euskaraespañol

Eguneko irudia

‘Kalelagun’ nahi gabeko bakardadea arinduko duten hiri-plazak diseinatzeko proiektu berritzailea aurkeztu da

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2024/06/24

Irudia
Beasaingo Igartzako jauregian egin zen aurkezpena | Argazkia: GFA

Gizarte harremanak eta belaunaldi arteko harremanak sustatzeko ad hoc diseinatutako lehen espazio publikoa bisitatu dute bost herrialdetako ordezkariek Beasainen. Foru Aldundiak, Adinberrik, Beasaingo Udalak eta UPV/EHUk bultzatu dute proiektua, eta Arrasatera eta Donostiara ere zabalduko da.

“Kalitatezko espazio publikoak diseinatzea, gozamen aktiboa, gizarte harremanak eta belaunaldien arteko harremanak errazteko, nahi gabeko bakardadeak arintzeko eta Gipuzkoa harremanen lurralde gisa indartzeko”. Horixe da ‘Kalelagun’ proiektuaren helburua, Gipuzkoako diputatu nagusia den Eider Mendozak Beasaingo Igartzako jauregian egin zen aurkezpenean adierazi bezala. Ekimena nahi gabeko bakardadeei aurre egiteko Gipuzkoako Hariak estrategiaren barruan kokatzen da, eta Arrasatera eta Donostiara ere zabalduko da.

Beasainera egindako bisita Korale proiektuaren barruan kokatzen da. Proiektu hori Gipuzkoa buru duen Europako sare bat da, eta beste bost herrialdek osatzen dute: Austriak, Danimarkak, Irlandak, Belgikak eta Portugalek. Interreg Europe-k Gipuzkoa hautatu du sare berri horren buru izateko, eta datozen lau urteetan bidaiak eta bisitak egingo dira eskualde eta hiri desberdinetan garatzen ari diren Europako proiektuak ezagutzeko eta partekatzeko. Helburua komuna da: nahi gabeko bakardadeak Europa osoko politika publikoen erdigunean jartzea.

Lau urteko bidaia horretako lehenengo geralekua Gipuzkoa da. Egun hauetan bost herrialdeetako ordezkariek zuzenean ezagutu dute zertan datzan Gipuzkoako Hariak estrategia, eta esperientzia zehatzetan sakondu dute, hala nola Beasaingo Kalelagun proiektuan.

Kalelagunek Gipuzkoako Foru Aldundiaren zahartzearen arloko berrikuntzarako Adinberri fundazioaren babesa du, eta Caviar UPV/EHUko Arkitekturako Bizi Kalitatearen Ikerketa Taldeak gauzatzen du, Beasaingo Udalarekin lankidetza estuan. Europako bost herrialdeetako ordezkariekin batera, gaurko jardunaldian parte hartu dute Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak, Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak, Adinberriko zuzendari Rakel San Sebastianek, Beasaingo alkate Leire Artolak, Hirigintzako zinegotzi Adur Ugartemendiak, UPV/EHUko ikerketaren arloko errektoreorde Inmaculada Arosteguik zein UPV/EHUko Arkitektura Saileko zuzendari eta proiektuaren ikertzaile nagusia den Olatz Irulegik.

Azaldu duten bezala, Kalelagun proiektuak Gipuzkoako hainbat espazio publiko eraldatzeko erronka du, eta nahi gabeko bakardadea murrizten lagunduko duten lekuak sortzeko diseinu jarraibideen gida bat izango du emaitza. Fenomeno hori “gero eta ohikoagoa eta kezkagarriagoa da Mendebaldeko herrialde guztietan, baita gure artean ere”, adierazi du Mendozak. “Nahi gabeko bakardadea prebenitu eta arindu nahi dugu, osasun emozionala hobetu eta gizarteratzea erraztuko duten kanpoko espazioak diseinatuz; azken batean, pertsonen ongizate integrala hobetuko duten espazioak diseinatuz”.

