Javier Cortés de las Herasek esperientzia handia du hezkuntza arloan: orientatzailea da Berenguer Dalmau institutu publikoan, eta irakasle elkartua Valentziako Unibertsitateko Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Prestakuntza Unibertsitate Masterrean. Bihar, ‘Gaitasunen ebaluazioa LOMLOEren esparruan’ gaiari buruz hausnartuko du Bilboko Hezkuntza Fakultatean egingo diren ‘Hezkuntza-frogak’ jardunaldietan.
HEZKUNTZA-ZIENTZIETAN DOKTOREA ETA VALENTZIAKO ERKIDEGOKO BERENGUER DALMAU BIGARREN HEZKUNTZAKO INSTITUTUKO ORIENTATZAILEA
Javier Cortés: «Irakasteko modua aldatu egiten bada, ebaluatzeko tresnak ere aldatu egin behar dira»
- Elkarrizketa
Lehenengo argitaratze data: 2023/10/26
40 urte pasatxoan zortzi hezkuntza-lege egon dira; horietako bat bera ere ez da izan hezkuntza-arloko estatu-itun handi baten emaitza, eta etengabeko ika-mika politiko, mediatiko eta sozialen xede dira legeok, besteak beste, ikasturte batetik bestera igarotzeko prozesuan dituzten aldaketengatik— baita irakasgaiak gainditu gabe ere—, bai eta ebaluazio-modu berriengatik ere, zeinak bideratuagoak baitaude gaitasunak eskuratzera.
Revoluación izeneko zure blogaren azpitituluak honela dio: “hezkuntza-ebaluaziora irekitako leiho bat, hura ulertzeko modu berrietara zuzendua”. Zein dira forma berri horiek?
Badaramagu denbora-puskatxo bat hezkuntza-ebaluazio "berriarekin"; Bolognako Prozesuarekin batera egindako curriculum aldaketez geroztik, esango nuke nik. Orduan, lortu beharreko gaitasunez, ezarri beharreko irakaskuntza-modalitate eta -metodologiez eta erabili beharreko ebaluazio-estrategiez hitz egiten zuen Oviedoko Unibertsitateko Mario de Miguelek. Irakasteko modua aldatu egiten bada, ebaluatzeko tresnak ere aldatu egin behar dira. Laburbilduz, hiru puntu nabarmenduko nituzke ebaluazioaren eraldaketari dagokionez: I) prestakuntza-ebaluazioa, hau da, ikaslearen aurrerapena eta ezagutzak maiz eta modu interaktiboan ebaluatzea, irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuaren hobekuntzan eragiteko; II) ebaluazioak partaidetza- eta gardentasun-prozesua izan behar du; eta III) curriculumak eta ebaluazioak bat etorri behar dute.
Bihar, ‘Gaitasunen ebaluazioa LOMLOEren esparruan’ gaiaz hausnartuko duzu Bilboko Hezkuntza Fakultatean. Aurreratuko al diguzu hor landuko duzunari buruzko zerbait?
Saiatuko naiz azaltzen, batetik, zer den gaitasun bat, hau da, testuingurura egokitutako ezagutzaren, gaitasunen eta jarreren konbinazioa, eta, bestetik, zergatik diren giltzarri gaitasunok. Pertsona guztiek errealizazio eta garapen pertsonalerako, herritartasun aktiborako, gizarteratzeko eta enplegurako behar dituztenak dira gaitasun giltzarriak. Eta, beraz, ikaskuntza horrela ulertzeak ebaluatzeko modua aldatzen du.
«LOMLOEren bidez, ikasleek ezagutza- eta trebetasun-errepertorioa eraginkortasunez eta efizientziaz erabiltzeko duten gaitasuna ebaluatu nahi da»
Zure ustez, 2020tik indarrean dagoen Celaá edo LOMLOE legeak hobekuntza esanguratsuak ekarri ditu aurreko ereduarekiko (LOMCE)?
Bai. Adibide grafiko bat jarriko dizut: DBHko 4. mailako Biologia eta Geologia ebaluatzeko irizpideen aldaketa;
LOMCE: Zelula prokariotoen eta eukariotoen egituran dauden antzekotasunak eta desberdintasunak zehaztea, haien arteko erlazio ebolutiboak interpretatuz.
LOMLOE: Galderak ebaztea eta alderdi biologikoetan eta geologikoetan sakontzea, hainbat iturritako informazioa aurkituz, hautatuz, antolatuz eta kritikoki aztertuz eta jabetza intelektuala kontuan harturik aipatuz.
