euskaraespañol

Jatorri nutrizionaleko anemietarako gidaliburu praktikoa

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2022/03/30

Ezkerretik eskuinera, Saioa Gómez-Zorita, María Teresa Macarulla, María Puy Portillo eta Jenifer Trepiana. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzuak ‘Jatorri nutrizionaleko anemietarako gidaliburu praktikoa’ argitaratu du, jatorria nutrizioan duten anemiak prebenitzeko eta tratatzeko tratamendu dietetikoari buruzko informazio erabilgarria eta praktikoa ematen duen eskuliburua. Saioa Gómez-Zorita, Jenifer Trepiana, María Puy Portillo eta María Teresa Macarulla aritu dira gidaliburua lantzen. Farmazia eta Elikagaien Zientzien Saileko Nutrizio eta Obesitate Taldeko ikertzaileak dira laurak, eta Carlos III.a Osasun Institutuko Obesitatearen eta Nutrizioaren Fisiopatologiako CIBEReko kideak.

Anemia egoera patologiko bat da, oxigenoa biriketatik ehun guztietara garraiatzeko beharrezkoak diren globulu gorrien eta/edo hemoglobinaren kopurua odolean gutxitzea duena bereizgarri. Globulu gorriak ekoitzi ahal izateko, hainbat mantenugai behar bezala hartu eta aprobetxatu behar dira. Horregatik, anemia askoren jatorria gabezia nutrizional bat edo batzuk izaten dira, eta "anemia nutrizionalak" deitzen zaie halakoei. Anemia horiek, neurri batean bederen, dieta egokien bidez prebeni eta trata daitezke, odoleko zelula horien eta haien hemoglobinaren eraketan zuzenean parte hartzen duten mantenugaiak ematen dituzten heinean.

Gidaliburu honen helburua gizartean ohikoenak diren anemia nutrizionalei buruzko informazioa ematea da, eta arreta berezia eskaintzen die haien tratamendu dietetikoari, mantenugai horien aprobetxamendua hobetzeko gomendatutako sukaldaritzako teknikei eta halakoak pairatzen dituzten pertsonentzako oinarrizko gomendioei. Horrez gain, profesional sanitarioei zuzendutako hainbat eranskin ditu, anemia nutrizionalen arteko diagnostiko berezitua egiten laguntzeko asmoz.

Gidaliburua, erraz irakurtzeko dokumentua denez eta ebidentzia zientifikoetan oinarrituta dagoenez, herritarrei oro har eta osasunaren arloko profesionalei zuzenduta dago, egileen esanetan. Hala eta guztiz ere, gidaliburuaren asmoa ez da paziente bakoitzak langile sanitarioen eskutik jaso behar dituen gomendio kliniko indibidualizatuak ordeztea.