euskaraespañol

Eguneko irudia

Teknologia analitiko aurreratuak kalamu medizinalaren ekoizpenak kontrolatzeko

Irudi hiperespektralak eta ikasketa automatikoa erabili dituzte kalamuaren kimiotipoen sailkapen ez inbaditzailea in situ egiteko

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2024/03/14

Markel San Nicolás
Markel San Nicolasek doktore-tesia egin du UPV/EHUko Kimika Analitikoa Sailean. | Argazkia: Mitxi. UPV/EHU.

Kalamua medikuntzaren arloan erabili ahal izateko, kalamu-landareen hazkuntza zorrozki kontrolatzeko teknika analitiko azkar bat garatu dute UPV/EHUko IBeA taldeko ikertzaileek. Landareak kannabinoide-motaren arabera sailkatzeko irudi hiperespektralak eta ikasketa automatikoa erabili dituzte. Teknika berriak aukera emango luke maila industrialean kalamu medizinaleko landareen trazabilitatea edo kalitate-kontrola era automatikoan ziurtatzeko.

Azken urteetan gero eta onartuago dago kalamua oso baliagarri izan daitekeela zenbait gaitzetan edo minaren aringarri gisa. Europako zenbait herrialdetan, adibidez, kalamua substantzia terapeutiko gisa erabiltzearen alde egin dute. Kalamuaren konposatu kannabinoideek pizten dute medikuntzan interes handiena; izan ere, besteak beste, garunaren plastizitatearen, neurona-garapenaren, oreka energetikoaren eta jateko gogoaren erregulazioan eragiteko ahalmena dute.

Nolanahi ere, kalamuak kannabinoide-mota desberdinak sintetizatzen ditu, zeinek eragin desberdinak baitituzte hartzailearengan, eragin terapeutikoak zein psikoaktiboak. Beraz, ezinbestekoa da landareen ekoizpen-prozesuan kalitate-kontrola bermatzeko metodo zehatz eta eraginkorrak garatzea. “Kalamu medizinala oso era kontrolatuan ekoitzi behar da, eta, gaur egun, oraindik ez dago horren inguruko erregulazio argirik”, dio Markel San Nicolas UPV/EHUko IBeA taldeko ikertzaileak.

Kalamu-landareak ekoizten diren tokian bertan landareak azkar sailkatzeko teknologia analitiko aurreratu bat proposatu dute UPV/EHUko Kimika Analitikoa Saileko ikertzaileek. “Frogatu dugu irudi hiperespektralak eta ikasketa automatikoa erabiliz kalamuaren landareak kimiotipoen arabera sailka daitezkeela”, adierazi du Markel San Nicolasek. Kalamuaren I, II eta III kimiotipoak kalamuaren THC eta CBD kannabinoideen kontzentrazioaren arabera bereizten dira. THCa kalamuaren osagai psikoaktibo nagusia da; CBDa, berriz, ez da psikoaktiboa, eta erabilera terapeutikoa du. “Bi kannabinoide horien kontzentrazioaren arabera, I, II edo III kimiotipo gisa sailka daitezke kalamu-landareak”, azaldu du.

Metodo ez inbaditzailea

Gaur egun kalamu-landareak analizatzeko erabiltzen diren teknikak oso zehatzak dira, baina askoz ere prozesu mantsoagoak dira: “Laginak aurrez tratatu behar izaten dira, lehortu, erauzketak egin, eta, gero, zenbait teknika analitiko erabiliz (adibidez, kromatografia), analizatu egiten dira. Lan honetan frogatu dugu kamera hiperespektralaren bidez landarearen kimiotipoak bereizi daitezkeela, askoz ere sistema sinpleagoa erabiliz”.

Ikertzaileak azaldu duenez, irudi hiperespektralaren bereizgarria da “argazki-mota honek hiru dimentsio dauzkala. Hau da, argazki arrunten bi dimentsioak ditu, pixeletan banatuta, baina pixel bakoitzak kolore bakarra izan beharrean espektro oso bat dauka. Horrenbestez, hiru dimentsioko datu-kubo bat lortzen da. Infragorri hurbileko espektro oso bat dagokio pixel bakoitzari, eta horrek ahalbidetzen digu landareen analisi ez inbaditzailea egitea”.

Teknologia hau produkzio-lekuan bertan inplementatuz gero, “kimiotipoaren trazabilitatea edo kalitate-kontrola era automatikoan eta azkarrean ziurtatu ahal izango litzateke”, dio San Nicolasek. Eta, ikertzaileen ustez, oraindik ikerketa gehiago egin behar badira ere, lan hau abiapuntua izan daiteke kalamu-ekoizpenetan horrelako teknikak erabiltzen hasteko; baina, “horretarako, kalamuarekin lotutako erregulazioa finkatu, eta industria-sektore horrek aurrera egin beharko luke”.

Informazio osagarria

Markel San Nicolas Oruetxebarriak doktore-tesia egin du UPV/EHUko Kimika Analitikoa Sailean, Aresatz Usobiaga Epelde doktorearen eta Oier Aizpurua Olaizola doktorearen zuzendaritzapean.

Erreferentzia bibliografikoa