euskaraespañol

Eguneko irudia

Jardunaldia: 'Adierazpen-askatasuna aztergai UPV/EHUren 2022ko Giza Eskubideen Nazioarteko Batzarrean'

  • Ekitaldia

Noiz eta non

2022/04/06, 18:00

Kokapena

Euskalduna Jauregia
Abandoibarra 4. -48011- Bilbao (Bizkaia)

Deskribapena

Datorren asteazkenean, apirilaren 6an, emango zaio hasiera Giza Eskubideen Nazioarteko II. Batzarrari, Iñigo Urkullu lehendakaria, Eva Ferreira Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea eta Jon Mirena Landa Giza Eskubideen eta Botere Publikoen UPV/EHUko Unesco Katedraren zuzendaria bertan direla. UPV/EHUko Katedrak eta Eusko Jaurlaritzak antolatu dute ekitaldia. Aurtengo edizioa, adierazpen-askatasunaren errealitatea eta erronkak aztertuko dituzte Batzarrean, nazioarteko adituen parte-hartzearekin. Bi urtez behingo hitzordua, pandemiaren ondorioz atzeratu zena, apirilaren 6tik 8ra egingo da Bilboko Euskalduna jauregian.

Adierazpen-askatasuna estatu demokratikoaren giltzarri gisa aztertuko dute; izan ere, puri-purian dagoen gaia da. 300 bat lagunek eman dute izena ekitaldian parte hartu eta gaia aztertzeko. Gainera, hamaika hizlari eta zazpi moderatzaile izango dira partaide. Munduko egungo testuinguru tirabiratsuan, adierazpen-askatasunak aurrean dituen erronkak eta mehatxuak izango dituzte aztergai izena eman dutenek eta hizlariek.

Nazioarteko adituak

Lehen mailako nazioarteko adituak bilduko dira Batzarrean. Horietako bat da Fionnuala Ní Aoláin, NBEren errelatore berezia terrorismoaren aurkako borrokan giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak sustatzeko eta babesteko esparruan. Terrorismoaren eta estremismoaren aurkako borrokaren testuinguruan adierazpen-askatasunari jartzen zaizkion mugak izango ditu hizpide.

Hasierako eta bukaerako saioez gain, Batzarraren barruan hiru saio berezi egingo dituzte gai nagusia ardatz hartuta. Hala, Daniel Gamper eta Tatjana Hörnle adituen hitzaldien eskutik helduko diote partaideek «Adierazpen-askatasuna eta XXI. menderako erronkak» aztergaiari. Gamper Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakaslea da, eta Hörnle, berriz, Krimena, Segurtasuna eta Zuzenbidea Aztertzeko Friburgoko Max Planck Institutuko zuzendaria. «Adierazpen-askatasuna Europan eta Amerikan» gaiaren inguruan mintzatuko dira Josep Casadevall Giza Eskubideen Europako Auzitegiko presidenteorde ohia eta Catalina Botero Giza Eskubideen Amerikako Batzordeko adierazpen-askatasunerako errelatore berezi ohia. Eta hirugarren saio berezian «Adierazpen-askatasuna, gorroto-delituak eta terrorismoaren apologia» aztertuko dituzte Bárbara Perry eta Manuel Cancio adituek. Perry Gorroto, Diskriminazio eta Estremismoari buruzko zentroko zuzendaria da Ontarioko Unibertsitate Teknologikoan (Kanadan), eta Cancio Zigor Zuzenbideko katedraduna Madrilgo Unibertsitate Autonomoan.

Itxiera-ekitaldia hasteko, Martin Scheinin adituak, terrorismoaren aurkako borrokan giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak sustatu eta babesteko esparruko errelatore berezi ohiak, «Adierazpen-askatasuna eta terrorismoaren erronka aro digitalean» hitzaldia eskainiko du. Batzarrari bukaera emateko, Irene Khan iritzi- eta adierazpen-askatasunerako eskubidea sustatu eta babesteko esparruko errelatore berezia arituko da hizlari.

Emakumeek zuzentzen duten Khabar Lahariya komunikabidearen esperientzia

Egitarau zabalaren barruan proiektu interesgarriak ezagutzeko aukera izango da, horien artean, Chambal Mediako zuzendaria den Priya Thuvasseryk eta Khabar Lahariyako sortzaileetako bat den Kavita Bundelkhandk aurkeztuko dutena Emakumeek zuzentzen duten komunikabidea da Khabar Lahariya eta tokiko eta munduko berriak zabaltzen ditu Indiako nekazaritza-eremuetan eta urrutiko lekuetan. Emakume autodidaktek osatzen dute berriemaileen sarea, eta 5 milioi pertsonako audientzia du. Inaugurazio-ekitaldian zehar jasoko dugu horren berri.

Parte-hartzea

Aurreko edizioen ildo beretik, parte hartzeko batzarra izango da, eta izena eman duten lagunek proposamenak eta ekimenak aurkezteko aukera izango dute. Aurten, gainera, hiru modutan egin dezakete: kartelen, komunikazioen eta sinposioen bidez. Parte hartzeko aukera horiei esker, berrehun ekarpen baino gehiago jaso dira. Horien artean onenak eta interesgarrienak sarituko dituzte itxiera-ekitaldian.

Batzarrari buruzko informazio osoa:

Egitaraua – Giza Eskubideen Nazioarteko Batzarra (humanrightscongress.org)