euskaraespañol

Eguneko irudia

In memoriam: José Manuel Castells Arteche

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2024/10/22

Urriaren 19an hil zen Donostian, 81 urte zituela, Jose Manuel Castells Arteche jauna, Administrazio Zuzenbideko katedraduna eta UPV/EHUko irakasle emeritua.

Unibertsitate Konplutentsean doktoratu zen 1971n, sari berezia lortuta García de Enterría irakasleak zuzendutako tesiagatik: “Las Asociaciones Religiosas en la España Contemporánea. Un estudio jurídico-administrativo. 1767-1965” (Miguel Artola jaunaren hitzaurrearekin argitaratua). Zaragozako Unibertsitatean ere izan zen, Lorenzo Martín-Retortillo jaunarekin, hura izanik "El derecho de libre desplazamiento y el pasaporte en España" (1974) liburuaren hitzaurrearen egilea. 1974an Donostiako Zuzenbide Fakultatean hasi zen (garai hartan Valladolideko Unibertsitatearen menpekoa) T. R. Fernández irakaslerekin batera: irakasle atxikia izan zen garai hartan eta, gerora, 1984an, UPV/EHUn jada, katedra lortu zuen.

Hainbat monografia garrantzitsuren egilea —"El Estatuto Vasco. El Estado regional y el proceso estatutario vasco", A. Celayaren hitzaurrearekin (1976); "La Euskadi autónoma y los funcionarios públicos"(1980); "Reflexiones sobre la autonomía vasca", G. Monrealen hitzaurrearekin (1986); "Proceso de construcción y desarrollo de la función pública autonómico", G. Jaureguiren hitzaurrearekin (1988); "La policía autónoma" (1988); edo "Cuestiones finiseculares de las administraciones públicas", E. García de Enterriaren hitzaurrearekin (1991)—, eta taldean egindako hainbat lanen egile eta kolaboratzaile ere bada, batez ere zuzenbide publikoaren eta zuzenbidearen historiaren arlokoak, eta aintzatespen akademiko handia izan zuen administrazio zuzenbidearen alorrean.

Gure unibertsitatearen kudeaketan ere jardun erabakigarria izan zuen, garai zailetan Zuzenbide Fakultateko dekanoa (1981-1983 eta 1987-1993) eta UPV/EHUko idazkari nagusia (1984-1987) izan baitzen, besteak beste.

Era berean, autonomia aurreko garai oso urrunetan, Eusko Kontseilu Nagusiko Toki Administrazioko Zuzendaritzatik (orduan Herrizaingo Kontseilaritza) Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen sorrera bultzatu zuen. Handik gutxira, 1981ean, Administrazio Publikoaren Euskal Aldizkaria sortu zuen; Ramón Martín Mateo irakaslea izan zen lehen zuzendaria eta J. M. Castelles idazkaria. Gerora, bera izan zen zuzendaria denbora luzez (1985etik 2012ra).

Antolatzeko eta lan egiteko gaitasun handia zuen eta jardunaldi, mintegi eta taldean egindako argitalpen lan ugari diseinatu zituen. Era berean, gai izan zen unibertsitateko lanaz gain beste hainbat erakundetan aritzeko, batez ere kulturaren arlokoetan, hala nola: Eusko Ikaskuntzan Zuzenbide arloko presidente izan zen, Euskal Herriko Zuzenbide Historikoa eta Autonomikoa aztertzeko Fundazioan egin zuen lan eta Erein argitaletxean ere aritu zen.

Konpromiso handiko akademikoa, bai arlo zibikoan, bai bere unibertsitatean, beti hitz egiteko eta adostasunera heltzeko prest, harrokeriarik gabea, eta bazekien, bai, inguruan lan giro atsegina sortzen. Alaia —gai zen bere buruaz ere barre egiteko —, eta beti bere buruz seguru: pertsona azkarra izatearen ezaugarri. Azken urtean ere, larri gaixo egon arren, eredugarria zen bere jarrera: inoiz kexarik adierazi gabe eta beti bere fakultateaz eta kide ohiez galdezka.

Galera handia izan da Zuzenbide Fakultatean lankide izan genuonontzat, eta lankide ez ezik, festa ugaritan ere kide izan genuonontzat. Baina guk baino hutsune handiagoa izango dute, bai, Mertxek, Martiek, Mikelek, Maddalenek eta bere neba-arrebek.

Edorta Cobreros Mendazona 
Administrazio Zuzenbideko katedraduna eta UPV/EHUko irakasle emeritua