euskaraespañol

Javier Escobar da psikiatra gazteleradun bakarra Nahasmendu mentala zer den zientzia gaietarako aholku batzordean

«Psikiatrian, gaur egungo sendagaiak ez dira duela 50 urtekoak baino hobeak»

Ikertzaile kolonbiar entzutetsu honek DSM5 gidaliburuaren euskarazko itzulpenean parte hartu du. Liburu hori da osasun mentalaren sintomak detektatzeko nazioarteko gida nagusia

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2019/07/11

Javier Escobar

Javier Escobar da psikiatra gazteleradun bakarra Nahasmendu mentala zer den eta DSM5 gidan (Diagnostic and Statistical Manual of Mental Disorders / Gaixotasun Mentalen Diagnostiko eta Estatistikaren Eskuliburua) sartzea erabakitzen duen zientzia gaietarako aholku batzordean. Osasun mentalari buruzko Estatu Batuetako gida hau mundu osoko erreferentzia da. Escobarrek Rutgers-eko Unibertsitatean (AEB) lan egiten du gaur egun, eta Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko taldeekin elkarlanean ari da, 70eko hamarkadan José Guimón irakasleak Euskadin osasun mentalaren inguruko ikerketetan parte hartzeko proposamena egin zionetik.

Zer dela-eta etorri zara Bilbora, Escobar doktorea?

Rutgerseko Unibertsitateak eta UPV/EHUk elkarlanerako zenbait hitzarmen sinatu ditugu ikerketak eta ikasleen zein ikertzaileen trukeak egin ahal izateko.

Agurtzane Ortiz eta Naiara Ozamiz doktoreekin (Neurozientzietako Departamentuko ikertzaileak) elkartzeko aprobetxatu dut, eta egin dugun DSM5 gidaren euskarazko itzulpena izaten ari den oihartzunari buruz hitz egin dugu, baita etorkizunean elkarrekin egiteko proiektuei buruz ere.

Zer deritzozu DSM5 gidaliburua euskaratzeko lan horri?

Paregabea da, oso garrantzitsua. Ez dut uste beste inon egin denik. Nortasunaren nahasmenduetan adituak direnek izugarri eskertzen dutela uste dut; izan ere, prestigio handiko aldizkarietan argitaratu da.

Norbaitek gertatzen zaiona bere hizkuntzan adieraztea (euskaraz, kasu honetan), eta psikiatra batek, sintoma batzuk identifikatu, eta horietatik gaixotasun mental bat diagnostikatzea aurrerapauso handia da. Hori da itzulpen horrek ahalbidetzen duena.

Gaixotasunak unibertsalak izan ohi dira: euskaraz zein kitxuaz mintzatu, jendeak modu berean adierazten ditu, baina hitz ezberdinak erabilita. Horra hor ikerketa globalen garrantzia. Esaterako, lehen uste genuen nortasunaren nahasmenduak (nartzisista,…) Ipar Amerikan besterik ez zeudela, baina José Guimón lagun minarekin eta bere taldearekin ikertzen hasi nintzenean, hemen ere gertatzen zirela ohartu ginen.

DSM5 gidaren argitalpenak zalaparta eragin zuen, ohikoak izan daitezkeen hainbat gaixotasun biltzen ez zituelako; Interneten adikzioa edo bideo jokoena, besteak beste.

Erabaki horietako asko politikoak dira. Adibidez, gure batzordeak nortasun nahasmenduen irizpideak aldatzea eta irizpide berriak sartzea aholkatu zuen, UPV/EHUrekin egindako ikerketa batean ere erabili genituenak. Batzorde zientifiko guztiek onartu zuten ideia, baina Amerikako Psikiatria Elkarteko Zuzendaritza Batzordeak irizpideak ez aldatzea erabaki zuen, psikologoen eta psikoanalisten presioarengatik.

Esan didazunari dagokionez, Interneteko jokoek eragindako nahasmendua nazioarteko sailkapen-sistemaren barruan sartzeko eskaria nabarmena zen, japoniarren eta Ekialdeko herritarren aldetik batez ere, hango gazteen artean izugarri zabaldu baita. Diagnostiko psikiatrikoa izateko aukera asko dituela uste dut, beste funtzio batzuekin nahasten delako, pertsonak ez du lorik egiten.