Leire Artola Beasaingo alkatearen arabera, Kalelagun bezalako proiektu aitzindari batean elkarlanean aritzeak bat egiten du Beasaingo Udalaren helburuarekin, beasaindarren bizi-kalitatea eta ongizate integrala hobetzearekin, hain zuzen ere. Barrendain plaza bezalako leku enblematiko bat are gehiago bihurtuko da topaleku, atsegin, eroso, irisgarri eta osasungarri, harremanak izateko, eta nahi ez den bakardadeari aurre egiteko.

Hori guztia, hainbat eragile, elkarte eta beasaindarren artean egindako parte-hartze prozesuari esker izan da. “Hemendik eskerrak eman nahi dizkiet egindako ekarpenagatik, proiektuaren erabiltzaile eta onuradun nagusiak izango baitira. Kalea jolasteko, egoteko, dibertitzeko eta harremanak izateko leku gisa berriz sentitzea denboran atzera egitea bezala izango da, pertsonek ibilgailuen aurrean lehentasunezko lekua zuten garaietara”.

Bakardadeari aurre egiteko plaza bat

Horrela, bada, Beasain izango da nahi gabeko bakardadeari aurre egiteko bereziki diseinatutako plaza bat duen Gipuzkoako lehen udalerria. Zehazki, Barrendain plaza aukeratu da. Bertan, estazio meteorologiko bat jarri da, “pertsonen bizi kalitaterako garrantzitsuak diren parametroak kontuan hartuz, obraren aurreko eta osteko egoera neurtzeko”, azaldu du diputatu nagusiak. Zehazki, tenperatura, zarata, airearen kalitatea edo argiztapena neurtuko ditu espazio hori eraldatu bitartean, eta, horrela, “pertsonengan eta haien ongizatean pentsatuz diseinatzea eta eraikitzea zer garrantzitsua den frogatuko da”.

Barrendian plaza berria diseinatzeko prozesua –obrak datorren urtean amaituko dira– oso parte-hartzailea izan da; izan ere, hogeita hamar pertsonak baino gehiagok hartu dute parte, besteak beste, hirugarren sektoreko eragileek, unibertsitatekoek, enpresek, erabiltzaileek eta Beasaingo Udaleko ordezkariek. Espazio berri horren osaeran hainbat alderdi hartu dira kontuan, besteak beste, elkarrizketa sustatzeko bankuak jartzea, eta belaunaldien arteko harremana bultzatzeko eta kirolarekin eta osasuna sustatzearekin lotutako jarduerak garatzeko espazioak sortzea.

“Helburua argia da: nahi gabeko bakardadea murriztea eta adinekoen ongizatea eta autonomia sustatuko duen lehen plaza sortzea. Espazio hori bat dator Hariak estrategiarekin, zeinak nahi gabeko bakardadearen fenomenoari heltzen baitio, Gipuzkoa lurralde solidarioa, kohesionatua eta pertsona guztien ongizatearekin konprometitua izan dadin. Kalelagunek, zalantzarik gabe, zahartze aktiboa sustatuko du, interakzio soziala erraztu eta harremanak sustatuko dituzten kanpoko espazio publiko irisgarri eta lagunkoien bidez”, amaitu du Mendozak.

Euskal Herriko Unibertsitateko Caviar taldea buru duen proiektu honetan lankidetzan aritu dira UPV/EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Enedi taldea, Informatika Fakultateko Intelligent System Group taldea, eta Psikologia Fakultateko Psikologia Sozialeko Kultura, Kognizioa eta Emozioa taldea eta Kriminologia Aplikatuko (CRIM-AP) taldea. Beasainen, Arrasaten eta Donostian espazio publikoak eraikitzeaz gain, ekimen horren emaitza hirigintza plangintzan parte hartzen duten profesional eta erakundeei zuzendutako diseinu gida bat izango da, pertsonek zeharkatzen eta gozatzen duten eta bizileku duten espazio fisikoaren eraldaketa sustatzeko. Ibilbide orri bat definituko du, proiektu pilotuak benetan gauzatzeko interesa duten erakundeei laguntzeko, eta Gipuzkoan proposatutako eredua Euskadin eta Europan sustatzeko.