Nautikako ikertzailea
June Madariaga Navarro: «Nautika oso polita da, baina lanbide hau gustatu egin behar zaizu»
- Elkarrizketa
Lehenengo argitaratze data: 2023/12/14
June Madariaga Navarro da EHU-ekinean ataleko bederatzigarren emanaldiko protagonista. Sail horretan, zientzialariaren estereotipoak betetzen ez dituzten ikertzaileei egindako elkarrizketaren audioa eta idatzizko laburpena kaleratzen ditugu hilean behin. Nautika eta Itsas Garraioko graduan gutxi dira neska ikasleak, eta gutxiago oraindik bukatutakoan ikerketara jauzia ematen dutenak. Horietariko bat da June Madariaga.
EHU-ekinean 9. podcasta: June Madariaga Navarro.
Nautika eta Itsas Garraioko graduan, emakumezkoak gutxiengoa dira. Eta are gutxiago dira gradu hori egin ondoren ikerketara jauzia ematen dutenak. June Madariaga Navarro da gutxi horietako bat, eta, aitortu duenez, oso pozik dago bere aukerarekin.
Doktoretzaren lehen urtea egin du, eta horrela azaldu du zertan dabilen: “Zunibal enpresak eta UPV/EHUk elkarlanean buia bat jarri genuen, eta orain Euskalmetena da. Buia horrekin, ikertzen ari gara nola areagotu pertsonen segurtasuna kostan, bai hondartzetan, bai uretako jarduerak egiten ari direnena”. Dioenez, hasiera batean, irakasle batzuen ideia izan zen, eta haiek bultzatuta sartu zen proiektuan. “Orain buia bat da, baina gehiago jartzeko asmoa dugu”.
Itsasoa ez zaio arrotza Madariagari: “Nire aitite makinista zen; aita arrantzalea da; beste aitite oso errotuta dago… Orduan, bokazioz aukeratu nuen Nautika eta itsas garraioa gradua eta masterra ikastea, eta orain, horretan nago lanean, eta, gainera, doktoregoa egiten”.
Onartu du, etxekoek eta ingurukoek bere erabakia babestu bazuten ere, beldurra ere bazutela: “Beti pentsatzen duzu, hasieran behintzat, nabigatzen hilabete asko emango dituzula etxetik kanpo, eta auskalo nolako itsasontzia egokitzen zaizun… Baina ni jada ibili naiz itsasoan, eta orain portuan nago, eta pozik”.
Itsasoan eta portuan, bietan aritu da, beraz, lanean. Eta itsasoa polita bada ere, oso gogorra dela ohartarazi du: “Ez zaude etxean, ez dakizu zer gertatzen den ari den gertatzen, bakarrik kontatzen dizutena, eta batzuetan falta handia sentitzen duzu… Portuan, berriz, zortzi ordu ematen dituzu lanean, eta gero jada etxean zaude”.
Doktore-tesia egiteak ere ematen dio bertigo pixka bat, neurri batean, bere arloan ez direlako ikerketa asko egiten. “Baina irakasleek asko laguntzen didate, eta beti daude hor, adibidez, kongresu batera joateko, edo argitaratzeko… Adibidez, haiei esker, Bilboko Ingeniaritza Eskolako Teknalia gelan parte hartu dut aurten, eta hor ikusi dut garbi tesia egin nahi dudala; lehen ez nengoen hain ziur”.
Bestalde, maskulinizatutako arloa da, oraindik ere. Justu berak ikasi zuen urtean, ohi baino emakume gehiago ziren, baina normalean, 10etik 2-3 izaten dira. Eta itsasontzi batzuetan, ez dituzte emakumeak hartu nahi izaten. Berak, hala ere, zortea izan zuen: “Ikasle modura, urtebete egin behar dugu nabigatzen, eta, nire itsasontzian, ni nintzen emakume bakarra, baina gutxi ginen; guztira, bederatzi. Besteak Galiziakoak eta Euskal Herrikoak ziren, eta tratua oso ona izan zen. Baina ezin nuen beste emakume batekin hitz egin, eta horren falta nuen. Dena dela, gehienetan, eskifaia nazioartekoa da, eta gehiago izaten dira, eta horrelakoetan are zailagoa da. Bueno, eta askotan ez dute emakumerik hartzen”.
Hala eta guztiz ere, emakumeak bide hori hartzera animatuko lituzkeen galdetuta, baietz dio, baina ohar batekin: “Gustatu egin behar zaizu”. Berak bai, gustuko duela berretsi du, eta tesia egiteko gogotsu dagoela baieztatu du, gainera. “Badakit gogorra izango dela, baina orain hori da nire bidea, eta poliki-poliki ekingo diot”.
Ikertzaileari buruz
June Madariaga Navarro Portugaletekoa da, eta 2000. urtean jaio zen. Nautika eta Itsas Garraioa gradua egin zuen, eta, jarraian, izen bereko masterra. Orain, tesia egiten dabil, kostako segurtasuna areagotzeko buia-sistema baten inguruan.
EHU-ekinean ataleko podcasta Zientzia eta Gizarte Garapenaren eta Transferentziaren arloko errektoreordetzaren ekimena da.
Artikulu hau lehendabizi Zientzia kaiera webgunean argitaratu da.
Testuaren egilea: Ana Galarraga / Elhuyar Zientzia (CC-BY-SA-3.0).