Etorkizuneko berrikuspenen batean, akaso?

Gehikuntzak egiteko prest gaude beti. Izan ere, Amerikako Psikiatria Elkartea emaitzen eske dabil, aldatu behar diren diagnostikoak berrikusi ahal izateko. Baina oztopo asko daude diagnostiko berriak sartzeko, gehiegi daudelako jada; izan ere, psikiatrian hamar gaixotasun zeuden hasieran eta orain berrehundik gora daude.

Zer bide hartzen ari da osasun mentalaren ikerketa?

Genetikarena. Ikerketek ehun gene komun baino gehiago azaleratu dituzte eskizofreniaren, nahasmendu bipolarraren eta depresio nahasmendu larriaren artean. Alzheimerraren bereizgarri diren geneak aurkitu dira jada. Kolonbian, esaterako, 40 urteko pertsonengan gaixotasuna aurreikusten duen ikerlan bat egin zen: gene horiek antzemanez gero, gaixotasuna izango duzu ziur.

Are gehiago, badirudi nahasmendu psikiatriko batzuen artean nolabaiteko lotura dagoela. Genetikak espezifikotasuna ematen dio diagnostikoari, baina sindrome psikiatriko larriak sailkatzeko modu berrien bila ari da, gene talde txikiagoekin erlazionatu daitezkeenak, minbiziarekin egiten den bezala.

Bide horretan ikerketaren bat egiten ari zara?

Ikerketa lerro berri bati ekiteko finantzaketa lortu dugu oraintsu, eta gaixotasun mental larriei (eskizofrenia, depresio psikotikoa, nahasmendu bipolarra…) eragiten dieten geneak aztertzea da muina. Kolonbiako kafearen eskualdean bada «paisa» izeneko herri bat, aparteko aukera ematen duena ikerketa fisikoen eta gaixotasun mentalen azterketa genetikoak eta zientifikoak egiteko. Dituen ezaugarri espezifikoak direla medio, Euskal Herriko biztanlerian ere bada zer aztertu.

Terapia «ekologiko» jakin batzuk aukera eraginkorrak direla deritzozu.

Bai. Gaixotasun batzuk ez dira horren larriak, eta terapia psikosozialekin, psikoterapiekin edo mindfulnessarekin moldatzen dira. Terapia horiek guztiek ahalmen eta eraginkortasun handia dute. Baina psikiatriaren egoera konplexua da, aurrerapena txikia izan baita. Pentsatzeko era hein batean sozializatu diguten errebisio diagnostiko horiez gain, ez dago berri handirik…

Zer esan nahi duzu?

Gaur egungo sendagaiak ez dira duela 50 urtekoak baino hobeak. Estatu Batuetara iritsi nintzenean, LSDaren, psilozibinaren eta peiotearen garaia zen, hau da, haluzinogenoen garaia, musika eta marrazki psikodelikoen garaia. Gaur egun, ketamina, zeinak propietate haluzinogenoak eta antzeko konposatuak dituen, depresio larria eta beste nahaste batzuk tratatzeko erabiltzen ari da. Gainera, kalamua, marihuana, legeztatu egin da, eta erabilera terapeutiko asko ditu. Geldialdi zientifikoaren seinale dela uste dut, garatzen diren sendagaiek ez dutela abantaila handirik ekarri.

Ezkorra al zara?

Ez… Oso gaixotasun konplexuak dira. Espezialitate medikoen artean, psikiatria da zailena.

Zer elkarlan-proiektu dituzu buruan epe laburrera UPV/EHUrekin?

Lankidetza zabaltzen jarraitzea. Geriatriaren eta psikopediatriaren arloan ikertzeari buruz aritu gara. Geriatria: garrantzitsua da dementziaren edo alzheimerraren prebentzioan jardutea, familietan duen eraginarengatik, bizi-kalitatea hobetu ahal izateko… Bestalde, nahasmenduen azterketa genetikoan parte hartu nahi dugu nolabait, euskal populazioaren ezaugarriak bereziak direla kontuan hartuta. Eta, noski, ikasleen eta irakasleen trukearekin jarraitzea. Zahartze Osasuntsua eta Bizi Kalitatea Masterraren saio batean parte hartzeko gonbidatu naute. Horrelako topaketek elkarlana handitzeko aukerak zabaltzen dituzte.