InfoFIA Jardunaldia
- Ekitaldia
Noiz eta non
2024/12/12, 13:00
Kokapena
Ada Lovelace aretoa - Informatika Fakultatea
Paseo Manuel Lardizabal 1. -20018- Donostia / San Sebastián (Gipuzkoa)
Deskribapena
Ostegunean, abenduaren 12an, UPV/EHUko Donostiako Informatika Fakultatean InfoFIA jardunaldia burutuko da, UPV/EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatearekin batera antolatutako lankidetza-ekitaldia, adimen artifizialarekin (AA) lotutako alderdi ezberdinen inguruan hausnartzeko gunea sortzea helburuarekin. Topaketa honen helburua da bi diziplinen ahaleginak batzea eta ezagutza teknikoa eta hausnarketa filosofikoa uztartzea, eta, horrela, AAk gizartean dituen ondorioak hobeto ulertzea.
“Informatikaren esparruan, ohikoa da prestakuntza eta ikerketa teknikoa teknologien garapenean eta aplikazioan oinarritzea, eragin sozial eta etikoa ulertzeko beharrezkoak diren tresna filosofikoei sakontasunez heldu gabe. Oinarri filosofiko hori gabe, zaila da informatika arloko sorkuntzen ondorioak testuinguru zabalago batean ulertzea. Bestalde, filosofiaren eremuak gai etiko eta sozialak modu kritiko eta sakonean aztertzen ditu, baina ezagutza tekniko nahikorik gabe zaila da gorabidean dauden teknologien (esaterako, AA) funtzionamendua eta benetako irismena baloratzea. Bi fakultateen arteko lankidetzak arrakala hori arindu nahi du, hezkuntza-ikuspegi integralagoa eskainiz, ikasleek eta bertaratutako guztiek AAren erronkak hobeto eta modu esanguratsuagoan uler ditzaten”, antolakuntzatik diote.
Ikasleei zuzendutako goizeko saioa
Goizean, saio itxi batekin hasiko da ekitaldia, Informatika eta Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia fakultateetako laugarren urteko ikasleei soilik eskainia. Topagune honetan, bi diziplinetako ikasleek Adimen Artifizialaren (AA) erronka filosofiko eta sozio-teknikoak elkarrekin aztertuko dituzte. Hurbilketa honen helburua da informatikako ikasleei beren sorkuntzen eraginari buruzko gogoeta egiteko tresnak ematea eta filosofiako ikasleei AAren inguruko ezagutza tekniko oinarrizko bat eskaintzea, sistema hauen funtzionamendua eta aplikazioak hobeto ulertzeko. Helburua da bertaratzen diren ikasleek AAren inguruko ikuspegi orokorrago bat garatu ahal izatea, eta, aldi berean, fakultateen arteko etorkizuneko lankidetzarako oinarriak ezartzea.
InfoFIA - Publikoari irekitako saioa
InfoFIA Jardunaldien arratsaldeko saioa publikoari irekia izango da eta Adimen Artifizialak gure gizartean duen eraginari buruzko hainbat ikuspegi eskaintzeko helburua izango du. Hainbat hitzaldi eta mahai-ingururen bidez, filosofia, teknologia, feminismo eta politika arloetako pertsona ezagunek beren ezagutza eta ikuspuntuak emango dituzte, AAk gaur egungo testuinguruan dituen rolak eta inplikazioak aztertzeko. Izen-emateak eta informazio gehigarria eskuragarri dago https://filosofiacst.net/infofia/ helbidean.
EGITARAUA
13:00 - 14:30 - Xabier Barandiaranen sarrera-hitzaldia: "Gizateria eraldatzea: AA sortzailearen existentzia modua gizarte garaikidean"
Xabier Barandiaranek, kognizioan eta teknologiaren eta politikaren arteko elkargunean aditua den UPV/EHUko filosofoak, hitzaldi honetan AA sortzailea egungo egitura sozial eta politikoetan nola integratzen ari den aztertuko du, giza interakziorako moduak eta garapen kulturala eraldatuz.
16:00 - 16:45 - Miren Gutiérrezen hitzaldia: "Boterea, generoa eta diskurtsoa plataformen aroan"
Miren Gutiérrez ikerlaria da Deustuko unibertsitatean eta feminismoan eta datu-aktibismoan aditua da, eta gaur egun antifeminismoaren gorakada aztertzen ari da. Plataforma digitalek eta AAk botere- eta genero-diskurtsoen sorreran eta hedapenean duen paperari buruzko begirada kritikoa eskainiko du, teknologia horiek egungo gizarte-dinamiketan nola eragiten duten aztertuz.
16:45 - 17:30 - Aitor Gonzálezen hitzaldia: "Salamandra: Nola garatu AA publiko bat"
Aitor Gonzálezek, Barcelona Supercomputing Centreko ikertzaileak eta AAren lehen eredu publikoaren garapenaren arduradunak, Salamandra proiektua aurkeztuko du, AArako sarbidea demokratizatzea helburu duen ekimena, kode irekiko adimen artifizialeko ereduen garrantzia azpimarratuz.
18:00 - 19:00 - Mahai-ingurua: "Arlo soziala eta teknologikoa: AAren aukerak eta eragina gaur egun"
Mahaian Miren Gutierrez, Manuel Bedia, Lola Almendros eta Aitor González izango dira. Manuel Bedia, Hizkuntzaren Ekonomia Berrirako Ordezkaria eta Zuzendari Nagusia (Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalerako Ministerioa), aditua da AAn eta zientzia kognitiboetan, eta Lola Almendros, berriz, Salamankako Unibertsitateko ikerlaria, teknologian eta politikan espezializatua, egungo gizarteetako bi esparruen arteko atzeraelikaduran aditua. Elkarrekin, panelistek AAren inplikazio sozial eta politikoak aztertuko dituzte, bizitza publikoko hainbat sektore eta esparrutan planteatzen dituen aukerei eta erronkei buruz eztabaidatuz.