euskaraespañol

Eguneko irudia

Padurak, Urdaibaiko kultur paisaia

Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Aranzadi Zientzia Elkartearen arteko lankidetzaren emaitza da ‘Itzak: Urdaibaiko kultur paisaia’ liburua

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2023/12/04

Josu Narbarte eta Eneko Iriarte
Josu Narbarte eta Eneko Iriarte | Argazkia: Fernando Gómez. UPV/EHU.

Urdaibaiko paisaiaren analisia aurkezten du lanak, gizartearen eta ingurumenaren arteko harremanen emaitza gisa, eta historian zehar gertatzen joan diren aldaketak kontuan hartuta. Bilakaera horren baitan, bereziki, padurak aztertu dituzte, garrantzi berezia baitute Bizkaiko eremu horretan.

Urdaibaiko herrietako biztanleentzat eguneroko bizimoduaren parte dira itsasadarra eta bertako paisaia: ur gazia eta geza, hareatzak, marearen erritmora estaltzen edo agertzen diren padurak. Padura horiek herri lurrak izan dira Erdi Arotik, eta hainbat baliabide ustiatu izan dira, hala nola ganaduen bazka edo ihi bilketa. Dena den, XVII. eta XIX. mendeen artean egoera aldatu egin zen eta, eremua pribatizatzearekin batera, eskala handiko drainatze lanak egin ziren. Hala, munaz edo dikez (polderrak) itxitako eremuak eratu ziren, nekazaritzarako. “Orain padurak dauden lekuan, nekazaritzako eremu aberatsak egon ziren. Hori dela eta, eremu horiekin lotutako hitz batzuk gordeta geratu dira eskualdeko memoria kolektiboan (‘itzak’ edo ‘itsasoak’, ‘munak’ edo ‘lubanak’). Antzinako biztanleek inguru zail batera egokitzeko egindako lana eta garatutako ezagutza erakusten dituzte hitz horiek”, aipatu dute liburuaren egileek.

Bizitzeko era hura desagertzen joan da. Gaur egun biztanle oso gutxik lan egiten dute lehen sektorean Urdaibain, eta horrek eragina izan du paisaiaren itxuran. Baserriak eta soroak uzten joan dira eta, horren ordez, hezeguneetako jatorrizko ekosistemak berreskuratu dira; bereziki, eremua Biosfera Erreserba eta Natura 2000 Sareko Babes Bereziko Eremu izendatu ondoren. “Apustu horren onurak nabarmenak dira, bai biodibertsitateari dagokionez, bai ingurumenaren kalitateari dagokionez. Baina, aldi berean, iraganeko paisaia horien aztarnak ezabatzen joan dira, eta horien gaineko memoria ezabatzen joan da; hala, betirako galdu da gure kultur ondarearen zati bat”, nabarmendu dute ikertzaileek.

Erriberak proiektua

Historiaren zati hori berreraikitzea izan zen Erriberak ikerketa proiektuaren helburuetako bat. 2000. urtean garatu zuten proiektua Euskal Herriko Unibertsitateak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zentroarekin elkarlanean. Lan emankorra izan zen, eta tokiko gizartearen eta ingurumenaren arteko interakzioak berreraikitzeko aukera eman zuen. Lan haren emaitza gisa, ‘Itzak: Urdaibaiko kultur paisaia’ liburua argitaratu da, Josu Narbarte eta Eneko Iriarte ikertzaileek egina. “Gaur egun ikusten dugun paisaia hobeto ulertzen laguntzeaz gain, lanaren bidez forma eman zioten gizon eta emakumeen ekarpena aitortzea da liburuaren helburua, belaunaldiz belaunaldi eremu horrekiko maitasuna helarazi baitziguten horiek”, nabarmendu dute egileek.

Liburua hamar ataletan banatuta dago. Lehenengo lau atalak orokorrak dira. Hala, kultur paisaia eta haren inguruko ikerketa arkeologikoa egiteko oinarri metodologikoak definitzen dira lehenengo atalean. Bigarren atalean Urdaibaiko paisaiaren bilakaera diakronikoa marrazten da, iturri dokumentaletan eta erregistro materialean oinarrituta. Hirugarren atalean paisaia horretako eremu bereizgarri bat aztertzen da: padurak. Laugarren kapituluan, Erdi Aroan zehar hezegune horietan eraiki ziren polderren berri ematen da, eta Europa atlantikoaren testuinguruan kokatzen du prozesu hori. Hurrengo bost ataletan, eskualdeko udalerrietako kasuak aztertzen dira, banaka: Busturia, Murueta, Forua, Kortezubi eta Gautegiz Arteaga. Kasu bakoitzean, artxiboko iturriez eta egungo lur estaldurez gain, 1949an eratutako katastro zaharra transkribatzea proposatzen da, polder horiek egin zituzten azken biztanleen memoria jasotzeko. Eta, azkenik, Urdaibaiko paisaiak kultur ondare gisa duen balioari buruz hausnartzen du hamargarren kapituluak.

Parte hartu duten udaletxe guztietan eskura daiteke liburua (Busturia, Murueta, Forua, Kortezubi eta Gautegiz Arteaga). Gainera, Aranzadi Zientzia Elkartearen standean salgai egongo da 2023ko Durangoko Azokan zehar.

Egileei buruzko informazioa

Josu Narbarte

Arkeologoa da, Euskal Herriko Unibertsitateko doktorea, eta Aranzadi Zientzia Elkarteko Arkeologia Saileko kide aktiboa. Haren ikerketa ildo nagusia kultur paisaien bilakaera da, hau da, gizarteen eta ingurumenaren arteko interakzioen emaitza. Zentzu horretan, diziplina arteko ikuspegia du, eta hainbat informazio iturri konbinatzen ditu: erregistro arkeologikoa, lurzoruen analisia, artxiboetako dokumentuak, ahozko memoria, toponimia... Hala, hainbat ikerketa zuzendu ditu, hala nola euskal baserriei lotutako nekazaritza paisaiari, Pirinioetako artzaintza paisaiari edo Ebroko haraneko mahastiei buruzkoak. Azken urteetan kostaldeko kultur paisaiak ikertzen ari da, Eusko Jaurlaritzak babestutako Erriberak proiektuaren barruan.

Eneko Iriarte

Euskal Herriko Unibertsitateko Geologiako doktorea da. Horrez gain, Burgosko Unibertsitateko 'Evolución Humana' masterreko irakaslea da, eta unibertsitate horretako IsoTOPIK Istopo Egonkorren Laborategiko arduradun zientifikoa. Gainera, Aranzadi Zientzia Elkarteko Geologia Saileko kide aktiboa da. Kuaternarioko sedimentuetako erregistroetan oinarrituta, paleoingurumenaren berreraikuntzan eta ingurumenaren eta gizakiaren arteko interakzioan zentratzen da haren ikerketa ildo nagusia. Horretarako, geologiaren eta arkeologiaren arteko zubiak eraikitzen saiatzen da eta, askotan, hainbat garai eta problematikatako proiektu arkeologikoetan parte hartzen du, denboran zehar aldaketa kulturalek ingurumenean izan duten inpaktua ezagutzen saiatzeko.