UPV/EHUko ikertalde batek Covid-19aren infekzioa eragozten duten konposatu berriak aurkitu ditu
Aurkikuntzan hartu dute parte Frantziako Osasun eta Ikerketa Institutuak eta Innoprot enpresa bioteknologikoak, eta Euskampus Nazioarteko Bikaintasun Campusak sustatu du.
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2021/08/09
UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Iker Badiola irakasleak eta Bordeleko Unibertsitateko INSERMeko (Frantziako Osasun eta Ikerketa Institutu Nazionala) Majid Khatib doktoreak zuzentzen dituzten ikertaldeek SARS-CoV-2 birusak eragindako infekzioa inhibitzen duten konposatu batzuk aurkitu dituzte. Aurkikuntza hori Euskampus Nazioarteko Bikaintasun Campusak sustatutako lankidetza partzuergoaren emaitza da, eta Bruno Villoutreix ikertzaileak zuzentzen duen Pariseko INSERMeko ikertaldeak eta Innoprot euskal enpresa bioteknologikoak ere hartu dute parte. Egindako lanaren bidez SARS-CoV-2 birusaren infekzioa eta hedapena murrizten duten konposatu terapeutikoak identifikatu dira.
Partzuergoak, tresna bioinformatikoak erabilita, 1.000 konposatu inguru identifikatu ditu, laborategian eraginkor suertatu direnak SARS-COV-2 birusaren aurka. Horien artean, sulconazol nabarmendu da, eraginkorrena izan den agente antifungiko bat, bai eta sakonago ikertzen ari diren beste lau substantzia ere. Konposatu horren eraginkortasuna in vitro ebaluatu da, emaitza onekin, zelula ereduetan, eta % 85erainoko inhibizio tasak lortu dira.
Aipatutako taldeen arteko lankidetza 2017an hasi zen, elkarrekin zuzendu zutenean doktoregoko bi ikasleren ikerketa bat, proteasek minbizian duten eraginari buruzkoa. Proteasak, proprotein convertasas deituak, Iker Badiola ikertzailearen lan ildo nagusietako bat dira. Ikusi dute minbiziaren kasuan taldeak ikertzen duen convertasetako batek (furina) parte hartzen duela baita ere SARS-CoV-2 birusak eragindako infekzioan, spike proteina aktibatzen baitu; eta aurkikuntza hori funtsezkoa izan da ikertzaileek bide hori jorratzeko.
Ikerketa partzuergoak jakinarazi du ikerketa artikulu batean laburtu eta argitaratuko dituztela lortutako emaitzak.
Sulconazolaren patentea
Ikertzaileek, bestalde, sulconazolaren erabilera berriaren patentea iragarri dute, bai eta SARSCoV-2 birusak eragindako infekzioaren aurkako beste konposatu batzuena ere. Era berean, harremanetan jarri dira industriarekin, patenteak garatu eta merkaturatu ahal izateko. Partzuergoak lanean jarraitzen du, furina inhibitzen duten eta SARS-CoV-2 birusak eragindako infekzioaren aurka eraginkortasun handia erakutsi duten beste lau konposatuak aztertzen.
Patenteari buruzko informazio gehiago:
https://patentscope.wipo.int/search/en/detail.jsf?docId=WO2020127059