldeak –María Puy Portillo doktorea du buru, eta Carlos III osasun-institutuko CIBERobn zentroko eta Bioaraba osasun ikerketako erakundeko kide da–, Bordeleko Unibertsitateko Molécules à Intérêt Biologique, Unité de recherche Oenologie taldearekin. Euskampus markoaren barruan egin dute, Euskampus Bordeaux Aste Nagusia deialdian jasotako finantzazioari esker.

UPV/EHUko eta Bordeleko Unibertsitateko ikertzaileek ez ezik, AZTIko, IMDEA Elikadura Institutuko, Rovira i Virgili Unibertsitateko eta Balear Irletako Unibertsitateko hizlariek ere hartu dute parte. Elkargune izan zen gizakien osasunean konposatu bioaktiboek duten zereginari, prozedura analitikoei eta elikagaien industriari buruzko interesa duten senior ikertzaileentzat, doktoratu ondoko ikertzaileentzat, doktoratuentzat eta graduondoko ikasleentzat.

Senior hizlariek estilbenoen zenbait alderdi izan zituzten mintzagai, esaterako osasunaren gainean dituzten efektuak, mikrobiotan eragiten dituzten aldaketak, fetu-programazioaren gaineko efektuak eta elikagai funtzionalak ekoizten erabiltzeko aukerak. Gainera, UPV/EHUko Nutrigenomika eta Nutrizio Pertsonalizatua unibertsitate arteko doktorego-programako (Portillo doktoreak zuzentzen du) eta Bordeleko taldeko doktoregai gazteek beren emaitzak aurkeztu zituzten. Ikasleen aurkezpenen xedea izan da jendaurrean hitz egiteko eta galderei erantzuteko gaitasuna garatzea, ibilbide profesionalean oso baliagarria izango baitzaie (adibidez, biltzarretan aurkezpenak egiteko). Bestalde, senior ikertzaileen txostenei esker, ikasleek ikasi ahal izan dute konposatu bioaktiboek (polifenolak eta bestelakoak) osasunean zer aplikazio dituzten.

Pandemia dela eta, mintegia online egin zuten. Hala ere, antolatzaileek uste dute arrakastatsua izan zela batez beste 60 entzule izan zirelako ekitaldi osoan. Guztira, senior ikertzaileek eta ikertzaile gazteek bederatzina aurkezpen egin zituzten.