UPV/EHUren ikastegiek bertatik bertara ezagutzeko Jardunaldi Irekiak egingo dituzte martxoaren 22tik aurrera
Zentroak bisitatu ahal izateko derrigorrezko izen ematea martxoaren 10etik 16ra egin behar da
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2021/03/09
Euskal Herriko Unibertsitatearen ikastegiak bertatik bertara ezagutzeko Jardunaldi Irekietan izena emateko epea irekiko da martxoaren 10etik 16ra. Ezinbestekoa da izena ematea, egunotan zentroak bisitatu ahal izateko. Egungo egoera sanitarioa kontuan hartuta, aurrez aurrko jaldunaldi hauek egokitu egin dira, segurtasun neurri guztiak betez egin ahal izateko.
Ikastegien Jardunaldi Irekiak martxoaren 22tik 27ra egingo dira, eta 2021-2022 ikasturtean Euskal Herriko Unibertsitatean ikasten hasi nahi duten ikasleei zuzenduta daude. Etorkizuneko ikasleek izena eman duten UPV/EHUren eskola edo fakultatea bisitatu ahalko dute, zenbait kasutan senide batek lagunduta, eta, horrela, instalazioak eta baliabideak ezagutu ahalko dituzte, eta interesgarri zaizkien graduko ikasketei buruzko xehetasun guztiez informatu eta, horrela, unibertsitate ikasketei buruzko erabakia hartzeko behar duten orientazio guztia lortu.
Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreorde Fernando Tapiak Jardunaldi Irekiak egiteak suposatzen duen apustu irmoa nabarmendu du: «Ikasturte honetan –pandemiaren ondoriozko egoera sanitario konplikatuak baldintzatuta dago–, inoiz baino garrantzitsuagoa da unibertsitatean hastear dauden ikasleei beren unibertsitate prestakuntza behar bezala orientatzeko eta, horrekin, etorkizun profesionala bideratzeko aukera emango dieten jarduerak antolatzea. Ikastegiak bertatik bertara ezagutzeko Jardunaldi Irekiak EHUazokaren jarduera osagarri bat dira. EHUazoka orientazio azoka birtual bat da, eta orain dela gutxi itxi da hiru astez jarduera bizian egon ondoren. Horren bidez, ikasleek eta senideek bertatik bertara ezagut dezakete gure unibertsitatearen titulazio eta zerbitzu eskaintza handia».
Egoera sanitarioa dela eta, izen ematearen ziurtagiria eta nortasun agiria aurkeztu behar dira ezinbestean sarreran.
Ehun gradu inguru
Euskal Herriko Unibertsitateko 2021-2022 ikasturterako graduen eskaintza akademikoak 103 gradu ditu, arlo guztietako ikasketak barne, batzuk historia luzekoak (Medikuntza, Artea, Zuzenbidea, Telekomunikazio Teknologiako Ingeniaritza edo Biologia), beste batzuk oraintsuago ezarriak (Adimen Artifiziala, Lehen Hezkuntza hirueleduna edo Energia Berriztagarrien Ingeniaritza). Eskaintzan 12 gradu bikoitz ere daude, eta horietako bat, Business + Economics, osorik ingelesez irakasten da. Izan ere, beste hizkuntzetako eskaintza handituz joan da eta dagoeneko 700 irakasgai daude ingelesez ikasteko, baita 180 beste hizkuntza batzuetan ere. Hiru graduk Unibasq Kalitatearen Euskal Agentziak bere ikasleen nazioartekotzea sustatzeagatik ematen duen nazioarteko aipamena dute.
Gainera, hamaika graduk prestakuntza duala (unibertsitateko eta enpresako irakaskuntza-ikaskuntza prozesuak uztartzen dituen eredua) ematen dute , eta Unibasq-en aipamen duala jaso dute. Prestakuntza duala alde batera utzita, ia ikasle guztiek dute euskal sareko enpresa, erakunde, GKE edo elkarteetan kanpoko praktikak egiteko aukera, urtero 12.000 praktika inguru egiten baitira, eta horietatik % 40 boluntarioak dira.
UPV/EHUk konpromiso sendoa du inklusioarekin, ekitatearekin eta iraunkortasunarekin. Adibidez, hezkuntza-premia bereziak dituzten unibertsitateko ikasleei laguntza-neurriak eta baliabideak eskaintzen zaizkie aukera-berdintasuna bermatzeko. Ikasturte honetan, unibertsitate-ikasketak egiten dituzten 425 ikasleri ematen zaie laguntza; eta Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioan, unibertsitate aurreko 439 ikasleri eman zitzaien arreta, eta horietatik 407k proba egokitzeko eskatu zuten.
Era berean, Euskal Herriko Unibertsitateak, ebaluazio independente baten ondoren, Hezkuntza Ministerioak emandako Nazioarteko Bikaintasun Campusaren kalifikazioa lortu zuen. Horretaz gain, Europa mailako bi ekimen interesgarritan parte hartzen du: Bordeleko Unibertsitatearekin mugaz gaindiko campus paregabea bultzatu du Europan, eta 2020tik Enlight-en parte da, Europako Batzordeak onartu eta finantzatutako bederatzi unibertsitate europarren partzuergoa, zeinak aukera emango baitie ikasleei egonaldiak egiteko elkartutako erakunde guztietan, prestakuntza-programa berritzaileetan parte hartuz eta gizarte-arazoei irtenbidea emanez. Horretaz gain, munduko unibertsitateekin dituen 2.000 mugikortasun hitzarmenei esker nazioartean egonaldiak egiteko aukera ugari eskaintzen ditu.
2020-2021 ikasturtean, 8.100 ikasle matrikulatu dira lehen mailan Euskal Herriko Unibertsitatean.