Nabariak dira desberdintasunak. LOMLOEren bidez, ikasleek ezagutza- eta trebetasun-errepertorioa eraginkortasunez eta efizientziaz erabiltzeko duten gaitasuna ebaluatu nahi da. Ikusten denez, ezagutza ez da desagertzen, askok hitz-erdika adierazi duten bezala.
Ebaluatzea prozesu konplexua da.
Ebaluatzea prozesu konplexua da, bai. Prozesu horretan sartzen da ikasleek ikasteko moduari buruzko informazioa identifikatzea, biltzea eta aztertzea, eta, gero, balio-iritzi bat ematen da, erabakiak hartzeko aurrez ezarritako irizpide batzuetan oinarrituta. Balio-iritzi horretan, ez da sartzen nahitaez kalifikatzea, hots, lortutako maila zehaztea, ez kuantitatiboki, ez kualitatiboki. Hau da, kalifikazioa ebaluazio-prozesuaren parte izan daiteke, baina ez alderantziz.
«Ikasleen errendimenduan duen eraginkortasunaren arabera, errepikatzea 256 neurrietatik 250.a da»
LOMLOEri buruzko aurreiritzi batzuk desmitifikatu behar dira, beraz. Legearen kritikoek diote LOMLOEren arabera lehen hezkuntzan ikasturte bikoitiak bakarrik errepika daitezkeela, baina bigarren hezkuntzan, aldiz, mailaz igotzen dela automatikoki gutxiegi batekin edo birekin.
Lehengo LOMCEn ere bi irakasgai gainditu gabe mailaz igo zitekeen; hori ez da eztabaida. Eta Lehen Hezkuntzan ikasturte bikoitiak errepika daitezke LOGSErekin (1990) sartutako zikloen sistemara itzuli garelako. Legeari egindako kritika batzuek hezkuntzari buruzko zigor-ikuskera erakusten dute: ikasi nahi ez duenak errepika dezala. Ikasturtea errepikatzea beharrezkoa dela defendatzen jarraitzen dutenentzat, zenbait lan zientifikok, hala nola John Hattierenak, 256 neurri ordenatzen dituzte, ikasleen errendimenduan duten eraginkortasunaren arabera. Errepikatzea 256 neurrietatik 250.a da (ondoren, gor geratzea, eskolaz aldatzea, depresioa, zigor fisikoa edo ADHN izatea daude soilik).
Laburbilduz, ebidentzia zientifikoek eta beste herrialde batzuetako praktikak ematen dituzten datuen arabera (esaterako, Ingalaterran ez da errepikatzen), bai eta urte hauetan institutuan izan dudan esperientziaren arabera ere, uste dut arrakastarako askoz aukera gehiago dituela ez errepikatzeak.
Jose Antonio Marina filosofo eta pedagogoak beti esaten du buruz ikasten ez dena ez dela ikasten. Egia da hori?
Azkenean, dena buruz ikasten da, hori argi dago. Edo, hobeto esanda, memoria ikaskuntzaren berezko osagaia da. Baina dena ikasi behar al da buruz? Ez al da garrantzitsuagoa problemak ebazteko ezagutza aplikatzen jakitea?
Azken 40 urte hauetan 8 hezkuntza-lege izan ditugu. Nola eragiten dute legearen etengabeko aldaketek hezkuntza-sisteman? Zorabiagarria izan behar du ikastetxeentzat eta irakasleentzat.
Irakasleak eta hezkuntza-komunitatea hezkuntzarekiko konpromisoa galtzen ari dira nolabait, ez dutelako ulertzen gorabehera azkar horien zergatia. Gustatuko litzaidake alderdi politikoak gutxieneko batzuetan ados jartzea eta lege partizipatiboagoak izatea, hainbat eragilek parte har dezaten, hala nola sindikatuek edo irakasleek. Gainera, egindako aldaketak denbora-tarte zentzuzko batean probatu beharko lirateke, esperimentatzeko, aldaketak dekretu bidez egin daitezen itxaron gabe. Eraldaketa batek, ez erreforma huts batek, joko-eremuan esperimentatzeko denbora-tarte bat eskatzen du.
Irakasleak kexu dira ikasleek errespetua galdu omen dietelako. Lehen, agian, agintariarekiko errespetua itsua zen. Orain, berriz, kontrakoa?
Ez da horrenbesterako. Lehen autoritatea autoritarismoarekin nahasten zen. Orain beste garai batzuetan bizi gara. Nik neuk institutu publiko handi samar batean egiten dut lan irakasle gisa, 1.600 ikaslerekin eta, oro har, ez dut autoritatearekiko errespetu faltarik nabaritzen. Beste arazo batzuk ikusten ditut: ikasle-ratio oso altuak, ez dutenak aukerarik ematen ikaskuntza pertsonalizatzeko eta hezkuntza-inklusioko neurriak aplikatzeko.