euskaraespañol

Eguneko irudia

Onintze Parra Ipiña eta Ander Portillo Bazaco

Karbono dioxidoa: kutsatzaile izatetik lehengai izatera

Ingeniaritza Kimikoan doktoratu aurreko ikertzailea eta Ingeniaritza Kimikoan doktorea, hurrenez hurren

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2024/05/21

(Beste leiho bat zabalduko du)
Argazkia: frimufilms-en irudia Freepik webgunetik.

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Aldaketa klimatikoari eta berotze globalari gehien eragiten dieten berotegi efektuko gasetako bat da karbono dioxidoa (CO2). Azken hamarkadetan, giza jarduerek modu esponentzialean handitu dituzte CO2 isurpenak; batez ere, erregai fosilak (ikatza, petrolioa eta gas naturala) erretzearen eta energia kontsumo gorakorraren ondorioz.

CO2 isurpenei buruzko azken azterlanen arabera, atmosferako CO2 kontzentrazioaren maila kezkagarria da. Horrek munduko tenperatura igotzea eragin du, eta igoera horrek inpaktu larriak ditu gure planetan, hala nola muturreko gertakari klimatikoen maiztasuna handitzea eta ozeanoen azidifikazioa.

Testuinguru horretan, funtsezkoa da isurpenen arazoari aurre egingo dioten irtenbideak bilatzea.

CO2-a atzematea eta gordetzea

CO2-a atzematea eta gero gordetzea funtsezko estrategia bilakatu da berotegi efektuko gasen isurpenak murrizteko.

Prozesu horretan, lehendabizi CO2-a atzematen da, zuzenean airetik edo prozesu industrialetako tximinietatik. Gero, kontzentratu eta betiko gordeko den leku batera garraiatzen da. Airetik zuzenean atzemateko prozesua ikerketa fasean dago oraindik, baina foku igorlean atzematea errealitate bat da dagoeneko industrian.

Aipatu dugun moduan, CO2-a atzeman ondoren, betiko gordetzean datza estrategia nagusia. Baina, bizitza berri bat eman bageniezaioke?

Orain dela gutxi, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Ingeniaritza Kimikoa Saileko ikertzaileok CO2-tik eta hidrogenotik abiatuta gasolina eskuratzea lortu dugu.

CO2-a erabiltzea: atzematea baino gehiago

Karbono dioxidoa molekula nahiko inertea da; hortaz, zuzenean erabil daiteke edarien industrian. Hain zuzen ere, freskagarriak eta beste edari batzuk karbonatatzeko gehien erabiltzen den konposatuetako bat da. Era berean, sua itzaltzeko sistemek CO2-a erabiltzen dute sugarrak amatatzeko, su hartzeko gaitasun txikia duelako.

Zuzenean erabiltzea baino, interesgarriagoa da CO2-a balio erantsi handiagoko konposatu bilakatzea. Baina, lehen esan dugun bezala, CO2-a molekula inertea da. Hori dela eta, zaila da beste konposatu bat bilakatzea, duen egonkortasunagatik. Ondorioz, konposatu hori aldatzeko prozesuak erronka handiak izaten dira, zentzu askotan: energia kostu altuak, lan egiteko baldintza gogorrak (presio eta tenperatura altuak) eta erreakzio kimikoak aktibatzeko katalizatzaileen erabilera.

Dena den, gero eta ikerketa lerro gehiagok lantzen dute gai hau, eta handitzen ari da ustez kutsakorra den gas honetatik abiatuta ekoitzi daitezkeen konposatuen zerrenda.

Plastikoa, eraikuntzako materialak eta erregaiak

CO2-a produktu interesgarri bilaka daiteke ibilbide biologiko edo kimikoen bidez.

Eraldaketa biologikoak mikroorganismoak erabiltzen ditu energia iturri gisa, eta horiek CO2-a bioproduktu bilakatzen laguntzen dute; esaterako, almidoia, etanola eta bioplastikoak, beste batzuen artean.

Era berean, fotosintesia imita daiteke prozesu biologikoen bidez. Hala, algak ekoitzi daitezke CO2-a, mantenugai inorganikoak eta argi iturri bat erabilita.

Bestetik, prozesu kimikoak zabalagoak dira, eta CO2-a erabilgarritasun handiko produktu bilakatzea ahalbidetzen dute. Karbono dioxidoa lehengaia izan daiteke polimeroak eskuratzeko, hala nola polietilenoa edo polipropilenoa. Horiek, gero, plastikoak ekoizteko balioko digute.

Interes berezia duen beste prozesu bat CO2-a metanol bilakatzen duena da. Metanola aitzindari oso garrantzitsua da plastikoak eta beste produktu kimiko batzuk ekoizteko.

Eraikuntzako materialak fabrikatzeko ere erabili izan da karbono dioxidoa; adibidez, zementua edo hormigoia. Prozesu horiekin lotutako emisioak nabarmen murrizten laguntzen du horrek.

Gure kasuan, karbono dioxidoa eta hidrogenoa gasolina bihurtzeko, metalez (adibidez, ) osatutako katalizatzaileak erabili ditugu; adibidez, zinka edo zirkonioa eta zeolitak —jatorri bolkanikoko minerala—. Erreakzio kimiko bat gertatzeko behar den aktibazio energia murrizten duen eta, hala, erreakzio kimikoa azkartzen duen substantzia bat da katalizatzaile bat. Era berean, prozesua gauzatzeko baldintzak murrizten eta ekonomikoki bideragarria izaten laguntzen du.

Erreaktoreari emandako CO2-aren % 30 baino gehiago gasolina bihurtzea lortu dugu, eta kalitatezko gasolina dela esan dezakegu.

Prozesu mota horiek garatzeko lanean jarraitzen badugu, kutsatzaile soil izatetik lehengai baliotsu ere izatera pasatuko da CO2-a.

The Conversation