‘Komikiak aztertzeko gida bat’ komiki forma duen liburua da eta komikien azterketarekin lotutako hastapen eta alderdi nagusiak jasotzen ditu. Lana gaur goizean aurkeztu da Bizkaia Aretoan, eta besteak beste, komikien hizkuntza, ekoizpena, banaketa-metodoak, ikerketa-eremuak eta munduan zehar garatu diren tradizioak eta generoak aztertzen ditu.
Komikiari buruz irakasteko komiki bat
LAIDA ikerketa taldeak koordinatu du lana
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2022/01/13
Formatu hori ez da berria, Josean Morlesínek, proiektu honen koordinatzaileak, adierazi duen bezala. Nabarmendu duenez, “azken urteotan ikerketa-lan ugari egin dira komiki moduan, eta ez datoz soilik espazio artistikotik. Komikia, orain, ikerketa-eremua da, baina baita komunikazio-eremua ere”.
LAIDA Literatura eta Identitatea ikerketa-taldearen koordinaziopean, Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzuak argitaratu du euskaraz. Jatorriz ingelesez argitaratu zuen Oxfordeko Unibertsitateko TORCH Ikerketa Zentroan (The Oxford Research Centre in the Humanities) dagoen Oxford Comics Network ikerketa-sareak.
Gida honen egileak Enrique del Rey Cabero (Alcalako Unibertsitateko Juan de la Cierva doktoretza ondoko ikertzailea eta GILCO Literatura Garaikideko Ikerketa Taldeko kidea), Michael Goodrum (Canterbury Christ Church Unibertsitateko Historia Modernoko irakaslea) eta Josean Morlesín Mellado (Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultateko irakaslea eta LAIDA Literatura eta Identitatea ikerketa taldearen kidea) dira. Enrique eta Michael gidoiaz arduratu diren bitartean, Joseanek marrazkiak gauzatu ditu.
Irakasleak gidaren funtzioa nabarmendu du: “Gidak oinarrizko hainbat alderdi teoriko erakusten ditu, gehienentzat ezezagunak direnak, eta ikasgelan garatzen ditugu praktikaren bidez. Komikiaren diziplinari esker, kasu honetan teoria bera den ideia bat modu grafikoan komunikatu daiteke”.
Liburua esparru akademikoko publikoari zuzenduta dago, komikien ikerketan hasteko interesa duten ikasleei zein irakasleei, baina interesgarria izan daiteke, oro har, esparru horri buruz gehiago jakin nahi dutenentzat. Euskarazko edizioak Alvaro Rabellik (idazle, ikertzaile eta komiki gidoilaria) eta José Carlos Torrek (komikigile, ikertzaile eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea) idatzitako hitzaurrea du. Gidaren bukaeran, Nick Sousanis San Francisco State Universityko irakasleari egindako elkarrizketa dago. Doktore-tesia komiki formatuan egin zuen eta 2015ean argitaratu zuen Harvardeko Unibertsitateak, Unflattening izenburupean.
Argitalpen digitala doan eskura daiteke UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuaren webgunetik. Paperezko edizioa ordea, liburu-dendetan eros daiteke.