euskaraespañol

Eguneko irudia

UPV/EHUk Klaustro saioa egingo du Errektoretzarako bi hautagaitzak aurkezteko

Noiz eta non

2024/11/11, 09:30

Kokapena

Mitxelena entzunaretoa - Bizkaia Aretoa
Avenida Abandoibarra 3. -48009- Bilbao (Bizkaia)

Deskribapena

Astelehena, azaroak 11, Bizkaia Aretoko Mitxelena Aretoan (Abandoibarra 3, Bilbo), UPV/EHUren Klaustroak saioa egingo du.

Saioan, 9:30ean lehenengo deialdian (10:00etan bigarrenean), errektore hauteskundeetara aurkeztu diren bi hautagaiek, Ekonomia Aplikatuko katedradun Eva Ferreirak eta Joxerramon Bengoetxea Zuzenbidearen Filosofiako katedradunak, beren programak aurkeztuko dituzte.

Klaustroa balioz eratuko da lehen deialdian, gutxien dela kideen erdia bertaratu dela egiaztatu ondoren. Bestela 30 minutu beranduago hasiko da.

Errektoretzarako hauteskundeei buruz

Errektorea unibertsitateko agintari akademiko gorena da. Errektorea unibertsitateko kideek hautatzen dute,  hautaketa zuzenaz eta sufragio unibertsal, libre, sekretu eta haztatuaren bidez. Errektore izateko hautagaia arduraldi osoan diharduen irakasle ikertzaile iraunkor doktorea izan behar da eta izan behar ditu, gutxienez, ikerketako hiru seiurteko, irakaskuntzako hiru bosturteko eta lau urteko esperientzia unibertsitate gestioan, kide bakarreko kargu batean. Atzo, hilak 7, bi hautagaitzak behin betiko aldarrikatu ziren. Biek gutxienez klaustrokideen % 10ek sinatutako bermea jaso zuten bere garaian.

Errektore izateko hauteskundeetan ematen den botoa haztatua da. Hau da, unibertsitateko kidego bakoitzari ehuneko bat esleitzen zaio eta, horregatik, hautagaitzen emaitzak ehunekotan ematen dira. Hauek dira kideei dagozkien ehunekoak: 1) unibertsitatearekin lotura iraunkorra daukaten irakasle doktoreak, % 56.25; 2) lotura iraunkorra daukaten irakasle ezdoktoreak eta lotura iraunkorra ez daukaten irakasle ikertzaile doktoreak, % 8; 3) gainerako irakasle-ikertzaileak, % 1,59; 4) ikasleak, % 22,08; eta 5) teknikariak eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileak, % 12,08.

Hauteskunde kanpaina azaroaren 8an hasi zen eta hilaren 24an amaituko da. Kanpainako mugarri nagusietako bat da azaroaren 11n egingo den Klaustroa, hautagaiek beren programak azalduko baitituzte bertan. Botoa emateko eguna azaroaren 26a da, asteartea, eta egun horretan behin behinekoz aldarrikatuko da aukeratutako hautagaitza. Boto haztatuen gehiengo soila lortzen duen hautagaitza aldarrikatuko da. Inpugnazioak aurkezteko epea abenduaren 2an bukatuko da. Inpugnaziorik ez badago, hurrengo egunean aldarrikatuko da behin betiko errektore hautetsia, hau da, abenduaren 3an.

Botoa emateko eskubidea aldez aurretik erabiltzeko aukera ematen duen boto-gordailuaren arabera ere eman ahal izango da, zehazki, azaroaren 18tik 21era.

Errektore berriak sei urteko agintaldi bakarra izango du, egungo lau urteen ordez.