euskaraespañol

Gaurko irudia

Itziar Laka, Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa 2024 Saria, ikerketa linguistikoagatik

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2024/07/19

Itziar Lakak Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxaren Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien 2024ko Saria jaso du Imanol Pradales lehendakaria egon den ekitaldian.

Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxaren Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien 2024ko Saria jaso du Itziar Laka Mugarzak gaur goizean, Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Saileko katedradunak. Gaur egun, Euskal Herriko Unibertsitateko Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko Errektoreordetzako Euskara Sustatzeko zuzendaria da.

Bilboko Azkuna Zentroan izan da gaur Eusko Ikaskuntza– LABORAL Kutxa Sariak emateko ekitaldia. Sariak 1995etik Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzietako curriculum onenak aintzatesten ditu, eta 2019tik aurrera gazteek aurkeztutako sorkuntza- edo ikerketa-proiektuak ere bai. 2024ko edizioan, Itziar Laka UPV/EHUko hizkuntza-ikertzailea eta Maite Aizpurua eta Garazi Navas sortzaileak saritu dituzte.

Laboral Kutxako Presidente Adolfo Plazak berretsi egin du erakundeak sariari emandako babes osoa, eta eskerrak eman dizkie erakundeei eta hori posible egin duten pertsonei. Hain zuzen ere, sariaren hogeita hamargarren edizioa duen honetan eskaini du hitzaldia lehenengoz saria emateko ekitaldi batean. Hala, Itziar Lakari buruz, “pertsona irekia, ekintzailea, kolaboratzailea eta gure hizkuntzaren etorkizunarekin konprometitua” dela nabarmendu du Plazak, eta, aldi berean, erreferente handia dela mundu mailako ikertzaile profesionalentzat eta, bereziki, euskal gazteentzat. Bestalde, Adolfo Plazak Gazte Saria jaso duten emakumeen prestakuntza zabala azpimarratu du, eta etorkizun oparoa izango dutela iragarri die, aitortza hori euren karreretarako pizgarri izateko desioa agertzearekin bat.

Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako Lehendakariak Itziar Laka sarituaren bi ideia aipatuz hasi da: hitzak gurekin jaiotzen direla, eta hizkuntza oraindik argitu gabeko misterioz betetako fakultatea dela, duela lau hamarkada ikertzen hasi zen misterioaz. Halaber, Ana Urkizak Euskal Herriko Unibertsitateko katedradunaren ibilbidea eta izaera laburbildu ditu gainditu dituen bost erronken bidez: bide berrietatik ibiltzea, lanari beste era batera heltzea, bere herrialdera itzultzea kanpoan hasitako lanari jarraipena emateko, proiektu berritzaile baten inguruan ikerketa talde bat osatu eta mantentzea, eta ahalegin horren guztiaren emaitza norberarena dela aitortzea. Hala, Itziar Lakari zuzendu zaio, eta saria aitorpen pertsonal eta berezi gisa onartzeko eskatu dio.

Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa 2024 Saria CV nabarmenari ematen dion diploma eskuan zuela, Itziar Lakak hartu du hitza. Esker oneko hitzen artean, leku berezia izan dute berak zuzentzen duen Gogo Elebiduna ikerketa taldea osatzen duten kideek. Gure gizartean euskararen, hizkuntzaren eta elebitasunaren ikerketak estrategikoa izan behar duela aldarrikatu, eta unibertsitateak daukan erabateko garrantzia azpimarratu du, unibertsitatearen zioa ezagutza sortzea eta zabaltzea delako, hiritarren jakintza etengabe eguneratuaz.

Ana Ollo Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariordeak eta Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak amaiera eman diote ekitaldiari.

Ibilbide akademikoa

Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Saileko katedraduna eta Euskal Herriko Unibertsitateko Gogo Elebiduna ikertaldearen zuzendaria. 1990ean doktoratu zen MITen, honako tesiarekin: Negation in Syntax: On the Nature of Functional Categories and Projections (Garlanden argitaratua 1994an). Hizkuntzalaritzako irakaslea izan zen University of Rochesterren (New York), 1990 eta 1995 artean. Irakasle gonbidatua izan da Vienako, Utrechteko, Napoliko eta Rio de Janeiroko unibertsitateetan, eta ikertzaile egoiliar gonbidatua izan da Netherlands Institute for Advanced Study in Humanitiesen (NIAS) eta Ortega y Gasset Unibertsitate Institutuan (Madril), beste batzuen artean. Jakiunde Zientzia, Arte eta Letren Akademiako kidea da, eta Euskaltzaindiako euskaltzain urgazlea. Haren ikerketak psiko/neurolinguistikaren hizkuntzalaritza teorikoa eta metodologia esperimentala konbinatzen ditu, hizkuntzaren adierazpena eta konputazio neurala aztertzeko; batez ere, sintaxian eta elebitasunean zentratuta.