Jacinto Iturbe irakasleak CAF-Elhuyar merezimendu saria eskuratu du
Mattin Urbieta Galarraga, Iñaki Sanz Azkue, Aitor Garmendia Etxeberria eta Jon Sánchez Carrasco UPV/EHU alumni-ak ere sarituak izan dira azken edizioan
- Kronika
Lehenengo argitaratze data: 2023/05/05
Jacinto Iturbe Barrenetxea irakasleak (Bilbo, 1951) CAF-Elhuyar merezimendu saria lortu berri du. Euskararen normalizazioan eta zientzia eta teknologiaren dibulgazioan nabarmendu diren pertsonak omentzea du helburu, Elhuyar Fundazioaren Patronatuak ematen duen sari horrek. Hain zuzen ere, Iturbek euskara zientzia unibertsitatearen eremuan zabaltzeko egindako lan eskerga eta zientziaren dibulgazioan egindako ekarpen aparta nabarmendu ditu epaimahaiak. UPV/EHUko Kimikako doktore, jubilatu arte, Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakaslea izan da eta ikastegi horretan euskaraz irakasten hasi zirenetako bat. Euskara errektoreordea ere izan zen eta 2006tik euskaltzain urgazlea da.
Elhuyarrek CAF enpresarekin batera eta NEIKERen babesarekin antolatzen duen lehiaketa honetan, UPV/EHUko lau alumni ere sarituak izan dira: Mattin Urbieta Galarragak, Fisikako gradua eta Nanozientziak masterra egin dituenak, egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluaren saria eskuratu du, ‘Elektroiekin dantzan nanoeskala argitzeko’ lanari esker; Zientzia-kazetaritza kategorian, Iñaki Sanz Azkue biologoaren ‘Dragoi txiki bat egongelako horman’ lana izan da saritua; eta lehen sektoreko lanak saritzeko helburua duen NEIKER saria Aitor Garmendia Etxeberria kazetariarentzat izan da, ‘Aralar, balioen eta interesen aniztasuna parke natural batean’ lanari esker. Azkenik, sorkuntza-bi beketako bat lortu du Jon Sánchez Carrascok, Ikus-entzunezko Komunikazioan titulatuak, ‘Semiosi-genesi’ proiektua gauzatzeko.