euskaraespañol

Javier Herrero, 2018ko Kimikako Euskal Olinpiadaren irabazle

Gastón García bigarren postuan sailkatu da, eta Mikel Martínezek lortu du hirugarren postua.

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/04/10

Javier Herrero, 2018ko Kimikako Euskal Olinpiadaren irabazle
2018ko Kimikako Euskal Olinpiada

Urdaneta Ikastetxeko Javier Herrero Álvarezek lortu du urrezko domina Kimikako Euskal Olinpiadaren XXXI. edizioan. Bigarren postuan, berriz, Gaztelueta Ikastetxeok Gastón García Orueta sailkatu da, eta brontzezko domina Julio Caro Baroja BHIko Míkel Martínez Puenterentzat izan da. Hirurak joango dira Salamancako Unibertsitatea sortu zeneko 800. urteurrena dela-eta maiatzaren 4tik 6ra Salamancan bertan egingo den fase nazionalera.

Euskal Olinpiada martxoaren 23an egin zen UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatean, eta 8 ikastetxetako batxilergoko bigarren mailako 53 ikasle aurkeztu ziren. Espainiako Kimikako Errege Elkartearen Lurralde Atalak eta Euskal Herriko Kimikarien Elkargo Ofizialak antolatzen du, eta Pascual Román izan zen Olinpiadaren koordinatzailea EAEn.

Gaztelueta Ikastetxeak eta Julio Caro Baroja BHIk aurkeztu zituzten ikasle gehien deialdi honetara: 15 eta 13 ikasle, hurrenez hurren. Askartza Claret eta Urdaneta ikastetxeetako ikasleen parte hartzea ere nabarmena izan zen: 7 eta 5 ikasle aurkeztu ziren, hurrenez hurren. Pascual Románek dioenez, Zientzia eta Teknologia Fakultatearen helburua da hurrengo edizioetan Kimikako Euskal Olinpiadako parte hartze kopurua areagotzea.

Olinpiada EAEko batxilergoko lehenengo eta bigarren mailako ikasleentzat da. Helburu du ikasleak Zientziaren arlo horren garapenean estimulatzea eta inplikatzea eta, era berean, arlo horrek gaur egungo munduan duen garrantzia azpimarratzea, haren aurrerabidea eta dibulgazioa sustatuz. UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakasleen iritziz, “gaur egungo eta etorkizuneko erronka zientifikoei arrakastaz aurre egiteko, ezinbestekoa da prestakuntza kimikoa eta, oro har, zientifikoa, eta, hortaz, funtsezkoa da ikasleen belaunaldi berriek prestakuntza hori izatea”.

Nazioarteko faseak

Salamancako fase nazionaletik aterako dira Kimikako Nazioarteko 50. Olinpiadan (IChO 2018) eta 2018ko Iberoamerikako Kimikako XXII. Olinpiadan parte hartuko duten ikasle sailkatuak. Lehenengoa Pragan (Txekiar Errepublika) eta Bratislavan (Eslovakia) ospatuko da 2018ko uztailaren 19tik 29ra, eta bigarrena San Salvadorren egingo da (El Salvador Errepublika) 2018ko irailaren 21etik 28ra.

Kimikako Olinpiada Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren programa bat da, Espainiako Kimikarien Elkarte Nazionalarekin eta Espainiako Kimikako Errege Elkartearekin batera sortutakoa 1995ean, eta bigarren hezkuntzako azken urteko ikasleen sormena eta interesa estimulatzea du helburu. Honako hauek parte hartzen dute programan: parte hartu nahi duten bigarren hezkuntzako zentro publiko eta pribatu guztiek, kimikarekiko interes handiena duten ikasleen bitartez, unibertsitate guztiek, unibertsitatera sartzeko proben koordinatzaileen bitartez eta 15.000 kimikaritik gora ordezkatzen dituzten bi elkarteek.