Ostiral honetan egindako osoko bilkuran, Jakiundeko Batzarrak zuzendaritza-organoak berritu ditu, eta Akademiako lehendakaria, Juan Ignacio Pérez Iglesias katedraduna, eta Mahaiko hamar kideak hautatu ditu. Talde horrek gidatuko du Akademia datozen lau urteetan.
Juan Ignacio Pérez UPV/EHUko katedraduna hautatu dute Jakiundeko lehendakari
Lehendakariarekin batera, hurrengo 4 urteetan Akademia gidatuko duten Mahaiko 10 kideak ere hautatu dituzte
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2020/11/06
Hartara, jakitun hauek osatzen dute Jakiundeko Mahaia: Andrés Arizkorreta, CAFeko presidentea; Mª Isabel Arriortua, Euskal Herriko Unibertsitateko Kristalografiako eta Mineralogiako katedraduna; Iciar Astiasaran, Nafarroako Unibertsitateko Bromatologiako eta Nutrizioko katedraduna eta Ikerketako errektoreordea; Agustin Azkarate, Euskal Herriko Unibertsitateko Arkeologiako katedraduna; Humberto Bustince, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Konputazio Zientzia eta Adimen Artifizialeko katedraduna; Teresa Catalán, konpositorea eta Madrilgo Musika Kontserbatorio Nagusiko Konposizioko eta Instrumentazioko katedradun emeritua; José Luis de la Cuesta, Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbide Penaleko katedraduna eta Donostiako Kriminologiaren Euskal Institutuko zuzendaria; María Jesús Esteban, matematikaria, Paris-Dauphine Unibertsitateko irakaslea eta Centre National de la Recherche Scientifique-CRNS erakundeko ikerketa-zuzendaria; Sonia Gaztambide, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Endokrinologia eta Nutrizio Zerbitzuko burua eta Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntzako irakaslea; eta Helena Matute, Deustuko Unibertsitateko Psikologia Esperimentaleko katedraduna.
2016. urtetik hona, Jesús Mª Ugalde kimikari-fisikaria izan da lehendakaria eta Pedro Miguel Etxenike fisikaria da Ohorezko Presidentea.
Juan Ignacio Pérez Iglesias
Biologian doktorea, Fisiologiako katedraduna eta Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedrako zuzendaria. Irakaslea da unibertsitate bereko Zientzia eta Teknologia Fakultatean; fisiologia irakasten du Biologia, Biokimika eta Biologia Molekularra eta Bioteknologia graduetan.
Euskal Herriko Unibertsitateko errektore izan zen 2004ko maiatzetik 2009ko urtarrilera bitartean.
1999-2014 aldian EITBko Administrazio Kontseiluko kide izan zen, Euskal Herriko Unibertsitatearen ordezkaritzan. Eusko Jaurlaritzako Euskararen Aholku Batzordeko kide izan zen (2000-2002), eta Unibertsitateen Koordinaziorako Kontseiluko kide (2002-2004). Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroen Fundazioko eta Ikerbasqueko patronatuetako kide da. 2015etik 2020ra arte, Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioaren Batzorde Zientifiko eta Teknologikoko kide izan da.
Euskal Herriko Unibertsitatean eta Erresuma Batuko, Frantziako eta Espainiako zenbait zentrotan egin ditu fisiologiako ikerketak. Zenbait hedabidetan dibulgazio zientifikoko lanak argitaratu ohi ditu. Eta unibertsitate-sistemei buruzko bi libururen eta animalia-biologiari buruzko beste liburu baten egilea da.
JAKIUNDE, Zientzia, Arte eta Letren Akademia
2007an eratu zenetik, Jakiunde erronka zientifiko, artistiko eta literarioen eta, oro har, gizartearen erronka handiei buruzko gogoeta, diagnostiko, analisi eta aholkularitzarako espazio gisa finkatu da, eta, beraz, bete egin du erreferentziazko foro bihurtzeko bere helburua.
Gaur egun, diziplina anitzeko talde batek osatzen du Akademia; askotariko arloetako —zientzia huts eta aplikatuetatik sorkuntza artistikora eta pentsamendu kritikora— 77 akademikok eta 24 kidek osatzen dute. Haien arlo profesionalean duten merezimendu eta bikaintasunagatik aukeratu dituzte kide guztiak, eta Akademian elkarrekin lan egitearen aldeko apustua egin dute guztiek, etorkizuneko erronkei buruzko haien pertzepzioa eskaintzeko eta zientziak, arteak eta letrak gizartean sustatzeko. Arreta berezia jarriko zaio hurrengo belaunaldiak etorkizunari aurre egiteko ahalik eta prestakuntzarik onena izateari.
Jakiundeko kideak izan daitezke akademiko osoak (kargugatiko jakitunak edo hautetsiak); kide urgazleak; kide urgazle gazteak eta ohorezko jakitunak.
