Itziar Laka, Eusko Ikaskuntza-LABORAL Kutxa Sariaren irabazlea
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2024/05/20
Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxaren Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien 2024ko Saria jaso du Itziar Laka Mugarzak, Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Saileko katedradunak. Gaur egun, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko Errektoreordetzako Euskara Sustatzeko zuzendaria da. Musikeneko ordezkariek, Eusko Ikaskuntzaren eremu geografikoko zazpi unibertsitateetako ordezkariek eta Eusko Ikaskuntza eta LABORAL Kutxako ordezkariek osatu dute epaimahaia. Horiek, euskara garatzeko eta konpetentzia linguistikoen mekanismoetan sakontzeko egindako ekarpen berritzaile garrantzitsuak eta irismen handikoak nabarmendu dituzte. Epaimahaikideen ustez, “maila zientifiko gorenaren adibide handia da, baita gazteen artean ere, metodologia berritzaileak eta puntako ikerketak erabiltzen baititu euskararekin lan egiteko, gaur egun garrantzi handia duten eremuetan”.
2010ean sortu zuen lehenengo ikertaldea, hizkuntzalaritza esperimentalera eta neurolinguistikara bideratuta. Ikertzaile nagusia izan da EAEko, Estatuko eta nazioarteko hainbat proiektutan, eta hizlari gisa parte hartu du Estatuko eta nazioarteko kongresuetan, hizkuntzalaritzaren arloan. Halaber, irakasle gisa duen esperientzia dela eta, hainbat herrialdetako unibertsitateetan eman ditu eskolak.
Lan akademikoaz eta ikerketa lanaz gain, Itziar Lakak lan izugarria egiten du zientzia eta kultura zientifikoa hedatzeko. Zentzu horretan, epaimahaiak aipatu duenez, “elebitasunaren gainean egon izan diren mito batzuk baztertu ditu ebidentzia zientifikoen bidez eta, hala, euskarari ez ezik, hizkuntzalaritzari ere ekarpen argia egin dio”.
Ibilbide akademikoa
Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Saileko katedraduna eta Euskal Herriko Unibertsitateko Gogo Elebiduna ikertaldearen zuzendaria. 1990ean doktoratu zen MITen, honako tesiarekin: Negation in Syntax: On the Nature of Functional Categories and Projections (Garlanden argitaratua 1994an). Hizkuntzalaritzako irakaslea izan zen University of Rochesterren (New York), 1990 eta 1995 artean. Irakasle gonbidatua izan da Vienako, Utrechteko, Napoliko eta Rio de Janeiroko unibertsitateetan, eta ikertzaile egoiliar gonbidatua izan da Netherlands Institute for Advanced Study in Humanitiesen (NIAS) eta Ortega y Gasset Unibertsitate Institutuan (Madril), beste batzuen artean. Jakiunde Zientzia, Arte eta Letren Akademiako kidea da, eta Euskaltzaindiako euskaltzain urgazlea. Haren ikerketak psiko/neurolinguistikaren hizkuntzalaritza teorikoa eta metodologia esperimentala konbinatzen ditu, hizkuntzaren adierazpena eta konputazio neurala aztertzeko; batez ere, sintaxian eta elebitasunean zentratuta.