Joxerra Bengoetxea hautagai hautetsia abenduaren 3an izendatuko dute behin betiko
Zuzenbidearen Filosofiako katedradunak zuzenduko du euskal unibertsitate publikoa datozen sei urteetan
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2024/11/28
Euskal Herriko Unibertsitateak joan den asteartean, azaroaren 26an, egin zuen errektore hauteskundeen bozketa, eta Joxerramon Bengoetxea Zuzenbidearen Filosofiako katedradunaren hautagaitza nagusitu zen, boto haztatuaren % 63,63rekin. Agintaldia, lehenengo aldiz, sei urtekoa izango da, eta ezin izango da ez luzatu ez berritu, hala ezartzen baitu martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoak, Unibertsitate Sistemari buruzkoak.
Emaitzak jendaurrean aurkeztu zirenetik, errektore berriak kargua hartu arteko prozesuak urratsak egiten jarraitzen du. Bengoetxea hautagai hautetsi gisa behin-behinean aldarrikatu ostean —hilaren 27an egin zen aldarrikapen hori—, inpugnazioak aurkezteko bi eguneko epea zabaldu zen. Abenduaren 3an aldarrikatuko dute behin betiko errektore hautetsia. Ondoren, hiru eguneko epea irekiko da behin betiko aldarrikapen horren aurkako erreklamazioak aurkezteko.
Izendapena da hurrengo urratsa. UPV/EHUko Estatutuetako 179. artikuluaren arabera, “Errektorea Euskal Autonomia Erkidegoko organo eskudunak izendatuko du”. Beraz, lehendakariak sinatuko du Euskal Herriko aldizkari ofizialean argitaratuko den izendapen-dekretua. Errektore berriak kargua hartu arte, Errektorea Aukeratzeko Hauteskundeei buruzko Arautegiaren testu bateginak dioen bezala, Eva Ferreira errektoreak jardunean jarraituko du.