2017an, diziplinarteko lana aberaste aldera eta belaunaldien arteko pertzepzioa izate aldera, gazte talentudunak kide urgazle gisa sartzea erabaki zuen Akademiak. Hartara, ikuspegia zabalagoa izango zuen lan-ildoak hausnartzeko eta aztertzeko garaian.
Akademiko hautetsiak, “jakitun” deritzanak, Batzarraren gehiengo absolutuak hautatzen ditu eta hitza eta botoa dute. Kargugatiko akademikoak Jakiunderen lurralde-esparruko unibertsitateetako errektoreak dira, baldin eta Akademian parte hartu nahi badute, eta haien agintaldiak irauten duen bitartean izango dira Jakiundeko kide.
Kide urgazleak ere Batzarrak hautatzen ditu; Akademiako jardueretan laguntzen dute, nahiz eta gobernu-organoetan parte hartzen ez duten. Haien gaitasunagatik hautatu dituzte, eta prestakuntza garrantzitsua dute. Hitza dute, baina ez botoa.
2019ko azaroko osoko bilkuran, Batzarrak beste 14 kide sartzea onartu zuen, eta horien kargu-hartzea joan den udaberriko osoko bilkuran egitea aurreikusi zen. Covid-19aren eta alerta-egoeraren ondorioz, bertan behera geratu zen ekitaldia. Inguruabarrak kontuan hartuz, oraingoan ere bertan behera geratu da ekitaldi hori. Nolanahi ere, kide berri bakoitzak on line egin du bere aurkezpena. Kargua hartzeko ekitaldi formala etorkizunean egin ahal izatea espero da.
14 KIDE BERRIEN AURKEZPENA
14 kide berriak zenbait kategoriatan sartzen dira. 2 akademiko hautetsi; kargugatiko akademiko 1; 6 kide urgazle; eta 5 kide urgazle gazte.
Akademiko oso hautetsi gisa sartu dira Alicia Alonso, Euskal Herriko Unibertsitateko Biokimikako katedraduna eta José María Rodríguez Ibabe, Industria Ingeniaritzako doktorea. Kargugatiko akademiko gisa sartu da Patxi Elissalde, Bidarteko (Lapurdi) Industria Teknologiako Goi-mailako Eskolako (ESTIA) zuzendaria.
ALICIA ALONSO doktorea izan zen CSIC eta UPV/EHUren Ikergune Mistoaren Biofisikako Unitateko lehen zuzendaria, eta bertan jarraitzen du lanean. Irakaskuntzako eta ikerkuntzako lanak uztartzen ditu. Euskal Herriko Unibertsitatean “biofisikako” eta “nanoteknologiako” irakaskuntzaren arduraduna da. 2017an Manuel Rico-Bruker saria jaso zuen Espainiako Biofisikako Elkartearen eskutik, bere ikerketa-lana aitortuz.
JOSÉ Mª RODRIGUEZ IBABE industria-ingeniaria mundu osoan erreferentea da altzairuaren industriaren arloan; izatez, metalurgiaren, ijezketaren, forjaketaren eta tratamendu termomekanikoen arloko bere ikerketek garrantzi handiko aplikazioak izan dituzte. Nazioarteko sari ugari jaso du.
Bere bi pasio handiak landu ditu: teknologia eta euskara. Elhuyar Fundazioko lehendakaria izan da eta Eusko Jaurlaritzako Euskararen Aholku Batzordeko kide izan da, baita Eusko Ikaskuntzako kide ere —6 urtez izan zen Argitalpen Kontseiluko lehendakari—.
Kide urgazle gisa sartu dira Begoña García Zapirain, Deustuko Unibertsitateko Konputazio Zientzia eta Adimen Artifizialeko irakasle titularra eta ikertzailea; Ivan Igartua Eslaviar Filologian katedraduna, Euskal Herriko Unibertsitateko Arabako Campuseko errektoreordea; Igor Ijurra, Iruñeko Orfeoiko zuzendaria, kide urgazle gazte ere izandakoa; Roldán Jimeno, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zuzenbidearen Historiako irakasle titularra; David Mecerreyes, Polymat-eko zuzendariorde zientifikoa; eta Esteban Morrás, Nafarroako DAS-NANOko zuzendaria.
Eta kide urgazle gazte gisa sartu dira Edurne Bartolomé, Deustuko Unibertsitateko Soziologiako irakasle titularra eta ikertzailea; Ion Errea CFM-CSICeko Materialen Fisikako Zentroko ikertzailea eta Euskal Herriko Unibertsitateko Fisikako irakasle atxikia; Aran García-Lekue, Fellows Gipuzkoa, DIPC; Iñaki Pinillos NASERTICeko zuzendaria, Nafarroa, eta Jon Mikel Zabala, Deustuko Unibertsitateko Deusto Business School-eko irakaslea eta ikertzailea.