euskaraespañol

Eguneko irudia

Jorge Oteiza eta arte jondoa

Eskultore oriotarraren arte jondoarekiko interesa aztertu du UPV/EHUko ikerketa batek

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2020/10/21

Jorge Oteiza y el arte jondo doktore-tesia Jorge Oteizaren Caja vacia lanaren ondoan Museo Jorge Oteiza Fundazioan (David Pavo Cuadrado).

Jorge Oteizak (Orio, 1908ko urriaren 21a - Donostia, 2003ko apirilaren 9a) honela definitzen du arte jondoa: “kultura guztien sorkuntza-prozesuaren adierazpen-fasean sortzen den une saihestezina”. Arte horrekiko interesa argitzeko, eskultorearen artxibo pertsonaleko materiala aztertu du UPV/EHUko Eskultura sailean egindako ikerketa batek, eta ondorioztatu du Hego Amerikan 1935 eta 1948 bitartean izandako egonaldia eta erbestealdia erabakigarria izan zela.

Jorge Oteizak arte jondoa aipatzen du bi liburutan: “Goya mañana. El Realismo Inmóvil. El Greco. Goya. Picasso” eta “Interpretación estética de la estatuaria megalítica americana”. Hala ere, ez du inolako aipamenik egiten terminologiaren iturriei buruz. “Adierazpen hori behin eta berriz —20ra arte— sartzeak a priori sor dezakeen arrarotasunak bere interesa eragiten duten arrazoiez eta saiakuntzan erabiltzen duen zentzuaz galdetzera garamatza. Hori dela eta, ikerketa honen helburua izan da bere pentsamendu estetikoan jondoari buruzko erreferentzia horien azpian zegoena argitzea”, adierazi du David Pavo Cuadrado UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko Eskultura saileko ikertzaileak.

“Jondo terminoa Espainiako herri-kulturatik dator, eta flamenkoaren eta tauromakiaren eremuan sortzen diren forma original, sakon eta haluzinatuenak aipatzen ditu. Harrigarria izan daiteke Jorge Oteiza adierazpen horretaz baliatzea estetikotasunaren sorrerarekin eta konfigurazioarekin zerikusia duten gaiak lantzeko, baina ulertzen da gakoa batez ere bere emaitza sortzaileen ezaugarri estetikoan kokatzen dela”, azaldu du Pavok. “Jondoari lotutako esperientziak eskultorearen bizitzan zehar egiaztatzen dira. Hala ere, jondoari buruzko lehen aipamenak 1946an, Bogotan, sortu ziren. Izan ere, 1935 eta 1948 bitartean Hego Amerikan hamahiru urtez egon zen bitartean, cante jondoari eta zezenketari lotutako gertaera batzuk bizi izan zituen, Francisco de Goyari eskainitako bi hitzaldi idatzi zituen eta abar”, erantsi du UPV/EHUko ikertzaileak.

“Jorge Oteiza adierazpen horretaz baliatzen da bere interpretazio estetikoetan une berezi, erabakigarri eta saihestezin baten berri emateko, sorkuntza-prozesu ororen bilakaeraren barruan. Jondoaren momentuak eskultorearentzat hartzen duen garrantzia honela laburtzen da: haren emaitzek, sorreran lehen aldiz, materia plastikoa eta zenbaketa estetikoa ebazten dituzte. Arte jondoa deitzen zaio aurrekaririk gabeko freskotasun baten plastika hartzen duen emaitza bati, non kultura baten alderdi herrikoi hutsa eta originaltasuna onartzen dituen”, dio Pavok.

“Arte jondoarekiko interes hori Amerikan arte unibertsal berri bat sortzeko beharrari eta asmoari lotuta dago, mundu-krisia duen une historiko eta kultural batean, bi sustraitatik abiatuta: amerikarra eta europarra”, dio David Pavo Cuadrado.

Horregatik, “arte jondoa kultura guztien sortze-prozesuaren adierazpen-fasean sortzen den une saihestezin gisa enuntziatzen du Jorge Oteizak”. Eta argitzen du: “ikerketa-lan honek balio izan du egiaztatzeko jondoa funtsezkoa dela eskultorearen planteamendu estetikoetan. Haren erbestealdiak, Espainiako gerra zibilaren eta gerraostearen egoerak baldintzatuta, bere interesa zehazten du, eta aukera ematen du jakiteko jondoari buruzko aipamenak kalkulatu egiten direla, eta ezin dela ulertu, urrutian bizi den gerra-egoera horretan, faxismoaren aurrean egiazkoa denaren aldeko jarrera politiko gisa”, dio ikertzaileak. “Oteizak Estetika Objektibo bat eraiki du, arteari tresna operatiboak eman nahi dizkiona izaki estetikoaren eraketaren berri emateko, hau da, egitura osatzen duen artelanaren berri emateko. Eta arte jondoa, horri dagokionez, erabakigarria da natural edo ez estetikotik estetikora igarotzea dakarrelako”, azaldu du.

UPV/EHUko ikertzaileak nabarmendu duenez, “ikerketa-lan honek Jorge Oteiza eskultorearen garai suramerikarra sakonago ezagutzen lagundu du, datu biografikoak, arte eta lan esperientziak edo artista eta pentsalari garaikideekin izandako harremanak argitzen. Hori guztia Altzuzako (Nafarroa) Museo Jorge Oteiza Fundazioan dauden eskultorearen artxibo pertsonaleko material argitaragabeak aztertuta egin da.

Informazio osagarria

Ikerketa hau David Pavo Cuadrado (Ermua, 1987) doktore-tesiaren barnean egin da. Doktore-tesiaren izenburua Jorge Oteiza y el arte jondo da. UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko Eskultura saileko  Ana Maria Pilar Arnaiz Gomez eta Isusko Vivas Ziarrusta irakasleak izan ditu zuzendari. 2016an Eusko Jaurlaritzak emandako beka batekin egin du doktore-tesia.