UPV/EHUko Prebentzio Medikuntza eta Osasun Publikoa Saileko ikertzaile batek INMA proiektuari lotuta berriki argitaratutako ikerketa baten arabera, haurdunaldian amek aire-poluitzaileekiko (PM2.5 eta NO2) izandako esposizioak haurrengan eragina du, jaio eta lau urtera ere. Eragin hori memorian, hizkeran eta kognizio orokorrean atzeman dute batez ere, eta mutikoengan handiagoa dela ohartu dira. Nolanahi ere, kaltea txikia dela ikusi dute.
Jaio eta 4 urtera, haurdunaldian arnastutako kutsatzaileek mutilengan bakarrik dute eragina
13 urteren ondotik, INMA proiektuarekin darrai UPV/EHUk, eta, orain haurdunaldiko aire-kutsatzaileen kaltea aztertu du 4 6 urteko umeetan
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2019/07/05
Jakina da aire-kutsadurak osasunari kalte egiten diola. Nitrogeno dioxidoak (NO2) eta 2,5 mikra baino gutxiagoko partikulek (PM2.5), zehazki, giza osasunaren hainbat alderdiri eragiten diote, hala nola sistema kardiobaskularrari edo arnas aparatuari, bai eta fetuen garapenari ere, oxidazio-estresa sorrarazten baitute eta partikula eta substantzia batzuk neurotoxikoak baitira.
UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza FakultatekoPrebentzio Medikuntza eta Osasun Publikoa Saileko Aitana Lertxundi Manterola ikertzailea 2006. urtetik ari da INMA (Haurtzaroa eta Ingurumena) proiektuan lanean, non PM2.5-ek eta NO2-ak emakume haurdunengan eta haien ondorengoengan duten eragina aztertzen baitute: “Estatu-mailako proiektu bat da, jarraipen-azterketa bat. Emakume haurdunekin hasi ginen, haurdunaldian izan zuten aire-kutsatzaileekiko esposizioak haien garapen fisikoan zer eragin zuen aztertzeko. Eta ondoren hasi ginen haurdunaldiko esposizioak jaiotako umeen garapen fisikoan eta neuropsikologikoan zuen eraginaren jarraipena egiten. 13 urte daramagu horretan”, azaldu du Ingurumen-epidemiologiako doktoreak.
Aurretik egindako azterketetan kutsatzaileek jaioberrietan eta 15 hilabeteko haurretan zuten eragina izan zuten aztergai. Oraingoan, berriz, “haurrek 4-6 urte zituztenean sortu aurretik bi kutsatzaile horiekiko izan zuten esposizioak haien garapen kognitibo eta motorrean eraginik izan ote zuen aztertu dugu”, argitu du Lertxundik. INMA proiektuan sartuta dauden hiru eskualde hauetako datuak izan dituzte aztergai: Gipuzkoako Goierri, Valentzia hiria eta Sabadell.
Kutsadura, mutilentzat kaltegarriagoa
Aurreko azterketa batean, 15 hilabeteko haurrekin egindakoan, ikusi zuten edoskitzeak babestu egiten zituela haurrak bi kutsatzaile horiek eragindako estresetik. “Oraingoan, berriz, ez dugu aurkitu jaioberritan izandako edoskitzeak inolako babesa ematen dienik 4-6 urteko umeei”, gaineratu du.
Bestalde, ikerketaren emaitzek “agerian utzi zuten, oro har, bi kutsatzaile horiek oso eragin txikia dutela alderdi kognitiboetan, emaitzak ez baitziren izan estatistikoki esanguratsuak. Alabaina, emaitzak sexuaren arabera banatu genituenean, konturatu ginen kutsatzaileek eragin handiagoa zutela mutilengan, eta zenbait alderditan eragina estatistikoki esanguratsua ere bazela, hala nola memorian eta hizketan”, zehaztu du Lertxundik.
Sexuaren araberako desberdintasun hori ikusita, ikertzaileek uste dute sakonago aztertu beharko litzatekeela mutilek substantzia neurotoxikoekiko duten sentikortasun handiago hori. “Baliteke tiroidearekin lotuta egotea, hau da, hormonala izatea. Arratoiekin egindako ikerketa batzuetan ere hauteman dute desberdintasun hori, eta aire-kutsatzaileak ez diren beste toxiko batzuekin ere bai”, dio, bukatzeko.
Informazio osagarria
UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Prebentzio Medikuntza eta Osasun Publikoa Sailekoa izateaz gain, Aitana Lertxundi Manterola Biodonostia Institutuko ikertzailea, eta Epidemiologiako eta Osasun Publikoko Ikerketa Biomedikorako Sareko Partzuergoko (CIBERESP) kidea ere bada. Bi erakunde horietako beste ikertzaile batzuekin elkarlanean egin dute aipatutako ikerketa.
Erreferentzia bibliografikoa
- Prenatal exposure to PM2.5 and NO2 and sex-dependent infant cognitive and motor development
- Environmental Research (2019)
- DOI: 10.1016/j.envres.2019.04.001